Down Arabak 30. urteurreneko programazioa aurkeztu du

Erredakzioa 2025ko mar. 11a, 08:45

Foru Aldundiaren babesa izan du elkarteak urteurrena ospatzeko. Argazkia: AFA

Hogei bat jarduera egingo dituzte urte osoan zehar. Hiru hamarkada daramatza elkarteak Down-en sindromea dutenen eskubideak defendatzen eta gizarteratzea errazten.

Down Araba-Isabel Orbe elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta egitarau oparoa aurkeztu zuten atzo, urte osoan zehar ospatzeko. Javier Agirreurreta elkarteko presidentearen esanetan, gizarteak oraindik onartu egin behar du "gainerako pertsonak bezalakoak direla, emozio, eskubide eta betebehar berberekin".

Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatua eta Aitor Cuesta kolektiboko bazkideak eman zuten programazioaren berri, Agirreurretarein batera. Hogei jarduera inguru diseinatu ditu hiru hamarkadak ospatzeko, datorren astean hasita. Stand bat jarriko dute Boulevard merkataritza zentroan martxoaren 21 eta 22an, Down-en sindromearen egunaren harira. Baskoniako Aker maskota ere izango da bertan.

Javier Agirreurreta presidenteak azaldu du elkartearen helburua dela Down-en sindromea duten pertsonen eskubideak defendatu eta "maila guztietan" gizarteratzea erraztea. Gizarteari dei egin gio, hausnartu dezan zergatik kostatzen zaigun Down-en sindromea duten pertsonak barneratzea zenbait esparrutan. Bizitza autonomoa garatzeko aukera eskaintzen die elkarteak hala nahi dutenei.

1995 otsailaren 16an sortu zen "Isabel Orbe" Down-en sindromearen aldeko elkartea, garaiko tratamendu eta ezagutza faltan eragin nahian. Urte hartan bertan hil zen Isabel Orbe psikiatra, eta hura omendu nahi izan zuten izenarekin, Down-en sindromea zuten pertsonekin egindako lana eskertzeko. Gaur egun, elkarteak 60 familia biltzen ditu, eta 9 langile eta 20 boluntario dabiltza lanean.

 30. urteurreneko egitaraua:

  • Apirilak 6: Ongintzazko zozketa bat antolatuko da Baskoniarekin lankidetzan.

  • Apirilak 8, 9 eta 10: Gasteiz On pasarelan parte hartuko dute.

  • Apirilak 27: Down Arabako dantza taldearen emanaldia San Prudentzioetako erretretan.

  • Maiatzak 11: Dantza taldearen emanaldia Dantzaren Eguneko ekitaldietan. 

  • Maiatzak 22: Poetak maiatzean programan parte hartzea.

  • Irailak 26-27-28: Down-en sindromeari buruzko ikastaroa.

  • Urriak 17: Down Arabaren 30. urteurreneko gala, Goiuri jauregian.

  • Azaroan: Down Araba-Isabel Orberen 2026ko egutegia aurkeztuko da.

  • Abenduak 3: Txokolatada Desgaitasunaren Eguna ospatzeko.

  • Abenduak 5: Boluntarioen Egunaren ospakizuna.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago