Euskal Herriko lehen greba feministak kultura aldaketa batean sartzeko balio izan zuela uste du Uma Ulazia (Mutriku, 2001) politologoak, eta 2023koa, aldiz, diskurtsoan moderatuagoa izan zela, negoziazioa helburu zuelako. Hausnarketa hori jaso du Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik izena duen saiakeran. "Aldaketa kultural bat sustatu behar dugu, ondoren negoziazioa sustatzeko, eta alderantziz". Zuian aurkeztuko du saiakera hurrengo hilabeteetan.
2019 eta 2023ko Euskal Herriko greba feministetako diskurtsoak aztertu dituzu. Zergatik jarri duzu fokua bi greba horietan? Zer helbururekin idatzi duzu?
Liburuaren oinarrian dagoen ikerketarekin eta liburuaren idazketa prozesuarekin bigarren greba orokorraren prestaketa garaian hasi nintzen. Mugimendu feministatik zaintzaren inguruko diskurtsoa sortzen gabiltza, mugimendu feministaren sektore desberdinetatik, nire kasuan gazte perspektibatik. Zaintzari adiera desberdinak ematen ari ginela ikusten nuen, konnotazio oso desberdinak, eta diskurtsoa pixka bat ordenatzeko behar horretatik abiatuta hasi nintzen idazten; ikusten nuen bi grebetan desberdina izan zela zaintzaren tratamendua. Hortik abiatu da liburu hau, eta borrokarako baliagarri izateko asmoarekin.
Grebetako diskurtsoak aztertu dituzu, eta bien arteko ezberdintasunak azaldu.Zertan ikusi duzu alderik nabarmenenak?
"Oso errotua dago gizonak eta emakumeak, berez, desberdinak garela justifikatzea"
Grebetan hizpide izan ditugu sexua edo emakumeen eta gizonen existentzia, eta bien arteko harremana; zaintzak ere; eta publikotasunarekin zerikusia duten aldarriak edo sistema publiko komunitarioaren aldarriarekin zerikusia dituzten gaiak. Egin dudana da hauek aztertu idealismotik eta materialismotik, nolabait pentsamendu marko desberdinetatik, eta ikusi dut 2019ko greban egin dugun hautua gehiago izan dela materialismotik; marko horretatik eratorritako ideiak gailendu direla ohartu naiz, eta badela diskurtso erradikalagoa, edo helburua delako aldaketa kultural erradikal bat bilatzea. Eta kontrara, 2023an, gehiago idealismoaren moderazioa erabili dugula, helburua izango delako negoziatzea, eta moderazio hori erabili dugulako negoziatu ahal izateko, zuzenean publikotasunaren defentsarekin lotuta; eta gehiago zaintza sistema publiko hori izateko logikan murgildu garela.
Kontrajarriak dira bi diskurtso horiek?
Ez. Elkar elikatzen dira. Aldaketa kultural bat sustatu behar dugu, ondoren negoziazioa sustatzeko, eta alderantziz. Kontua da asmatzea momentuaren arabera ea eraginkorragoa zaigun logika bat edo bestea erabiltzea. Nik liburuan defendatzen dudana da materialistak izan behar garela, eta logika horietan ulertu behar dugula borroka, baina idealismoaren moderazio hori erabili dezakegula estrategikoki garaipen materialetan sakontzeko.
Bi marko horien gaineko analisia egin duzu: materialista eta idealista. Zuk, feminismo materialistatik planteatzen duzu bidea. Zer da feminismo materialista?
Feminismo materialista eta idealista kontzeptu bezala agian ez ditugu modu kontzientean sailkatuta; baina gero, borrokak aurrera eramaterako orduan, tokian tokiko borrokek, egunerokotasuneko borrokek, lurreratze oso konkretua eta zehatza dute. Hitz potoloak dira, baina gero badute oso lurreratze erraza. Errazago ulertzen dira bata bestearekin zuzenean kontrajarrita. Feminismo idealistatik esango dena da emakumeak eta gizonak naturalki direla desberdinak, badirela bi sexu biologiko desberdin, eta biologia edo natura hori ezin dela aldatu; orduan, emakumearen berezko desberdintasun hori badagoela kulturalki debaluatuta, edo gutxiago balio duela. Eta kontrara, materialismotik esango duguna da ezberdintasun natural hori sortu egiten dutela eta erabili egiten dutela inposatzeko inposatu nahi digutena, natura ezin delako aldatu; lan ez ordaindua inposatzeko, oztopatzeko jakituriarako sarbide batzuk, biolentziarako gaitasuna… Egiten duguna da natura deitu dioten hori, aldatu ezin zitekeen hori, borroka esparru bihurtu, ez dagoelako ezer aldatu ezin dena; eta beraz, ezer ez dagoenez berezkoa, sexuen arteko desagerpena bera planteatzen dugu. Hori da nire ustez interesgarria, ez dagoela ezer naturala, aldatu ezin daitekeena, baizik eta inposatu nahi diguten hori, nolabait, borroka eremu bihurtzen dugula.
"Gazte perspektiba txertatu dut, baina helburua ez da izan gaztetasunari begira idaztea"
Nola definitu zaintza bera?
Materialismotik zaintza ez da izango lan konkretu batzuen batuketa, alegia zaintza ez da izango haurrak zaintzea, iloba dutxatzea, erizainen lanak egitea… Zaintza da emakumeek baldintza prekarioetan egiten duten lan guztia. Eta hain justu zaintza deitzen diogu emakumeek egiten dutenean baldintza horietan. Ez dugu egingo nolabait lan batzuk balore gehiago izatearen alde, arazoa ez delako lan horien debaluazioa, baizik eta emakumearen zapalkuntza. Orduan, gatazka kokatzen da hor, gizonen eta emakumeen arteko botere diferentzian. Materialismotik hori da zaintza, pobretzen gaituena, desjabetzea.
Nola artikulatzen dira bi diskurtso horiek 2019ko eta 2023ko grebetan?
Bereziki, 2023ko greban erabili dugu zaintza eskubidea izan behar denaren adiera, eta kasu horretan gehiago izango lirateke lan feminizatuak, eta aldarrikatuko duguna da pribatizatuta daudela edo familiarizatuta daudela, eta beraz, bidea izan behar dela estatuak hartzea lan horien gaineko ardura eta kudeatu ahal izatea publiko-komunitarioki. Nolabait, egingo dena da zaintzarako eskubidea aldarrikatu, zaintza eman eta jasotzeko eskubidea.
2019ko diskurtsoa erradikalagoa izan zen?
2019koak gatazka erradikalagoa kokatzen du gizonen eta emakumeen artean. 2023koak, berriz, gehiago sustatu dezake negoziazio bat; eta beraz sektore publikoaren sendotze baterako estrategia da. Segun eta gatazka non kokatu, segun eta helburua zein den, bata edo bestea erabiltzen da. Nik uste dut elkar elikatzen dutela ere, eta inkluso 2019an bi adierak erabili ziren, eta modu kontzientean esan genuen tartekatzea interesgarria izan zitekeela erabili nahi dugun kontestuaren arabera.
Militante gisa idatzi duzu liburua. Gazte feminista mugimenduko kidea zara. Emakume gazte feministen ikuspuntua edo kezkak txertatu dituzu edo belaunaldien artekoa da hausnarketa?
Gazte perspektiba nahitaez txertatu dut, baina helburua ez da inolaz ere gaztetasunari begira soilik idaztea, baizik eta agian gure kontestutik idaztea, gaztetasunak eskaintzen dituelako aukerak perspektiba berriagoak eskaintzeko, erradikaltasunean sakontzeko aukera; noski, esperientziatik ez dugu hainbeste, baina bakoitzak beretik. Gazte izateak badu eragina, eta esango nuke, adibidez, materialismoa hedatuagoa dagoela gazteon artean, sexu genero disidenteen mugimenduetan; eta bereziki esango nuke gazteon artean, ikusten dugulako heterosexualitatearen haustura handiago bat, ikusten dugulako gatazkaren erradikalizazio bat feminismoarekin loturan, espazio ez mistoen aldarrikatze handiago bat…. Perspektiba finkatzeko orduan uste dut bi puntu horiek garrantzitsuak izan direla, eta horrekin guztiarekin lotuta ni ere mugimendu horietatik etortzea.
"2019ko grebak gatazka erradikalagoa kokatzen du, gizonen eta emakumeen artean"
Emakumeok klase soziala osatzen dugula diozu, baina emakumeen artean ere klase sozialak inposatzen dira.
Nik esango nuke klase sozial desberdinak daudela, badagoela langile klasea eta burgesia; eta gero langile klasearen artean emakumeak kulturalki debaluatuak daudela. Sexu klasearen artean hori azaltzen dugu esanez ez bada natura bereizten gaituena, ez badago ezberdintasun naturalik, bereizten gaituena boterea dela, eta beraz, desberdintzen gaituena boterea den heinean, hitz egiten dugu klase sozialez, eta beraz hitz egiten dugu produkzio erlazio patriarkalez, hitz egiten dugu klase sozialak deusestatzeko beharraz eta klaseen arteko gatazka sustatzeko beharraz. Egiten dena da nolabait tresna marxistak aplikatu patriarkatua azaltzeko, eta modu horretan sustatu, klase sozial gehiago badaudenez, klase sozial ezberdinen arteko borrokak behar ditugula, eta horrek sortzen dituela baldintzak erdiguneratzeko, ez soilik langile klasearen borroka, baizik eta langile borrokarekin batera, borroka feminista ere eta borroka antiarrazista ere.
Nola hedatu da idealismo patriarkala feminismoaren ikuskeran eta diskurtsoetan. Adibideak jarriko zenituzke?
Gizonak eta emakumeak, berez, desberdinak garela justifikatzea, adibidez, oso presente dago oro har, eta aldarrikatzea desberdintasun hori, eta ospatzea emakumeen berezko desberdintasun hori. Agian hori da bereziki errotuta dagoena. Bada ere perspektiba oso ohiko bat; badaudela gizon erasotzaileak eta gizon onak; eta guk uko egiten diogu horri –ez inolaz ere erasotzen duten gizonak ez seinalatzeko, baizik eta begirada hori osagarritzeko edo konplexutzeko–; eta guk esaten dugu kolektibo oso batek baimentzen duela hori, gizonen kolektibo oso batek edo klase sozial oso batek baimentzen duela, eta inpunitatea duela indarkeria praktikatzeko eta legitimatzeko. Nolabait irakurketa estruktural horiek planteatzen ditugu materialismotik idealismoaren logika isolatzailearen aurrean; ez direlako kasu isolatuak.
Zer ikasi du mugimendu feministak bi grebetatik? Zer nolako pausuak eman behar dira aurrerantzean?
Ikasi dugun horretatik ikusiko dugu hemendik aurrerako pausuak zer nola eman, eta eztabaidatuko dugu horretaz. Egia da, orohar, irakaspen pilo bat izan dugula bi grebetatik, jakintza pilo bat bildu ditugula esango nuke, ikusi dugu zerk balio izan digun momentu batean eta zerk ez. 2023ko grebaren ondoren helburua zen negoziazioa, eta horregatik eskatu genituen mahai interinstituzionalak osatzeko, negoziatzeko zuzenean; eta gaur egun oraindik Nafarroako eta EAEko gobernuek entzungor egiten diete mugimendu feministaren aldarriei. Aurrerantzean, ikusi beharko dugu bide interpelatzaile horretan jarraitu, edo ea nahi dugun zaintzaren aldaketa kultural erradikala sustatu.
'Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feminista' da Martxoak 8ko aurtengo leloa. Zer da aldarrikatuko duena mugimendu feministak?
Erabaki dugu fokua jartzea eskuin muturraren gorakadan, ikusi dugulako zabaltzen ari dela sistema politikoetan, mendebaldean eta Latinoamerikan, eta sare sozialetan ere hedatuta dagoela. Arrazismo bortitzago batekin lotuta datorrela uste dugu, eta feminismoaren kontrako erreakzio batekin; eta gainera uste dugu faxismoaren edo eskuin muturraren gorakada horrek elikatu dituela ere ezkerrean erreakzio batzuk. Erabaki dugu horretan zentratzea, konpromiso antifaxista berrestea, eta logika horrekin hartuko ditugu kaleak eta antolakuntza feministaren aldarria egingo dugu.