Plan sektorialari kritika zabala

Juanma Gallego 2025ko api. 3a, 13:01

Lasagabaster, Saenz de Olazagoitia, Pascual eta Moreno, ostiralean EHUn egindako ekitaldian. Argazkia: EHU

EHUn egindako Gorbeialdeko Herri unibertsitateko antolatzaileek diote energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ez dela planifikazio tresna bat, energia instalazioak ezartzeko "habilitazio tresna" baizik.

EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala aztertzeko, Gorbeialdeko Herri Unibertsitatea egin dute ostiralean EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Bertan aurkeztu dituzte Jaurlaritzak behin-behineko onarpen fasean duen plan honen inpaktu sozial eta ekonomikoa, bai eta lurraldean izango duena ere.

Besteak beste, ekimenaren bitartez ulertu nahi izan dute zein den energia berriztagarriaren ezarpen eta zabalkundean dagoen "desordena", antolatzaileen hitzetan. Modu berean, aztertu dute planak "korporazio pribatu handien interesak nola sustatzen dituen", eta "sakrifizio eremuak" existitzen ote diren galdetu dute. Azken honi dagokionez, bereziki Araban jarri nahi izan dute fokua, probintzia energia fotovoltaikoaren eta eolikoaren alorrean eskala handiko instalazioak kokatzeko gune bezala agertu baita azken urteotan.

"Ez da benetako plana"

Antolatzaileek berek nabarmendu dutenez, diziplina anitzeko azterlanaren ondorioak dira mahai gainean jarri dituztenak. Unai Pascual Gorbeialdeko Herri Unibertsitatearen koordinatzailearekin batera egon dira hizlari Iñaki Lasagabaster EHUko Zuzenbide katedraduna, Ana Saenz de Olazagoitia EHUko geografoa eta Jungituko Batzar Administratiboko kide Naiara Moreno. Lasagabaster katedradunak ondu du antolatzaileek zabaldutako txostena. Bertan, ondorio nagusiak laburbildu dituzte. Agiriaren arabera, behin-behinean onartu den plan sektoriala "ez da benetako plangintza plana". Kontrara, energia berriztagarrien instalazioak ezartzeko "habilitazio tresna" da. Besteak beste, ohartarazi du instalazioen epe mugarik ez ezartzeak "espekulazio mugimenduak" susta ditzakeela, eta horien gainean ez omen da egongo benetako kontrol publiko eraginkorrik.

176 proiektu

27 parke eoliko eta 149 instalazio fotovoltaiko aurreikusten dituen planak ez du "behar bezala" zehazten eremuen egokitasuna irizpideak, eta horrek praktikan eragin dezake instalazioak ia-ia edonon jarri ahal izatea, esklusio eremuetan izan ezik.

"Sektorearen kontzentrazioaz" edota "etorkizuneko espekulazioaz" ohartarazi dute

Lasagabasterrek arazoak ikusten ditu ere eskatzaileei dagokienez. Izan ere, teorian konpetentzia libreko eskaintza egin daiteke proiektu energetikoak eraikitzeko, baina errealitatean ez da horrela izaten ari, "parte hartzaileetako batek" aldez aurretik lurren jabeekin kontratuak lotuta dituenean. Kide bakarrez osatutakoak diren edo 2022an sortu berri diren enpresen inguruan ohartarazi du, eta horren atzean "sektorearen kontzentrazioa" edota "etorkizuneko espekulazioa" egon daitezkeela dio.

Bestetik, katedradunak asetasun indizeen garrantzia azpimarratu du. Paisaiari erreferentzia egiten dioten adierazle hauek eremu zehatz batean gainditu ezin daiteken inpaktu bisuala adierazten dute, baina plan sektorialean ezartzen den lurzoruaren portzentajearen arrazoirik ez da azaltzen. 100 hektarea bakoitzeko aerosorgailu bat izatetik 4,5 aerosorgailu izatera igaro da orain, baina adituak ohartarazi du planak berak esaten duela asetasun indizeak aldatzeko aukera egongo dela. Ondorioz, paisaia babesteko tresna gisa tresna "oso ahula" izango delakoan dago.

"Prentsan azaldu diren adierazpenen" aurrean —antza, Oiongo udalak Labrazako parkeaz hartu duen erabakiari erreferentzia eginez— katedradunak dio udaletan presioak daudela energiari lotutako plan bereziak ezartzeko, eta babestu du udalak ez daudela behartuta horiek onartzera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago