Maialen Uribe eta Ana Navarro

"Zama handia dakarten zainketetan jarri nahi dugu arreta"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko api. 3a, 11:59

Maialen Uribe eta Ana Navarro, Denon Bizitzak Erdigunea plataformaren kideak. Argazkia: E.U.

2023ko greba feminista orokorraren ondoren, Arabako zaintzen inguruko bide orria eta aldarrikapen taula partekatua osatzeko helburua jarri zuen mugimendu feministak. Herrialde osoko eragileak eta norbanakoak elkartu dira, eta gizarte osoari dei egin diote inplikatzeko. "guztioi dagokigun arazoa da", azpimarratu dute.

Zaintza sistemaren azterketa egiten ari da Denon Bizitzak Erdigunean, Arabako auzoetako eta herrietako errealitateak jasoz. Apirilaren 6an batzar irekia deitu dute, 10:30ean, Lakuabizkarra eskolan, aldarrikapenak eta ibilbilde orri komuna zehazteko. "Ezkutuan" dagoena argitara ekartzea, zaintza lanak duintzea eta zaintza sistema publikoaren alde presionatzea dute helburu, zaintzaileen zein zainduak diren pertsonen beharrak kontuan hartuz. Maialen Uribe (Gasteiz, 1995) Gasteizko Mugimendu Feministako kideak eta Ana Navarro (Honduras, 1980) AEZLE elkarteko kideak azpimarratu dute ekimena ahalik eta gehien zabaldu nahi dutela, eta herritar eta eragile guztiei prozesura batzeko eskatu diete.

Urtebete baino gehiagoko hausnarketa prozesuaren ondoren, zaintzen inguruko herri akordio bat osatzeko prozesua abiatu duzue. Zer urrats egin dituzue? 

Maialen Uribe: Prozesua bera mugimendu feministak bultzatuta sortu zen Denon Bizitzak Erdigunean dinamikarekin batera, zainketak erdigunean jartzeko helburuarekin. Duela bi urteko greba orokor feministaren ondoren ikusi genuen lan horrekin jarraitu behar genuela, eta tokian-tokian ikusi behar zela zer ibilbide orri jarraitu. Araban, eskualde ezberdinetako mugimendu feministako taldeak bilerak egiten hasi ginen, eta ikusi genuen probintzia mailako prozesu bat aktibatzeko beharra. Batetik, zainketen inguruko eskumen asko aldundiak dituelako; eta bestetik, herrialdean mugimendu asko daudelako zaintzaren gaia aspaldi lantzen ari direnak: pentsiodunak, etxez etxeko laguntza zerbitzuko emakumeak, Zaintza Arabakoak, sindikatuak, erresidentzietako langileak.... Guztiok elkartzeko eta taldean lanean hasteko beharra ikusi genuen, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko, presio handiagoa egiteko eta ibilbide orri bat eta aldarrikapen batzuk zehazteko. Hortik abiatuta proposatu dugu mahai pluralago bat. 

Prozesu horretan, non kokatzen da apirilaren 6an egin behar duzuen batzarra?

Ana Navarro: Hilaren 6an egingo den bileran kontua da jende gehiago biltzea, eskualde gehiago. Azken ikasturte honetan talde eragile bat jarri da martxan, eta ibilbide orri bat denon artean prestatzen aritu gara, zer egin nahi dugun zehazteko. Asmoa ahalik eta jende gehienak parte hartzea da.

M.U.: Batzarra irekia da, parte hartu nahi duen ororentzat, nahiz eta aldez aurretik bileretara joan ez. Hasieratik, dinamika honetan, mugimendu feministak dei bat egin du gizarte osoa inplikatzeko eskatuz, guztioi dagokigun arazoa delako, baita gizonei ere; horregatik, batzarrak mistoak izaten ari dira. Gizarte osoari honetan inplikatzeko deia egiten diogu.

"Zainketa premia handia dago, baina zaintza ilunpean dagoen errealitatea da"

Zein taldek parte hartzen dute gaur egun Denon Bizitzak Erdigunean-en?

M.U.: Araba mailan, orain elkartzen ari gara AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Pentsionistak, Enara Kooperatiba, Ernai, Harramazka gazte talde feminista, Zaintza Araba, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, eta eskualde ezberdinetako talde feministak.

Zaintzaren inguruko mahai horretan zer lan egin duzue orain arte?

M.U.: Egin dugun lehen lana zaintza sistemaren mapatze kolektibo bat izan da, iazko abenduaren
amaieratik egin duguna. Eskualdeka egin dugu, tokian-tokian, herrialdean dauden arazo guztiak jasotzeko. Mapatze horren ondoren, batzarra etorriko da aldarrikapen guztiak jasotzeko, eta aldarrikapen horiekin taula bat izango dugu, atxikimendu gehiago lortzeko aurkeztuko duguna, eta zaintza hobetzeko lortu nahi ditugun urratsak markatuko dituen ibilbide orria aurkeztuko dugu. 

Mapatze kolektibo horren baitan herrialde osoko errealitateak kontuan hartu dituzue?

A.N.: Bai, eta poliki joan behar izan dugu, pausoz pauso. Gehiago kostatu da herri guztietara iritsi nahi izan dugulako eta eskualde guztiekin bildu nahi izan dugulako, zaintzaile guztiek dituzten premiak zeintzuk diren jakiteko. Aldarrikapenak aukeratzeko orduan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu hiria eta landa eremua orekatuta egotea. Araba osoko errealitatea ikus dadila.

M.U.: Talde eragiletik lana errazteko asmoarekin, galdetegi bat eta metodologia bat ezarri genituen herriz herriko batzarrak egiteko, behar guztiak identifikatzeko, eta, ondoren, diagnostiko bat egiteko. Helburua zen toki guztietan informazio berdina biltzea. Halaber, egoera desberdinengatik batzarretara joan ezin diren zaintzaileei eta zainduak direnei elkarrizketak egiteko gida bat prestatu genuen. Zainketen arloan protagonismoa duten pertsona horien guztien ikuspuntua jaso nahi izan dugu; izan ere, pertsona horiek dute zeresan handiena, baina lan zamarengatik ez dute bileretara joateko denborarik. Hor daude egoitzetako langileak, etxeko langileak, zaintzaile informalak eta zainketak jasotzen dituzten pertsonak. Ahalik eta informazio zehatzena izan nahi dugu, erakundeetara eta gizartera zabaltzeko. 

Beraz, azterketak zaintzaren diagnostiko zehatza egiteko balioko du?

M.U.: Azterketaren lehen fasea egitea garrantzitsua izan da batik bat problematika gizarteratzeko, eskualde guztiak txip berean jartzeko, eta gaiari heltzeko. Izan ere, grebaz geroztik, talde batzuk desaktibatu egin ziren, eta ikusten genuen jendearengana iristeko modurik onena herri mailan, auzoan lan egitea zela, parte hartzeko modu naturala baita. Mapatzea ez dugu ikusten hainbeste oso diagnostiko zehatza egiteko, lan hori sindikatuek egina dutelako, pentsiodunek ere diagnostikoa egin dutelako, eta sektoreka hainbat lanketa egin direlako. Guk zerbait kualitatiboagoa izatea nahi genuen, zerbait subjektiboagoa, bizipenak jasotzeko, egunerokoan zaintzen ari den jendearen iritziak jasotzeko.

"Zaintzaileen lan baldintzak txarrak badira, ezin dute kalitatezko zerbitzua eman"

Zer pertsona mota elkarrizketatu dituzue?

M.U: Elkarrizketak egin zaizkie zaintzaileei, baina baita zainketak jasotzen dituzten pertsonei ere, hau da, zainketen espektro osora iristen saiatu gara. Zaintzen duten emakumeen lan baldintzak oso garrantzitsuak dira, baina sinbiosi bat dago, eta emakumezko langileak baldintza txarretan baldin badaude ezin dute kalitatezko zerbitzurik eman, eta horrek eragina du zainduak diren pertsonengan; horregatik lan baldintzak aldarrikatu behar dira, baina zaintza jasotzen duen jendearen ikuspegia ere txertatu behar da. Prozesua diseinatzen ari ginenean ez genuen aurreikusi zainduak direnen iritziak jasotzea, baina pentsiodunen mugimenduari esker, hori ere kontuan hartu dugu.

Nolakoa izan da parte hartzea prozesuan?

M. U.: Zainketen problematikan lanean ari garen urte hauetaz dudan sentsazioa da jende guztia oso identifikatuta sentitzen dela problematikarekin. Ohi bezala, toki batzuetan jende askok parte hartu du, beste batzuetan ez hainbeste, beste batzuetan beste era bateko gauzak egin dituzte, erritmoak desberdinak direlako tokiaren arabera, baina elkarrizketak eta batzarrak egin diren lekuetan oso ondo jaso da.

A.N.: Denoi tokatzen zaigu hurbil-hurbiletik. Zu ez bazara, lan baldintza txarretan dagoen lagun bat duzu, edo behar asko dituen aitona edo amona bat, erakundeek baliabiderik ematen ez dutela ikusten duzu, burokrazia handia dagoela... Nik uste dut lan egiteko gogoa dagoela, jendeak beharrezkoa ikusten duela.

Erakunde publikoekin, aldundiarekin, harremana izan duzue?

M.U.: Greba egin zenean, Euskal Herri mailako aldarrikapenen taula bat aurkeztu zen, eta Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu genien horiek negoziatzeko mahai bat osatzeko, baina ez ziguten erantzunik eman. Orain, herri mailan, eskualde bakoitzean prozesu ezberdin bat dago. Eskualde batzuetan, adibidez Aiaraldean, udalekin harremanetan jarri dira, eta hor bai, negoziazio mahai batzuk sortu dira, eta horretan ari dira. Aldundiarekin, talde gisa, ez gara harremanetan jarri, eman behar dugun lehen urratsa aldarrikapenen taula osatzea delako. Dena dela, aldarrikapenen taularen helburua ez da izango soilik aldundiarekin negoziatzea; hainbat kolektibok, sindikatuk eta elkartek hartzen dugun konpromiso bezala ere ulertzen dugu, zainketen gaia lantzeko, denok norabide batean joateko, indarrak batzeko eta arazo hori gizarteratzeko. 

"Zaurgarritasun handiko egoerak gertatzen ari dira menpekotasunaren alorrean"

Batzarretan eta elkarrizketetan zer iritzi jaso dituzue? Zein da zaintza sistemaren errealitatea?

A.N.: Ilunpetan dagoen errealitatea da. Zainketa premia handia dago, baina emakume langileen baldintzetan denetarik dago. Pertsona batzuk oso egoera tristean daude, ez dakite zer diren ordu libreak, ez dakite zenbat irabazi behar duten... Emakume zaintzaile askoren lan baldintzak ezkutuan daude, eta ezagutzera eman nahi ditugu; ikusten den lana izatea nahi dugu, gure agintariek onartu dezaten lan duina dela, orain ez baita lan duina. Borroka eta borroka egin arren, langile gisa ditugun eskubideak ez dituzte onartzen. Nahi dugu, edozein lanetan bezala, sektore honetara datorren jende guztiak bere eskubideak izatea, jakitea zer lan baldintza dituen eta zer lortuko duen.

Herrialdean jaso dituzuen problematika guztien artean baten bat azpimarratuko zenukete?

M.U.: Baten bat aipatzearren, Trebiñuko kasua aipatuko nuke. Bertako emakumeek agerian utzi nahi dute Trebiñun duten arazo espezifikoa, Gaztela eta Leongo Juntaren menpe egoteagatik handicap asko dituztelako. Esate baterako, erresidentzietako finantzaketa dago: Arabako egoitza pribatuetara joaten direnean, zati publikoaren kuota Gaztela eta Leonek kubritzen du, eta Arabakoa baino txikiagoa da. Etxez etxeko langileak izateko ere arazoak dituzte, Arabakoak direlako langileak, baina Gaztela eta Leonek ordaintzen ditu eta Araban baino gutxiago kobratzen dute. Hitzarmenak ere ezin dituzte egin ondoko Arabako eskualdeekin, eguneko zentroetara joateko, adibidez. Trebiñuko arazoez gainera, landa eremu osoan, etxez etxeko laguntza zerbitzuan aritzen direnei 15 minutuko joan-etorriak baino ez dizkiete ordaintzen, eta Arabako herri batetik beste batera joateko ezin zara mugitu 15 minutuan. Gasteizen ere arazo bera dute, Salburutik Zabalganera joateko, adibidez.

Zeintzuk izan behar dira zaintza sistemaren lehentasunak?

A.N.: Niretzat, etxeko langileek parte hartzea, lan duina izatea, beste edozein enplegu bezalakoa dela ikusaraztea. Hori lehentasuna da; baita langile horien egoera aztertzea ere, zer baldintzatan lan egiten duten jakiteko.

M.U.: Zaila egiten zait une honetan lehentasunak ezartzea, apirilaren 6an guztion artean definitu nahi ditugulako. Dena dela, talde eragiletik pixka bat mugatu nahi izan dugu zainketen gaia, oso zabala delako. Batik bat mendekotasunean jarri nahi dugu arreta, gaur egun zama handia dakarten zainketetan, sistema erabat kolapsatuta dagoela uste dugulako. Ikusten ari gara prekarietate handiko eta zaurgarritasun handiko egoerak gertatzen ari direla menpekotasunaren alorrean, eta zaintza horiek ezin direla egin gabe utzi, ezinezkoa dela, mendeko pertsona batek norbait behar duelako ia eguneko 24 ordutan.

Nondik hasi behar da menpekotasunaren arreta hobetzeko lana?

M.U.: Lehen aipatu ditugun bi ikuspuntu kontuan hartu behar dira: emakume langileak, mendekotasunaren esparruan lan egiten duten langileak zer baldintzatan dauden ikusi behar da, eta hor daude etxeko eta zaintzako langileak, egoitzetakoak, etxez etxeko langileak, eta lan zama handia duten zaintzaile informalak. Era berean, zainduen beharrak ere ikusi behar ditugu.

A.N.: Mendeko jende asko dago, etxeetan ere bakarrik dauden pertsonak daude, eta ez dute aurkitzen lagundu eta zainduko dituen norbait. Badira ere zaintzen dituenari ordaindu ezin dieten pertsonak. Herrialde hau zahartzen ari da, azkar zahartzen ari gara. Zaintzak ere publikoa izan beharko luke, hobeto zaindu ahal izateko.

Gorka Urtaranek ohartarazi du ez dela bideragarria erresidentzia guztiak publikoak izatea. Zer iritzi duzue? 

M.U.: Egoitza gehienak pribatuaren esku daude, eta pribatuak onura ekonomikoa bilatzen du. Zaintzak garestiak dira, eta inbertitzea eskatzen dute. Pribatuak etekin ekonomiko bat ateratzen ari badira nonbaitetik murrizten ari dira, hau da, langileen lan baldintzak kaskartzen ari dira, eta ez dira kalitatezko zerbitzu bat ematen ari. Etxez etxeko laguntza zerbitzua ere oso mugatuta dago, oso ordu gutxitan, eta horrek ere prekarizatu egiten ditu zerbitzu horiek ematen dituzten langileak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago