Argazkilari arabar baten bila dabiltza 'Argazkia.eus' lehiaketarako

Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 10:04

Ibai Zangitu eta Sandra Remon, topaketaren aurkezpenean: Argazkia: ARGAZKIA.EUS

Lurralde bakoitzeko argazkilari bana aukeratuko dute Argazkia.eus Euskal Herriko II. Argazki Topaketarako. Martxoaren 30era arteko epea dago lanak aurkezteko.

Aretxabaletako Udalak Argazkia.eus Euskal Herriko lehen argazki topaketa egingo du 2025eko maiatzaren 10an, eta, data horren bueltan egingo den lehiaketan parte hartzeko deialdia egin du. Orotara, 4.000 euroko sariak banatuko ditu, 500 euroko zortzi saritan hain zuzen ere —Euskal Herriko probintzia bakoitzeko bana, eta Aretxabaletako zortzigarren bat—. Hala, iazko hitzorduan egin zuten modu berean, aurten Arabako argazkilari batek 500 euroko saria irabazi ahalko du, eta bere lana jendaurrean aurkezteko aukera izango du, Gipuzkoako herrian egingo den erakusketa kolektibo batean.

Endika Diaz Garcia argazkilari amurrioarra izan zen iaz egin zen aurreneko deialdiaren irabazlea, Arde la niebla izeneko proiektuarekin.

Parte hartzaileek martxoaren 30a baino lehen karpeta bat bidali beharko dute WeTransfer zerbitzuaren bidez argazkia.eus@gmail.com posta elektronikora, JPG formatuan gordetako hogei argazkirekin. Horiez gain, honako hauek erantsi beharko dira: argazki proiektuari buruzko informazioa, curriculum artistikoa, NANaren kopia edo Euskal Herrian bizi dela egiaztatzen duen agiria. 

Apirilaren 7an jakinaraziko dira proiektu irabazleak, eta hautatutako argazkilariek maiatzaren 10ean Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egingo den topaketara joateko konpromisoa hartzen dute, bai eta erakusketan zein hitzaldi batean parte hartzekoa ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago