Gero eta denbora gutxiago geratzen da aurtengo Araba Euskaraz girotuko duen kanta ezagutzeko. Hilaren 28an izango da hori, egun horretan Mikel Urdangarin musikariak kontzertua eskainiko duelako Gasteizko Europa biltzar jauregian. Ohi bezala, abestia Arabako ikastolen aldeko jaiaren inguruan mantendu den sekretu handienetako bat da, eta kontzertuaren egunean bertan aurkeztuko dute, Gasteizen emango duten prentsa agerraldi baten bitartez. Momentuz, Kirmen Uribe poeta ezaguna letraren egilea dela baino ez da ezagutzen. Abenduan aurkeztu zuen
Urdangarinek Mundua eder izeneko proiektu berria. Izenak berak iradokitzen duen moduan, edertasunaren kontzeptuaren bueltan oinarritutako egitasmoa da musikariak landu duena.
Hiru hamarkada
Araba Euskarazeko arduradunek nabarmendu dute euskal musikako "erreferente handienetakoa" dela Urdangarin, eta ia hiru hamarkada daramatzala lanean. Urteurren hori buruan eraiki nahi izan du, hain justu, estudioan landutako hamabosgarren lan hori. Disko berria "euskal kantariaren heldutasun artistikoaren isla" dela erantsi diote ikastolen aldeko jaiaren antolatzaileek. "Urteetan zehar euskal musikaren ahots autentiko eta poetikoenetako bat" bezala sendotu dela diote, "euskal kulturarekin konprometitutako belaunaldi oso baten ordezkari ere bilakatuz".
Hamar abestik osatzen dute diskoa, eta guztiei jarri die musika Urdangarinek berak. Zazpi letra harenak dira, baina badira ere bi kanta Kirmen Uriberenak, baita Harkaitz Canoren beste bat ere.
Hilaren 14an zabalduko dute emanaldirako sarrerak erosteko aukera, Araba Euskarazen webgunean, hogei euroan.