'Arde la niebla'

Mendateko lainoa sutan jarri zenekoa

Juanma Gallego 2024ko urr. 26a, 06:00

Urduñako mendateak duen "energia" islatzen ahalegindu da Endika Diaz argazkilaria. Bertan, behe-lainoa ohiko fenomenoa da urteko egun askotan. Argazkia: ENDIKA DIAZ

Arde la niebla bildumarekin, argazkia.eus Euskal Herriko lehen argazkilaritza sariketan Arabako saria jaso du Endika Diaz argazkilari amurrioarrak. 1962an Urduñako mendatean izandako istripu bat egon da bildumaren abiapuntuan, eta askotariko irudiez baliatu da argazkilaria istorio latz hori lehen lerrora ekartzeko. 

Urduñako mendatea ezagutzen duten askok jakingo dute galiziarren bihurgunea bezala ezagutzen den zatia, baina, eskualdetik kanpokoen artean, seguru aski ez dira asko dakitenak izendapen horren atzean ezbehar latz bat egon zela. Duela sei hamarkada baino gehiago gertatu zen: 1962ko uztailaren 24an, zehazki. Egun horretan, Bilbon kontzertu bat ematekoa zuten Galiziako Compostela Orkestrako kideak zeramatzan mikrobus batek bihurgune horretan istripu larria izan zuen.

"ARGAZKI MOTA DESBERDINAK EGON ARREN, DENEK ISTORIO BERARI EGITEN DIOTE ERREFERENTZIA". ENDIKA DIAZ, ARGAZKILARIA

"Bihurgunetik irten eta 200 metro inguru amildu zen mikrobusa, nahiko sarbide kaskarra zuen pagadi batean amaitu arte", azaldu du Endika Diaz argazkilariak. "Amurrioko zein Urduñako jendea istripuaren lekura joan zen, erreskate lanetan laguntzeko, eta hildakoak zein zaurituak bertatik atera ahal izateko. Orotara, lau lagun hil ziren".

Garaiko egunkariek luze eta zabal jorratu zituzten Urduñan izandako istripuaren gaineko xehetasunak. Argazkia: ENDIKA DIAZ

Gaiari buruz hamasei argazkiz osatutako irudi bilduma batekin Araba mailako saria eskuratu du Diazek aurten lehen aldiz Aretxabaletan (Gipuzkoa) egin duten argazkia.eus lehiaketan. Bertako udalaren eta Arkupe kultur etxearen laguntzarekin, etaJardin Remoto eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Euskal Herriko probintzia bakoitzeko irabazle bat aukeratu dute bertan, Aretxabaletako zortzigarren batekin batera. Saritutako argazkiekin erakusketa bat antolatu dute Gipuzkoako herrian. Amurrioko argazkilaria oso pozik azaldu da bertan bizi izandakoarekin. "Esperientzia oso polita eta aberasgarria izan da", azaldu du. "Gainera, finalisten artean oso lan ederrak zeuden, eta aurkezpenaren egunean izugarrizko feeling polita egon zen. Gainera, Jardin Remotoko Gustavo Bravok komisariatutako erakusketa izan da, eta izugarrizko nortasuna hartu du. Oso lan desberdinak ziren arren, Gustavok lortu du guztien arteko amankomuntasun bat edo ildo natural bat".

Beldurra kentzeko

Ogibidez ingeniari informatikoa da Diaz. Berak kontatzen duenez, 2016. urtean hasi zen argazkilaritzan, baina 2020. urtera arte ez zen hasi argazkiekin "proiektuka" lanean. Hain justu, orduan hasi zen orain saritu duten Arde la niebla proiektuaren lehen adreiluak jartzen, eta, beraz, lau urte eman ditu zeregin horretan. "Kuriosoena da argazkilaritzan hasi nintzen uneak kointziditu zuela momentu batekin non errepideei eta auto istripuei beldurra kentzen ari nintzaien", gogora ekarri du. Hala, argazkilaritza lagungarria izan zitzaion autoa hartzeko eta argazkiak ateratzeko aitzakia gisa erabiltzeko. "Asteburuetan, kamera hartu eta nire burua behartzen nuen gidatzera eta Aiaraldeko errepideetara ateratzera". Orduan konturatu zen erretratatzen zituen espazioetan errepideak beti erdian zeudela, argazkien ardatz.

Bidaia horietan Urduñako mendatera maiz joaten zen, mendatearen nolabaiteko energia islatu nahian. Dioenez, bertako giroa oso bitxia da, beti behe-lainoz josia dagoelako. "Esparru hartan, beti argazki subjektiboak egiten nituen, ikusleari espazioa eta ulertzeko aukera uzten dizkioten horiek". Bada, bertan argazkiak egiten ari zela, galiziarren bihurgune horrekin egin zuen topo, bai eta horren atzean zegoen istorioarekin ere. Informazio bila, udaletxeetako artxiboetara ere jo zuen, eta une hori bizi izan zuten testiguekin ere egoteko parada izan du. Osagai horiekin guztiekin ondu du erakusketa.

"Hori dela eta, nire lanak uztartzen ditu mendatearen energia islatu nahi duten argazkiak, bai espazio argazkiak eta subjektiboak, eta, bestalde, istripuaren arrastoen argazkiak, oraindik ere pagadi hartan aurkitu daitezkeelako". Horiei gehitu dizkie udaletxeetan lortutako espedienteen argazkiak. "Argazki mota desberdinak diren arren, denek istorio berari erreferentzia egiten diete", zehaztu du.

Urduñako paisaiak kontakizunaren parte garrantzitsu bat dira Endika Diazek osatutako argazki bilduman. Argazkia: ENDIKA DIAZ

Testiguekin hitz egitean, gainera, garaiko hedabideetan jasotako kontakizunaren zati bat nolabait zalantzan jartzeko bidea ireki zaio. Izan ere, garaiko prentsak dio behe-lainoak zeresan handia izan zuela istripuan. "Baina jaso ditudan testigantzek esaten dute zaurituak eta hildakoak odoletan ateratzen ari zirenean bero handia egiten zuela". Eguraldia edozein zela ere, Diazek argi du behe-lainoa inguruko protagonista handia dela, agian urtean 150 egunez mendatea behe-lainoz josita dagoelako. Hortaz, bildumari Arde la niebla izenburua eman dio, irakurri zuen poema batetik abiatuta.

"Ni berez fidatzen naiz jasotako testigantzekin, baina ez diot kontuari garrantzi handirik ematen. Argi dago mendatearen energia hori dela, behe-lainoa, eta bertan beste hainbat istripu larri egon direla, gidatzeko oso errepide latza baita", argitu du.

Erakusketak eta liburua

Besteak beste, bertan arras ezaguna da pilatzen den hodeitza. "Desnibelagatik, goian txapela sortzen da; lainopila edo el bollo de Orduña deitzen dutena. Berez, argazkietako bat horren barruan aterata dago, eta proiektuaren hasieran lainopilak berak garrantzi handia hartu zuen arren, azkenean argazkilariak protagonismoa kendu nahi izan dio, galiziarren bihurgunearen istorioak garrantzia eskuratu izan duen bitartean.

Aretxabaletan erakusgai egon ondoren, Diazek hitzartuta ditu erakusketak inguruko bi udal handirekin. Hala, argazkien bilduma Amurrioko La Casonan egongo da lehenik eta behin, eta datorren urtearen amaierarako Urduñan jartzea aurreikusita dauka. Erakusketen ziklo horiek bukatuta, proiektua fotoliburu batera eramateko asmoa agertu du argazkilariak. "Horretarako finantziazioa aurkitu behar dut, baina, berez, bilduma honekin buruan dudan hurrengo helmuga da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago