Euskaraldian izena emateko epea zabalik dago

Erredakzioa 2025ko mar. 15a, 12:00

Ekitaldi nazionala egin dute Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean, izen ematea zabaltzeko. Maiatzaren 15etik 25era izango da 2025eko Euskaraldia.

Gaur zabaldu da aurtengo Euskaraldian izen emateko epea, eta ahobizi eta belarriprestak hasi dira jadanik euskaraz bizi nahi dutenen zerrenda osatzen. Izaskun Arrue Kulturgunean egin dute nazio mailako ekitaldi ofiziala, eta Iruñean ere egin dute, ordu berean. Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak hartu du hitza, eta bertan egon dira batzordeetako kideak, euskara teknikariak eta hainbat politikari, euskalgintzako eragile ugarirekin batera.

Euskaraldiak euskararen normalizaziorako tresna gisa duen garrantzia nabarmendu dute bertan, eta euskal gizarte osoari dei egin diote parte hartu dezala ariketa kolektibo honetan. Ahobizi eta belarriprest bana izan dira ekitaldian, haiek izandako erronkak eta esperientzia azalduz. Iruñeko ekitaldiarekin zuzeneko konexioa egin dute, euskaltzale ezagun batzuen hitzartzeak entzuteko aukera izan da, eta mokadutxo batekin eman diote amaiera ekitaldiari.

Euskaraldiaren laugarren edizioa da 2025. urtekoa, eta antolatzaileen arabera edizioz edizio erakutsi du Euskaraldiak ariketa eraginkorra dela hizkuntza ohituretan eragiteko, eta aldaketak ekarri dituela. Beste behin parte hartzeko aukera izango da aurten, maiatzaren 15etik 25era.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!