Psikologoa da, eta Komunikazio Ez Bortitzean (KEB) trebatu da Franzi Rautenberg (Berlin, 1985). Formakuntzak ematen ditu leku ezberdinetan, psikoterapeuta lanetan aritzeaz gain. Gasteizko Barrenkale kaleko bere bulegoan elkartu gara, aztertzeko nola komunikatzen garen eta nola kudeatzen ditugun gatazkak. Hobetzeko aholkuren bat ere jasotzeko, agian.
Zergatik Komunikazio Ez Bortitzaren beharra? Modu bortitzean komunikatzen gara?
Bortizkeria, edo indarkeria, guk ulertzen dugun moduan behintzat, komunikazioaren aurretik hasten da. Galdera da, nola liteke zenbait egoeratan pertsona batzuek ez izatea errukirik, enpatiarik, bestea ulertzeko nahirik, eta zergatik jokatzen dute modu bortitzean? Bortizkeria izan daiteke, noski, norbaiti ukabilkada bat ematea, baina izan daiteke ezikusiarena egitea ere, edo beste pertsonari min egitea, norbera hobeto sentitzeko. Bortitz jokatzera eramaten gaituena da gure pentsatzeko modua, nola ikusten dugun beste pertsona, eta nola ikusten dugun gure burua.
Komunikatzerakoan aldez aurretik daukagun jarrera, beraz?
Bai. Jarriko ditugun betaurrekoak aukeratzea bezalakoa da. Ni pentsatzen ari banaiz zuk asmo txarrak dituzula, edo hemen ez dagoela denontzat nahikoa eta zu baztertu behar zaitudala nik nirea izateko, hala komunikatuko naiz kanpora ere. Ez dira soilik irainak. Komunikazio bortitza da, adibidez, generalizazioak egitea. "Beti zatoz berandu", edo "inoiz ez dituzu alabak zaintzen", edo "euskaldun guztiak dira...". Orokortzea, etiketak jartzea, epaitzea, askotan egiten dugu. Exijentziak, inposaketak, xantaia emozionala eta abar. Beraz, zure galderari erantzunez, bai, etengabe komunikatzen gara modu bortitzean. Ni ere bai. Modu bortitzean pentsatzen dugu.
Eta horren aurrean zer egin?
Hor norberak erabaki behar du ea hori elikatu nahi duen, edo aldatu. Ideia da momentu batez frenatu eta pentsatzea, zergatik daukat epai hau buruan? Zer esaten du epaiketa honek nitaz? Noski, epai bat badaukat zuri buruz, loturaren bat izango du zurekin, baina zati handi bat benetan nirekin lotuta dago, zer falta zaidan, zer bilatzen dudan, zer behar dudan, zeri diodan beldurra... Fokua aldatu dezakegu, pentsatu beharrean ea zuzen edo oker egin duzun, pentsatzea pertsona bat zarela, sentimenduak dituena, beharrak dituena, eta zure ekintzekin asetzen saiatzen zabiltzala zuretzat garrantzitsua den behar bat.
Zer da Komunikazio Ez Bortitza? Zein dira funtsezko printzipioak?
Batetik, KEB komunikaziorako tresna oso zehatza da, lau osagaietan banatua. Osagaiak dira behaketa, sentimenduak, beharrak eta eskaerak. Baina askoz gehiago ere bada, bizitzan egoteko modu bat, jarrera bat. Eta KEBren betaurrekoek ez dute ikusten ona eta txarra, pertsona alferra, ezjakina edo arduragabea, ez dugu ia adjektiborik erabiltzen. Pertsonak ikusten ditugu bere testuinguruan, haien ikuspegitik. Pertsona horrek dituen beharrak ikusten dituzu, X modutan sentitzen dela, eta behar horiek asetzen saiatzen ari dela.
"Oinarrizkoena da beti atzean dagoen beharra ikustea. Fokua hor jartzea"
Eta zer teknika eskaintzen dituzu begirada hori garatzeko?
Oinarrizkoena da beti atzean dagoen beharra ikustea. Zeren, fokua hor jarrita, pertsona horren beharra beti ulertuko dut, nik ere behar berberak ditudalako. Ados egon naiteke zurekin edo ez, baina behar guzti horiek ezagutzen ditut, eta garrantzitsuak dira niretzat ere. Askatasun beharra, komunikazioarena, hurbiltasunarena, pertenentziarena edo errealizatua sentitzearena, esaterako. Lehenik autoenpatia ariketa bat egiten dugu, zer zerikusi dauka honek nirekin? Zergatik erreparatu dut horretan? Mila estimulu daude munduan edo harremanetan, baina gauza zehatz bati erreparatu badiot, horrek niri buruz esaten du zerbait. Bigarrenik, besteei enpatikoki entzutea, ikustea zer izango den hain garrantzitsua pertsona horrentzat. Eta azkenik, zintzoki adieraztea pentsatzen duguna. Bilatu dezakegu estrategia bat biona kontuan hartuko duena. Betiere, beste pertsonarekin konektatu nahi baduzu, ez zaudelako behartuta ere.
Bik ez dute borrokarik egiten batek nahi ez badu?
Lehenik, esango nuke borrokatzeak ez duela zertan txarra izan. Borrokatzen ari bazara zerbaitengatik izango da, ez? Baina, galderari erantzunez, hala da, zu egon zaitezke denbora guztian ulermenezko begirada enpatiko horrekin, eta momentu oro itzulpena egiten, ea zer ari den gertatzen atzeko planoan. Horrela agian ez zara borrokan sartuko. Baina kendu nahiko nioke borrokari konnotazio txar hori. Zuk zure beharrak defendatzea, inporta zaizkizun gauzak, logikoa da eta beharrezkoa da bizitzarako.
Badirudi beste pertsonaren beharretan fokua jartzea akritikoa izan daitekeela. Batzuetan ez da epaitu behar, edo baloratu, iritzi propioa eduki? Nola uztartu enpatia eta iritzi kritikoa?
Noski, mundua begiratzen badugu enpatia betaurreko horiekin, dena ondo iruditzen zaigu? Horretarako sartzen da zure beharrak eta ideiak adierazi eta zaintzearen zatia. Norbaitek zaplazteko bat ematen badio bere semeari, nik ulertu dezaket nondik datorren behar hori. Nik ere sentitu dut noizbait, estresatua egongo da, nekatua, baina kontuan hartu behar dira zartakoa jaso duen pertsonaren beharrak ere, eta horrekin aurre egin behar zaio. Ulertzeak eta enpatia izateak ez du esan nahi ados egon behar duzunik. KEB erabilita ere batzuetan mugak jarri behar dira, planto egin, eta estrategia bat bilatu kontuan izango duena zurea eta nirea ere bai, modu jasangarri batean. Estrategia guztiek ez dute berdin balio.
Behin borrokan sartuta gaudenean itsutu egiten gara askotan. Besteak esaten digunetik okerrena hartzen dugu, sua areagotuko duena. Nola azaltzen duzu hori?
Joera hori dugu bai. Bestea epaitzea, fokua jartzea ados ez gauden gauzetan, horretarako entrenatuta gaude oso. Gizarte honetan gehiago ikasten dugu jendea sailkatzen, epaitzen, haiekin enpatiko izaten baino. Hala ere, gizakion zerbait ere bada. Komunikazio Ez Bortitzean urteak emanda ere, ez du esan nahi ez duzunik epaituko, edo ez duzunik gogorik izango beste pertsona txikitzeko. Baina ideia da, hala nagoela konturatzen naizenean, frenatzea eta begiratzea zertan ari naizen, ea horrek ekarpena egiten dion zaindu nahi dudanari, edo gehiago urruntzen nauen. Adibidez, [paper bola bat egin eta aurpegira bota dit] paso egiten duzu nitaz, ematen du berdin zaizula, egoista bat zara, hilabeteak dira elkarrizketa honetarako gelditu ginela, eta ez zara martxan jarri... Paper bola hau da komunikazio bortitza. Epai bat nuen zuri buruz, eta aurpegira bota dizut, zer egingo duzu zuk bola horrekin?
"Etengabe komunikatzen gara modu bortitzean; modu bortitzean pentsatzen dugu"
Defentsibara jarri? Zuri eraso egin, pilota bueltan bota?
Hori da, gatazka askotan hori gertatzen da, defentsibara jartzen gara eta kontraerasoan hasi. "Ez didazu deitu". "Eta zuk ere ez", moduko erantzunekin. Pilota bat botatzen badizut, esaten badizut alfer bat zarela, zer behar dut nik? Laguntza, adeitasuna, babesa, elkarlana? Benetan nire behar bat babesten nabil. Baina nik pilota botatzen badizut, kontuan hartuko da nire babes beharra? Ez.
Ez da modu eraginkorra, beraz?
Ez. Hemen gaude, energia pila bat xahutzen, ni erasoan, zu defentsan, baina helburuak lortu gabe. Ezberdina da, gainera, nik zuk baino botere gehiago baldin badut. Zu zigortzeko gaitasuna badut, hasiko zara beldurra izaten, eta ja ez didazu bola itzuliko. Irentsi egingo duzu, bestela okerragoa izango delako. Eta zer gertatzen da besteak bola jaten duenean? Nik nahi dudana egiten duela. Baina ez nirekin enpatia duelako, beldurra edo erruagatik baizik, gogoz kontra egingo du, eta ondorio kaltegarriak izango ditu epe luzera. Eta askotan batek ez du pelota bakarra jaten, dozenaka jaten ditu, milaka, eta eragina du autoestimuan, osasun mentalean, eta baita fisikoan ere. Gaixotasun psikosomatiko askok hor dute jatorria. Bi mila bola ditut sabelean, nola ez dut tripako mina izango?
Eta borrokan bero gaudenean, nola egiten da atzera pausoa eman eta kanpotik begiratzea?
Kontzientzia pixka bat behar da, noski, eta horretarako egiten ditugu Komunikazio Ez Bortitza formakuntza saioak. Demagun nik bola bat daukadala, borrokan gaudela, baina atera nahi dudala dinamika horretatik. Lehenik eta behin, konturatu behar naiz eraso honekin zer babestu nahi dudan, zer inporta zaidan hainbeste. Nik esan diezazuket alferra eta arduragabea zarela, etxea zikin dagoelako, bokata bat jaso gabe dagoelako izkinan. Ezberdina litzateke, aldiz, esatea kezkatuta nagoela, nekatuta, eta laguntza behar dudala zure aldetik. Itzulpena egin behar dut lehen aipatutako lau osagaietara. Behatu dudan estimulua zein da? Izkinako bokata. Nola sentitzen naiz ni? Nazkatuta, nekatuta. Zer behar dut? Ordena, laguntza. Eta eskaria egiten dizut, "aizu, bota zenezake bokata zaborretara, eta zaborra atera?". Noski, teknika hori da, baina estimuluz goraino zauden momentuan, lehertzear, oso zaila da hori egitea. Gatazka gehienetan, saiatzen garenean komunikazio ez bortitzaren bidez kudeatzen, ondorenera egiten dugu, a posteriori.
Autokontrol asko behar da?
Bai, eta oso lotua dago burmuinaren lan egiteko moduekin. Ez naiz neurozientzialaria, baina, dakidanagatik, estimulu asko ditugunean alderdi kontzienteenak, neokortexak, ez du oso ondo funtzionatzen, eta pisu gehiago hartzen dute alderdi azkarragoek, sistema linbikoak, amigdalak eta hipokanpoak. Hauek bizirautearekin lotuago daude, eta esaten da hiru gauza besterik ez dakitela egiten: kontraerasoa, ihes egitea edo izoztea. Hau aktibatua dagoenean zaila da neokortexa ere aktibatu eta kontzienteki jokatzea.
Eta instintiboago jokatzen dugu?
Hori da. Niri ere gertatzen zait, eta esaten dut, joe, hogei urte KEB lantzen eta estimulu handi bat datorkidanean kontraerasoan hasten naiz. Horregatik bilatu ditugu tresnak kontzienteago izateko, senak hainbeste ez gidatzeko borrokara, eta erreakzio hori mozteko. Sistema linbikoa txirrista bat bezalakoa da, behin txirristan zaudenean, jaitsi egin behar duzu. Onartu, izorratu egingo duzu, ez da dena nahi bezain polita aterako. Ez gara perfektuak, gizakiak gara. Baina txirrista hori entrenatu daiteke denborarekin motzagoa izateko, eta ez gelditzeko hainbeste denbora hor barruan. Komunikazio Ez Bortitzarekin, meditazioarekin eta halakoekin bezala, txirrista txikiagoa egiten da, errazago aktibatzen duzu neokortexa, eta lehenago egin dezakezu hausnarketa hori.
"Tresnak bilatu behar ditugu senak hainbeste ez gidatzeko borrokara, hori mozteko"
Lau belarri ezberdinekin entzuteko aukera dugula diozu. Txakal belarriak dira komunikazio bortitza, ezta?
Bai, eta izan daitezke txakal belarriak barrura edo kanporaka. Anekdota bat asmatuko dut hobeto azaltzeko. Ni alabarekin batera esnatzen naiz goizetan, institutura doanean bokata egiten laguntzeko, eta berarekin egon ahal izateko. Demagun, goiz batean atea entzuten dudala ixten, eta konturatzen naiz joan egin dela. Txakal belarriak kanporaka jartzen baditut, da pilotak kanpora botatzen ari naizela. "A zer aurpegi duen honek, ni esnatzen naiz goizero bokata egitera eta hau joan egin da ezer esan gabe. Azken aldia, inoiz gehiago ez diot bokata egingo...". Epaiketa, orokortzea, hori litzateke; baina badago beste mota bat, txakal belarriak barrura, eta hori da nik bola irensten dudala. "Zerbait egingo nuen nik gaizki, gaizki heziko nuen, ez naiz hain ama ona, agian hanka sartu dut zerbaitetan, ez nau hainbeste maite eta merezi dut". Automatxakea da aukera hau. Uste dut aldatzen ari dela, baina emakume asko heziago egon dira automatxakean, gauzak irenstean eta errudun sentitzean, eta aldiz, amorrua eta haserrea kanpora erakustea onartuago egon da gizonentzat. Gero nortasunaren arabera aldatzen bada ere, noski.
Eta honen aldean, jirafa belarriak jar ditzakezu.
Hori da. KEBren ikuspegiak gonbidatzen zaitu, lehenik, jirafa belarriak barruraka jartzera, nire buruarekiko. Abioietan bezala, oxigeno maskara lehenengo zuk jarri behar duzula, eta gero besteei, ba halaxe. Ideia da autoenpatia bilatzea. "Honek eragin dit, zergatik? Zer falta zait? Minduta nago, triste, pixka bat haserre ere bai, inporta zaidalako alabarekin gertutasuna, eta behar ditut aitortza eta errespetua, adibidez". Ados, saiatu naiteke zerbait egiten behar horiek aintzat hartzeko. Izan nik bakarrik, alabari eskatuta, edo beste nolabait, estrategia ezberdinak egon daitezke. Hori eginda, beste pertsonarekin enpatia izateko gogorik baduzu, jarri ditzakezu jirafa belarriak kanporaka. Alaba lotsagabe bezala ikusi beharrean, saiatu ikusten bere sentimendu eta beharrekin. "Nola bizi du 13 urteko neska batek goiza? Agian erdi lo zegoen, eta erraztasuna soilik behar du, edo agian estresatuta dago, edo minduta zerbaitekin". Hala pentsatzen hasten banaiz, errazagoa izango zait lasaitzea eta ez hartzea pertsonalera. Tresna guzti hauek izanda, erabaki dezakezu nondik emango duzun hurrengo pausoa, bestearekiko haserretik, automatxaketik, autoenpatiatik edo bestearekiko enpatiatik. Aukera asko dauzkazu beti.