Egoitza berria dute nanogelek

Juanma Gallego 2025ko mar. 20a, 09:35

Produktu biomedikoen garapenean bost patente erregistratu ditu kooperatibak. Argazkia: IREKIA

Nanohidrogel Adimendunen Institutu Biomedikoa inauguratu du i+Med kooperatibak Arabako Parke Teknologikoan. 2030. urterako ehun milioi euro inguru inbertitzea aurreikusi dute.

I+Med enpresa arabarrak Nanohidrogel Adimendunen Institutu Biomedikoa inauguratu du parke teknologikoan. Izenak berak adieazten duen moduan, ingeniaritza biomedikoaren arloan produktu berriak ikertu, garatu eta fabrikatzen dituen laborategi honen lan esparru handienetako bat nanohidrogel adimentsuen garapena da. Instalazio berrien inauguraziorako agintarien babesa izan dute kooperatibako kideek. Imanol Pradales lehendakariarekin batera egon dira, besteak beste, Mikel Jauregi Industria sailburua, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia sailburua, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria. Manu Muñoz zuzendariak eman dizkie lehen eskuko azalpenak.

Nanohidrogel adimentsuen bitartez sendagaiak edo printzipio aktiboak garraiatzeko kapsulatxoak diseinatzen dituzte, biopolimeroekin. Horien bitartez sendagaia behar den tokira zuzenean garraiatzea edo bideratzea lortzen dute. Kooperatibako negozio garapeneko arduradun Itziar Beitiak 2022an ALEAri jarri zion horren adibide bat.

"Minbizia dagoenean, jakin badakigu zelula horiek pH zehatz bat dutela. Orduan, sendagaia gorputz osoan eman beharrean, guk programatzen dugu kanpoko biopolimero hori, behin pH maila edo tenperatura zehatz batetara iristean sendagaia bere kabuz askatu dadin".

Orain arte bost patente erregistratu dituzte biomedikuntzaren alorrean, eta produktu berrien ekoizpenean ez ezik, espezializatutako zientzialarien formazioan ere dihardu kooperatibak. Norabide horretan, iazko apirilean Euskal Herriko Unibertsitatearekin EHU-i+Med Medikuntza Pertsonalizatuko Ikasgela sortu zuten. Izan ere, kooperatiba bera unibertsitatean bertan sortu zen, spin-off gisa.

Munduko "erreferente"

Handitze prozesuan dagoen kooperatibak iragarri du 2030. urterako beste hainbat proiektu dituela esku artean. Espero dute 100 milioi euro inguru inbertitzea 15.000 metro koadroko eraikin batean, "laborategi aurreratuenekin". Data horren bueltan aurreikusi dute, baita ere, 500 lanpostu berri sortzea.

Pradalesek txalotu du "teknologikoki punta-puntakoa" den enpresa arabarrak orain arte egindako ibilbidea. "Kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzen ditu, eta biozientzien sektorea bezalako aukera-sektore batean munduko erreferente gisa kokatzen gaitu", esan du lehendakariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago