Marisol Cuenca

"Legea betetzea eta praxi on bat egitea oso zaila izaten ari da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko api. 5a, 08:00

Marisol Cuenca Albaitarien Elkargoko Zuzendaria azken mobilizazioan. Argazkia: ALBAITARIENELKARGOA

Antibiotikoak agintzeko ezarri dizkieten mugak gehiegizkoak direla uste dute albaitariek. Legea aldatzeko eskatu diote gobernuari.

Espainiako Gobernuaren  666/2023 Errege Dekretua albaitarien eguneroko jarduera zailtzen ari dela esan du Marisol Cuenca Arabako Albaitarien Elkargoko zuzendariordeak. Iragan astean elkarretaratzea egin zuten albaitariek. "Ez gaituzte lehen mailako osasun langile gisa tratatzen".

Martxoaren 26an protesta deitu zenuten Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaren aurrean. Besteak beste, antibiotikoen preskripzioari buruzko araudi berria kritikatu duzue. Zergatik?

Antibiotikoak agintzearen inguruko dekretua izan da azkena, baina hori edalontzia bete duen tanta izan da. Gaia atzetik dator.

Non dago arazo nagusia?

Medikamentuen inguruko lege bat dago, duela hamar urte berrikusi zutena, Albaitaritzako Medikamentuaren Berme Legea. Bada, esan dezakegu lege hori betetzea eta aldi berean praxi on bat egitea zaila dela eguneroko gure jardueran.

Zergatik?

Legearen oinarria da albaitariok batez ere farmakoen erabilera orrian oinarritutako botikak bakarrik agindu eta onartu behar ditugula.

Ez da zuzena horrela egitea?

Asko mugatu digute zer farmako erabil genitzakeen eta zeintzuk ezin ditugun erabili, eta, gainera, hori zigor batzuekin lotuta dago. Gure lana ondo egitea, hau da, jardunbide egokia egitea eta, aldi berean, legea betetzea zaildu egiten zaigu egunez egun. Laborategi batek, farmako bat ateratzen duenean, azterketa batzuk egiten ditu gaixotasun baterako edo bi edo hirurako, direnak direla, eta espezie baterako edo bi edo hirurako; ondoren jasotzen du zertarako balio duen farmakoak, dosiak, emateko maiztasuna eta abar. Fitxa horiek, erabilera orri horiek, argitaratzen dira farmakoa merkaturatzen denean, baina, askotan, botika horrek erabilera gehiago izaten ditu. Zenbait ebidentzia zientifikok, argitalpenek, ikerketek esan dezakete farmako hori beste patologia batzuetarako ere erabili daitekeela edo beste espezie batzuetarako ere erabili daitekeela, erregistratuta ez dauden dosietan ere erabili daitekeela. Guk oso paziente sorta zabala dugu, eta baliteke botika bera erabiltzea fitxan agertzen ez den indikazio baterako.

"Botikaren erabilera orriaren gainetik irizpide medikoa eta esperientzia klinikoa egon behar dira"

Lege hori 2015ekoa da. Zergatik egin dira orain protestak?

Bi gai daude hainbat urtetan zehar hor egon direnak, Albaitaritzako Sendagaien Bermeen Legea eta BEZaren %21eko igoera; eta horri gehitu zaio orain antibiotikoen gaia. 666/2023 Errege Dekretua erresistentzia antibiotikoak murrizteko Europako araudi baten transposizioa da, antibiotikoen erabilera egokiari buruzkoa. Betiko kontua da; izan ere, gure animaliei ondo zihoazkien botikak errezetatzeko konplikazio asko bagenituen, orain antibiotikoen dekretuarekin are gehiago izango ditugu.

Zein da funtsezko aldaketa?

Funtsezko aldaketak bi dira. Bat, antibiotikoak sortzen dituzten erresistentzien arabera kalifikatzen dituzte, eta, orduan, lau antibiotiko mota ditugu. Tratamendua D taldeko antibiotikoekin hasteko betebeharra dugu, eta horiek funtzionatzen ez badute C taldekoekin jarraitu. Beste antibiotiko batzuk albaitaritzan ezin dira inola ere erabili, A taldekoak.  Badira erresistentzia gehiago sortzen dituzten antibiotikoak, B taldekoak, eta besteek funtzionatzen ez badute bakarrik erabiltzen saiatu behar gara, betiere kultibo baten eta antibiograma baten ondoren. Tira, D taldeko eta C taldeko antibiotiko nahikorik izango bagenu eta formatu desberdinetan: xarabean, piluletan, injekzioan, arazorik ez; baina, adibidez, D taldeko antibiotiko horietako batzuk zaldientzat bakarrik daude, edo pilulak baino ez daude, baina ez injekzioan, edo alderantziz, injektagarrian bakarrik. Orduan, noski, muga batzuk ditugu. Bata, zer antibiotiko mota erabili behar dudan da, eta bestea, formatuei dagokienez, zer dudan eskura.

Baliteke behar duzun botika bat formatu bakar batean egotea eta animalia batzuetan erabili ezin izatea?

Jakina, bada bat, adibidez, sulfatimetropina; formatu bat dago, ahozko pasta bat, baina zati bakoitzak 50 kilo pisatzen dituen animaliarentzat da. 50 kiloko txakur bat badaukazu, ondo, baina noski, kilo erdiko untxi bat badaukat, chihuahua bat badaukat… Bestalde, 666 dekretuak bi alderdi ditu. Batetik, zein antibiotiko erabil ditzakedan, zein unetan; eta, bestetik, zein medikamenturen erabilera mugatuta dudan, kultibo batean oinarrituta. Batzuetan, patologia batzuk daude, eta zuk badakizu onena dela marbofloxacina bat ematea, adibidez, hala esaten baitute ikerketa zientifikoek, baina marbofloxacina bakarrik erabili dezaket kultibo bat egiten badut. Denbora galtzea da horrela ibili behar izatea.

"Gurekin hitz egitera eser daitezen nahi dugu, eta beharrezkoak diren aldaketak egin daitezen"

Orain arte errezetatu zitekeen, kultiboari itxaron gabe?

Orain arte, horrela egin dugu. Beti errezetatzen da marbofloxacina? Ez, behar denean soilik, baina une jakin batean antibiotiko hori behar banuen, ez zen derrigorrezkoa kultibo bat egitea.

PRESVET plataforma erabiltzeko betebeharrak ere arazoak dakarzkizuela salatu duzue. Zer da PRESVET?

Aurten indarrean sartu da antibiotikoen errezeta guztiak PRESVET izeneko web plataforma batera igotzeko betebeharra. Horra igo behar dituzu, beraz, antibiotikoekin egiten dituzun preskripzio guztiak, bai kontsultan ziztatzen dituzunak, adibidez, bai errezeta bat egiten duzunean. Animalia handien albaitariek 2023tik egiten zuten, eta orain, animalia txikienek ere. Ezin dugu hainbeste burokraziarekin!

Albaitaritzako BEZa jaistea ere eskatu duzue.

Hauteskunde kanpainan BEZa aldatuko zela agindu dute guztiek, eta gero inork ez du aldatu.

Zein da arazoak konpontzeko bidea?

Dekretua sakon aldatzea edo, bestela, egokitzeko denbora gehiago ematea. Ez gaituzte lehen mailako osasun langile gisa tratatzen, dekretua aztertzeko ere ez dute albaitariekin hitz egin. Eseri gaitezen, albaitariekin, farmazialariekin, denok gurdi berean goaz, denok nahi dugu erresistentzia antibiotikorik ez egotea, denok nahi dugu ondo lan egin. Oraindik egokitzapen aldian gaude, eta, gainera, farmako garrantzitsuak falta zaizkigu. Gurekin hitz egitera eser daitezen nahi dugu, eta beharrezkoak diren aldaketak egin daitezen. Onar dadila gure irizpide medikoa eta esperientzia klinikoa farmako baten fitxa tekniko baten gainetik dagoela. Izan ere, uste dugu gure irizpide medikoak, esperientzia klinikoak eta, batez ere, argitalpen zientifikoek botika baten erabilera orri baten gainetik egon behar dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago