Aldekoa ipuin literarioen jaialdiak gonbidatuta, ipuinen lantegia eskaini du Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) Gasteizko kultur etxean. Nobelak, saiakerak, poema liburuak eta bestelako hamaika artikulu argitaratuta ditu, ibilbide oparoa atzean, baina formatu laburrari heldu dio oraingoan, eta idazle eta hasiberriei zenbait gako eskaini dizkie. Irakurri izan da eskolan gehien entzun den leloa.
Ignacio Aldekoaren literaturak arrastoa utzi du zurean?
Unibertsitatean literatura ikasten izan nuen haren berri, duela urte mordo bat, frankismo garaian. Bere lana irakurri eta aztertzeko aukera izan nuen, eta beti izan dut erreferente, are gehiago hemengoa zela jakinda, garai hartan aipatzen ziren idazleak kanpokoak zirelako denak, salbu ordurako hilda zeuden Pio Baroja edo Unamuno, bizirik oso gutxi zeuden. Luis Martin Santos donostiarra ere, esate baterako, hil berria zen. Beraz, bai, garai batean garrantzitsua izan zen niretzat.
Arabarren artean galdetuko bagenu, beharbada gehienek ezagutuko dute Aldekoa; aldiz, irakurri...
Ezagutu ere ez nuke esango gehienek ezagutzen dutenik. Akaso izena ezagutu bai, kalea, kultur etxea edo dena delakoa dagoelako bere izenarekin, baina idazle zenik jakin... Eta irakurri, ezta pentsatu ere. Kontu egin, gainera, halako izen ospetsu baten liburuak aurkitzea ere zaila dela, baita jakinda ere. Esate baterako, Camilo Jose Cela: Nobel sariduna, egunero telebistan izan zena, ezaguna... eta, hala ere, liburu denda batean nekez aurkituko duzu haren libururen bat. Ezagutu beharbada ezagutuko dute Aldekoa, baina irakurri, hori beste pauso bat da.
"Idazle hasiberriei irakurtzen ote zuten galdetzen nien lehen; emaitza desastrea zen"
'Mila eta bat gau' liburua izan da ipuin tailerrean jarri duzun lehenengo erreferentzia.
Bere osotasunean nobela baten moduan har daiteke, baina ipuinak dira bata bestearen atzetik, eta uste dut ipuingintzan hasteko pauso on bat dela. Eta jendeak ez du ezagutzen, arrazoi praktikoengatik beharbada; liburu handia da, letra txikia eta, zoritxarrez, ez dago euskaratuta. Hori da hemen dugun arazoetako bat. Literatura unibertsaleko hainbat eta hainbat maisulan oraindik euskarara ekarri gabe daude. Noski, Mila eta bat gau euskaratzeko itzultzaile on bat behar duzu, hainbat hizkuntza dakizkiena, hiru edo lau urte horretara jarriko dena taxuzko lan bat egiteko. Zeinek ordaintzen dizkio itzultzaile bati hiru urte? Ezinezkoa da.
Ipuinak bereziak dira zuretzat?
Niri literatura ona gustatzen zait, berdin antzerki lan bat, ipuina, nobela edo poesia izan. Egia da gaurko bizimoduarekin, presaka gabiltzala denborarik gabe, ipuin sorta batekin errazagoa dela literaturara gerturatzea 500 orriko nobela batekin baino. Ipuin sorta indartsu bat aukera polita da literaturara hurbiltzeko. Eta nire lana beti izan da jendea literaturara hurbil dadin saiatzea. Horretarako ipuingintza oso aproposa da, eta baita haikuak ere; hiru lerro eta oso ezaugarri zehatzak dituzten poemak dira, Japoniatik datozenak. Haikuen bitartez ere lortu daiteke irakurleak mundu horretan sar daitezen.
Iban Zaldua idazleak dio ipuin on bat ez dela amaitzen testuaren azken puntuan, baizik eta ondoren, irakurleak egin behar duen berreraikuntzan. Berriro irakurtzeko gogoa sentiarazi behar dizula irakurri bezain pronto.
Bai, baina ez bakarrik ipuinetan. Nobela ona baldin bada, berriz irakurtzea eskatzen du. Berriro, eta berriro... James Joycek Ulises liburu zoragarri hori kaleratu zuenean esan zuen hurrengo 300 urteetarako lana emango ziela aditu eta kritikoei. Beraz, pentsa, zenbat aldiz irakurri behar duzun zuku guztia atera arte. Nobela ona baldin bada, luzeagoa denez gero, zuku gehiago dauka ipuin txiki batek baino.
Idazterakoan blokeatuta ez geratzeko gakoa "gutxi baina egunero" idaztea dela azaldu du Iturraldek. Argazkia: A. AMENABAR/ ALEA
Formatu laburrean ala luzeagoan zabiltza gustorago?
Berdin. Formatu ezberdinak dira, lan ezberdina, eta formakuntza ezberdina. Ideia bat izan dezakezu bat-batean, eta bi foliotan ipuin bat idatzi. Nobela bat egiteko bestelakoa da prestakuntza, irakurri eta berridatzi behar duzu, behin eta berriz. 700 orriko nobela bat daukat, azkenean argitaletxeak 500 bat orritan utzi zuena, Kilkirra eta roulottea, Espainiako Kritika saria jaso zuena, eta hori idazteko zortzi urte egon nintzen. Jakina, ipuin bat idazteko ez zara zortzi urte egongo. Formatu ezberdinak dira, eta ikusi behar da zer asmorekin zabiltzan, zer esan nahi duzun, zer helbururekin, bat edo beste aukeratzeko.
"Kafka, Txekhov edo Woolfen lanak ipuingintzarako sarbide ona izan daiteke"
Zuk egunero idazten jarraitzen duzu?
Bai, baina horrek ez dauka inolako meriturik. Nire eginbeharra da, gustuko dudana, eta zortea daukat honetara dedikatu naitekeelako. Berdin zait niri igande, gabon, uda edo negua den... Hamalau bat urterekin jaso nuen lehenengo saritxoa ipuin batekin, eta horretan nabil geroztik. Ahal dudan arte behintzat, jarraituko dut. Egunero orri erdi inguru. Blokeatuta ez geratzeko modu bat da hori, asko ez idaztea. Aurreko egunekoa errepasatu, eta hari horri tira eginda jarraitzen dut. Idazle askok nik baino lehenago erabili duten trikimailua da hori, Graham Greenek esaterako; 300 hitz idatzi, eta hor gelditzen zen. Bezperakoa errepasatu, eta hortik segi, baina egunero. Blokeatua ez geratzeko beste teknika bat irudiarena izan daiteke; buru barruan plastifikatutako irudi bat baldin baduzu, nik pantaila deitzen diodan hori, ez atzera ez aurrera geratzen zarenean, errazagoa da irudi horri heldu eta aurrera egitea.
'Irakurri, irakurri, irakurri...' eskolan errepikatzen duzun leloa.
Askotan. Eta lehenengo egunean argi esaten diedana. Batzuk ikusten dituzu sena dutela, joera dutela, balio dutela, baina erredaktatzerakoan ikusten zaie ez dutela ezertxo ere irakurri. Orain dela gutxi, nahiko ona den bati, hilero liburu bat irakurtzeko eskatu nion, betiere autore eta estilo ezberdinak, eta gutxi da, baina beharbada ez du azkeneko hiru urteetan liburu bat irakurri. Garai batean hasi nintzenean, euforia handiarekin esaten nien azken sei hilabeteetan irakurri zituzten liburuen eta autoreen zerrenda egiteko, jakiteko zeinekin egingo nuen topo. Desastre bat zen, desesperantea. Orain ez dut egiten, badaezpada. Pauso hori kentzea erabaki nuen, ez nuen lehenengo momentutik etxera deprimituta joan nahi. Pentsa idazle munduan gaudela, ez okinen artean...
Horren nabaria al da?
Bai, oraingo panorama alde horretatik desastrosoa da. Nabari dut azken urteetan. Ikusi besterik ez dago hainbat idazlek zein erreferentzia dituzten, elkarrizketa batean aipatzen dituzten idazle eta liburuak. Bueno, bueno, bueno... Idazle bat etortzen bazait esanez ez duela irakurri nahi, ez dut aintzat hartzen. Barkatu, baina joan beste norbaitengana. Idazteko irakurri egin behar duzu.
Joxemari Iturralderen liburutegira hurbilduko bagina...
Gero eta liburu gutxiago ditut. Sei mila liburura ailegatu nintzenean etxean stop esan zidaten. Zer uste duzu hau Versaillesko jauregia dela? Ez dago lekurik. Orain liburu bat erosten dudan bakoitzean bi ateratzen dira, oparitu, zakarrontzira ala kaleko banku batean uzten ditut.
Ipuingintzara gerturatu nahi duena nondik hasi daiteke?
Nik beti esango nioke klasikoetara jotzeko, hasi beharrean bere edadeko idazle batekin edo duela bi urte liburu bat atera duenarekin. Seguruetara joko nuke, arrastoa utzi dutenekin. Kafka, Txekhov, Woolf edo Hemingwayren ipuinak euskaratuta daude, eta hor bide on bat daukazu sendo hasteko. Oraingo gazteek sekulako zortea daukate, aukera zabala dute, guk horiek gazteleraz irakurri behar izan genituen. Hartu punta-puntako idazleak, hasi horietatik. Nire gomendioa hori izango litzateke.