Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek Osakidetzaren jarrera gaitzetsi dute, ez dituelako trans kolektiboak entzun transentzako planteamendua egiten aritu denean. "Ez informaziorik, ez parte hartzerik, ez inolako borondaterik Osakidetzaren partetik", salatu dute kolektiboek.
Aste honetan iragarri du Maite Martinez Zabaletak, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, EAEko probintzia bakoitzak izango duela trans pertsonentzako lehen mailako arreta zerbitzua, "ospitalez kanpoko ingurune atsegin batean". Aipatutako kolektiboek positiboki dute legearen ezarpenean aurrera egitea eta hurbileko jarraipena bermatzeko trans errealitatearekin loturiko osasun premiei.
Hala ere, ohartarazi dute ez dietela haietako bati ere deitu, "ezta entzun ere", parte hartzeko borondatea argi erakutsi duten arren. Jaso duten informazio guztia komunikabideetan ikusitakoa izan dela gaitzetsi dute. Osakidetzari leporatu diote trans pertsonen agentzia gaitasuna ukatzea, eta parte hartzeari uko egiteak urratu egiten duela legean jasotako subjektu politikoaren aitorpena eta haien erabakitzeko eskubidea. Bestalde trans gaia medikuntza eremu hutsean kontzeptualizatzea salatu dute.
Osakidetzari eskatu diote gida egiteko urrats gehiagorik ez ematea kolektiboei aurkeztu arte, eta dokumentua eguneratzeko proposatu dituzten neurriak kontuan hartu ditzatela. Eskua luzatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari, kolektiboari dagozkion politika eta zerbitzuetan elkarlanean aritzeko.