ALEAk 10 urte

10 bete berri, eta hamaika egiteko

Erredakzioa 2025ko ots. 24a, 11:52

10 urte bete ditu aurten ALEAk. Argazkia: ALEA

10 bete berri, eta hamaika egiteko Itsusi geratzen da norberak bere buruari loreak botatzen hastea eta, horrexegatik, aitzakia hori baliatuta, inguruan ditugun lagunei eskatu diegu ALEAk hamar urte hauetan egindakoa baloratzeko. Onerako zein txarrerako, eta bide batez, aurrera begira, etxeko lanak jar diezazkigutela ere eskatu diegu.

Rober Gutierrez

 

"Geu Gasteiz aldizkaria desagertu ondoren, beharrezkoa zen era honetako proiektu komunikatibo bat abiatzea, euskaraz, Araba osorako eta gertuko informazioa oinarri. Euskaraz bizi nahi duen komunitateak tresnak behar ditu eta ALEA horietako bat da, beharrezkoa baita informazioa eskainiko diguten euskarazko komunikabide sendoak ere eskura izatea. ALEAk 0 Kilometroko informazioa eskaintzen digu, tokiko informazioa eta eduki erakargarriak eta hurbilak, euskaraz. Euskaraz bizi nahi duen komunitatearentzat interesekoak diren berriak eta sarri gainerako hedabideetan agertuko ez direnak. Gainera, azken bolada honetan ikusten ari gara bertako negozioak eta ekonomia sustatzeko ahaleginean ari dela, ALEA aplikazioaren bitartez, esate baterako. Proiektu komunikatibo soil bat baino zerbait gehiago da. Arabako eta Gasteizko euskaldunon erreferentziazko komunikabide izatera iristeko lanean segitzeko eskatuko nioke, beste ezeren gainetik. Zerbait gertatzen denean, ALEAn irakurri nahi dut. Gertuko albisteen esklusibak ALEAn irakurri nahi ditut, beste komunikabide batean agertu aurretik".


Itsaso Estarrona

"Arabako euskaldunok ez genuen Arabaren berri euskaraz ematen zigun komunikabiderik, eta ALEAk hutsune hori bete zuen, zorionez! Gainera, beste ekarpen garrantzitsu bat egin duela iruditzen zait: sasi- kazetaritzaren garaian, zeinetan gure inguruko hedabide asko kazetaritzaren printzipioak urratzen ari diren, ALEAk kazetaritza konprometituaren eta kalitatezkoaren alde egin du. Eta zerbait eskatzekotan, agian, arabar euskaltzaleon txokotik harago iristera animatzeko! Zergatik ez".


Mitxel Elortza

"ALEAk Arabako euskaldunoi euskaraz informatu eta saretzeko aukera ematen digu. ALEAri esker albiste eta iritzi artikuluak euskaraz irakurtzeko aukera dugu. Gainera, Euskararen Agendaren bidez ere Araba osoan euskarazko kultur eskaintza jasotzen dugu astero. Araba osorako jarduten duen euskara hutsezko hedabide bakarra da. Guztiz beharrezkoa euskaldunontzat. Mila esker, bene-benetan. Ametsa hazten jarraitzea eskatuko nioke. Hiriko albiste gehiago jasotzea, astekari formatutik eguneroko formatura pasatzea zoragarria litzateke".


Alex Vadillo

"Geu Gasteiz aldizkaria abian jarri zenean eztabaida bat sortu zen. Zer da euskarazko toki aldizkari bat? Tokian tokiko informazioa euskaraz emango duena? Ala tokian tokiko euskal komunitatea hizpide izango duena? Erantzuna erraza zen: biak. Beti ez da erraza izaten tentsio hori kudeatu eta bien arteko oreka bilatzea, baina esango nuke ALEA aldizkariak jakin duela bere bidea bilatzen. Mikel Irizarri orain aste batzuk halaxe irakurri nion: “Komunitate trinkotua da herrigintzaren (euskalgintzaren) oinarria. Eta toki komunikazioa da trinkotze horretarako tresnarik eraginkorrena”. Hor ikusten ditut nik erronkak, Gasteizko euskal komunitatea asko aldatu baita 1992. urtetik hona. Hiztun kopurua biderkatu egin da; hiztunaren profila mudatuz doa; atxikimendu- moldeak aldatu dira (atxikimendu likidoaz hitz egiten da orain)… Errealitate berri horiek ongi irakurtzea eta egoki erantzutea: hori ote da erronka?".


Leire Sueskun

"ALEAk euskarari beste esparru edo funtzio bat eman dio: profesionaltasun eta zintzotasunez eraikia, mimoz landua eta Araba bere osotasunean hartzen duena. Gure lurraldean gertatzen denaren berri ematen digu ALEAk, tokikotasuna oinarri, hurbiltasunez askotariko gaiak astero gerturatzeko. Horrez gain, euskaraz bizi nahi dugun familiontzat oinarrizko kontsulta-gune bihurtu da Euskararen Agenda: Araban dagoen kultur zein aisialdi eskaintza ezagutu nahi izanez gero, bertara jo besterik ez dugu egin behar. Baietz beste 10 urte…eta gehiago ere bai!".


Iban Arantzabal

"ALEAren ekarpenaz Aleakideei galdetuz gero erantzungo luketena, edota, demagun, Gasteizen bizi arren euskarara pittin bat ere gerturatu ez denak liokeena bi mundu izan daitezke. Batendako alea dena granoa izan liteke bestearendako. Egongo da ALEAk granoak ateratzen dizkionik ere. ALEA, hala ere, proiektu finkatua da gaur gaurkoz, ez dira alferrik pasatzen urteak. Eta granoak ateratzeraino ez dakit, baina kazetaritzak azkura sortu behar duela ez dago zalantzarik dagoeneko: euskararen entzutea badutenei, euskara denik ere ez dakitenei eta baita euskaldunei edota euskaltzaleei ere. Ez da lagunak egiteko ofiziorik onena. Kazetaritza da. Hori bakarrik eta hori dena. ALEAren zeregina xumea eta beharrezkoa da. Ekarpena, beraz, euskarazko agendak, elkarrizketak, albisteak eta abarrekoak topatu, egin eta pertsonengana helaraztean dago. Nahiko genukeen baino gutxiagorengana heltzen gara eta aurrera begira horixe da daukagun egiteko garrantzitsuena. Eduki ona eta denendakoa egin eta irakurleei helarazi. Beti gehiago nahi!".


Mikel Arrieta

"GEU Gasteizek, Goienak eta Berriak orain hamar urte martxan jarri genuen proiektu komunikatiboak balio izan du arabarrei euren herriko informazioa eskaintzeko eta, era berean, Arabako euskaldunen sarea ehuntzeko. Kalitatezko kazetaritza eta euskara uztartu ditu ALEAk. Zorionak urte guzti hauetan proiektu hau posible egin duzuen guztiei! Hedabideek euskararen normalizazioan eta erabileran duten eragina nabarmena da. ALEA beste tresna bat da euskaraz bizi nahi duten arabarrentzat. Azken urteetan etengabeko eraldaketan dago kazetaritza: berehalakotasuna, digitalizazioa, albiste faltsuak, adimen artifi zialaren eragina..... Garai berriei eta erronka berriei aurre egin behar die kazetaritzak. Arabatik eta arabarrentzat kazetaritza ona egiten jarraitzea da gure erronka. Kazetaritza ona egiten jarraitzeko eta gure proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko, ezinbestekoa dugu komunitatearen babesa, Arabako euskaltzaleen babesa. Komunitateak izan behar du ALEAren sustengu nagusia".


Eñaut Iraeta

"Euskarazko hedabideen alorrean Araba mailan zegoen hutsunea bete du ALEAk, eta hori kalitatezko edukiekin egin du gainera. Euskal komunitatearen sarea trinkotzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Nik pertsonalki beste hedabide batzuetan aurkitzen ez ditudan sakoneko elkarrizketa horiekin gozatu egiten dut. Hazten jarraitzea nahiko nuke, gero eta txoko eta etxe gehiagotara iristeko, bizi garen gizarte digital honen erronkei aurre egiteko eta, eskatzea libre denez, zaila izan arren, gazteentzako erreferente bilakatzeko. Gure etorkizuna hor dago, digitalean eta gazteengan, eta horiek engantxantzeko modua aurkitu beharko luke ALEA aldizkariak; podcastak, aplikazioak, sare sozialak... bide horretan sakontzen jarraitu beharko luke".


Vanessa Sanchez

"Hamar urte, jada, ALEA gure bizitzan sartu zenetik? Zeinen azkar pasa diren eta zeinen aberasgarriak izan diren urte hauek. Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkizuet Araban beharrezkotzat jotzen dudan aldizkaria egiteagatik: euskaraz, gertukoa, freskoa, inspiratzailea eta lurraldeari eta lurrari lotutakoa. Bereziki estimatzen ditut etorkizunarekiko itxaropena ematen duten informazioak. Jasangarritasunarekin lotutako ekimen xumeak, kasu. Gainera, beste komunikabide batzuek ez bezala, zuek azalera daramatzazue. Mila esker, txiki hori handi, eredu bihurtzeagatik. Sarritan, Araba deskubritzen lagundu didazue, beste inon irakurri ez ditudan kontakizunen bidez. Pentsa zenbat estimatzen zaituztedan, nire bidaietan, jada irakurri ditudan ALEAk alojamendu batean, autobusean edo trenean uzten ditudala, beste norbaitek deskubrituko zaituzten ilusioz. Etorkizunari begira, espero dut zuekin Araba hobeto ezagutzen jarraitzea, zabaltzen dizkidazuen leiho horietatik".


Joxe Rojas

"Teknologiaren multinazional estatubatuarrak mundu osoko komunikazio eremua irensten eta berdintzen ari zaizkigun garaiotan, ALEAk ezinbesteko papera betetzen du munduaren kolore aniztasunari eusten: bertako informazioa bertatik bertara lantzen, euskaraz eta, gainera, hainbat komunikazio eragileren elkarlanetik abiatuta. Gauza txikia eman dezake lehen begiratu batean, baina argi eta garbi uzten du posible eta desiragarria dela hedabideak egitea datuen kapitalismoa, etekin azkar eta handien egarri itsua eta erabiltzaileen zonbifikazioa ez diren beste koordenada batzuetatik. Hedabideak izan daitezkeela komunitatea trinkotzeko eta haren zerbitzura jarritako plataformak. Bizi garen testuinguruan hil ala bizikoa iruditzen zait hori gogoraraztea, eta seguru nago dirudiena baino lan zailagoa dela. Eta aurrera begira zer? Bada, aurrera begira ere datozen inertziei aurre egin eta berean jarraitzeko eskatuko nioke ALEAri. Arabako informazioa euskaratik eta euskaraz lantzen jarraitzeko, bertako jendearen eskutik, eta ez haren kontra. Ez da lan gutxi!".


Oier Azkarraga

Hamar urte bete eta hamaika betetzeko. Araba zazpigarren alaba izaten jarraitzen dugun honetan, ALEAk mapan kokatu gaitu. Gureari begiratu dio, herrialdeari bere zabaltasunean, gure kuadrillei. Guzti hori, gainera eta bereziki, batzen gaituen hizkuntzatik egin du. Gure herrialdean dauden berri, aldarrikapen, sortzaile eta eragileei bere lekua eman die eta, beti ere, mimoz egin du. Bakoitzaren onena atera du, azal eta barruetan. Gure iragana, gure oraina eta gure geroa kontatu du, eta kontatzen jarraituko du. ALEA guztiona da, guztiona den Araba hau bezala, eta guztiona den hizkuntza bezala. Arabak ALEA behar du eta ALEAk Araba. Egin zeuk ere zure ekarpena eta harpidetu zaitez, zabaldu ezazu, irakurri, parte hartu eta berriak sortzen jarraitu. Etorkizuna ekintzaz ekintza eta albistez albiste eraikitzen jarrai dezagun".


Sara Jimenez de Aberasturi

"Euskararen arnasgune bat da ALEA. Askoz errezagoa izango litzateke gaztelerazko beste hedabide bat izatea, baina hori da momentu honetan, hain zuzen ere, behar ez duguna. Izan ere, euskararen normalkuntzarekin aurrera jarraitzeko, askok bide konplexuago bat hartu behar izan dugu, eta horixe da ALEAk egiten duena ere. Bere txikitasunetik, gaztelera gailentzen den testuinguru batean, euskaraz irakurtzeko, idazteko, hitz egiteko… aukerak eskaintzen dizkigu. Horrek erakusten digu, askotan, bide konplexuago bat hartzeak bizitza politagoa, aberasgarriagoa eta, noski, euskaldunagoa bihurtzen duela. Aurrera begira, ALEAri eskatuko nioke egiten duena egiten jarraitzeko. Nahiz eta batzuetan bidea oso malkartsua iruditu, sinisteko egiten duen lanean. Izan ere, ni behintzat, eskaini didazuenak inspiratu eta bultzatu egiten nau egiten dudan horretan jarraitzeko".


Mikel Ayllon

"Egunero, oraindik ohean etzanda, begi bat ireki eta ingurura begiratu orduko hasten gara mundua kontatzen. Lehenbizi, geure buruari. Gero, behin bi begiak irekita eta begiradatik lausoa kenduta, ingurukoei ere bai. Begiratzea kontatzea baita. Eta halaxe ematen dugu eguna, elkarri begiratu eta mundua kontatzen, errealitatea esaten diogun hori eraikitzeko. Kontatzea eraikitzea baita. Badira mundua kontatzeko mila modu, jakina. Eta modu horietako bakoitzak errealitate eta mundu bat eraikitzen du. Horregatik behar dugu ALEA, munduari euskaraz begiratzeko aukera ematen digulako, mundua euskaraz eraikitzeko modu bat delako. Eta begiak gero eta irekiago dituen ALEA bat behar dugu, gainera. Batez ere beste inork ikusten ez dituen gauzak ikusi eta euskaraz kontatzeko. Mundua munduago baita euskaraz ere kontatu eta eraikitzen dugunean. Eta Araba, Arabago".


Txabi Alvarado

"Aiaraldea Komunikabidea bost urte betetzear zegoenean jaso genuen ALEAren jaiotzaren berri. Euskalgintzak erditutako proiektu komunikatibo berria, Arabaren berri emango zuena, gure hizkuntzan. Paperezko astekari gisa aurkeztu zen egitasmoa orduan, baina askoz gehiago izatera iritsi da hamarkada honetan. Papereko formatua berritzeaz gain, jauzi kuantitatibo zein kualitatibo nabarmena eman du proiektuak, asko indartuz bere presentzia esparru digitalean zein bestelako espazioetan ere. Modu horretan, Arabako euskaldunen erreferentzia izatea lortu du, ekarpena egiten baita askotan bere unerik onenak bizi izan ez dituen lurralde kohesioari ere, Arabako kuadrillak euskaraz josiz. Bide horretan, bidelagun izan dugu ALEA bere hastapenetatik, elkar elikatu baitugu gure eskualdeari lotutako edukiak partekatzerako orduan, eta elkarri partekatu dizkiogu baita ere tokiko euskarazko komunikabideen erronkei eta etorkizunari lotutako kezka eta iritziak. Bide horretan jarraitzea opa diogu, elkarrekin aurre egiteko komunikazioaren esparruan etorriko diren olatuei, euskaratik eta euskaraz".


Txema Pascual

"Esango nuke ALEA aldizkariaren ekarpena oso positiboa izan dela. Euskaraz eta bertako komunikabide bat izateak gure hizkuntzaren erabilera normalizatzen du. Niri, bereziki, elkarrizketak, kolaborazioak eta agenda kulturala gustatzen zaizkit, eta aurrerantzean ere gogor eta ilusioz jarraitzeko eskatuko nieke ALEAko langileei. Bide horretan, etorkizunera begira, agian publiko gaztearekin konektatzeko lan egin beharko litzateke, eta horretarako sare sozialak eta infl uencerrak kontuan hartu beharreko tresnak direla uste dut".


Nagore Amondarain

"Araban euskara hutsezko aldizkari baten lekua irabazi du ALEAk. Bertatik bertara ditugun gaiak euskaraz irakurri ahal izatea ekarpen handia da. Zerbait eskatzekotan, gazteengana iristeko bide bat zabaltzea ederto legoke. ALEA "zaharrunoentzako" produktu bat dela esango nuke eta gure institutuetako gazteek beste zerbaiten beharra dute. Euskarazko erreferenteak, agenda… irakurketa arinak eta errazak izango dituen bertako produktu baten beharra ikusten dut, ALEA gazte bat, alegia. Umeentzako BerriarenManttangorri dagoen moduan, astero astero, ikastetxe guztietan banatuko den produktu gazte bat".


Irene Intxausti

"Euskara maite dut, eta euskaraz komunikatzen naiz seme-alabekin. Naturala da niretzat, eta gainera erabaki kontzientea. Baina arabarra naiz, onerako eta txarrerako. Horrek esan nahi du txikitatik bizi dudala gure lurraldearen hain propioak diren elebitasun inperfektu eta euskararen prekaritate linguistikoak. Eta hala ere, hemen gaude euskarazko komunikabide baten hamargarren urteurrena ospatzen. Niretzat, ALEAk bikain irudikatzen du Arabako euskaldunok euskara bizirik mantentzeko egunero egiten dugun ahalegina. Bejondeizuela! Datozen hamar urteetarako, ALEAri eskatzen diot Araba osatzen duten ahotsen aniztasunaren bozgorailu izaten jarraitzea. Garai berrietara egokitzen jarrai dezala, bere esentzia galdu gabe, formatu digitalak eta estrategia berritzaileak esploratuz. Komunitate eta elkarlanarekiko konpromisoari eustea, euskarazko kazetaritza gure lurraldearen nortasunerako eta etorkizunerako funtsezko baita".


Stephanie Barrial

"ALEA proiektua babestuta, sentitzen dut tokiko albisteak eta euskarazko kazetaritza zabaltzen duen proiektu bat babesten ari naizela, egunen batean arazorik gabe osorik irakurriko dudan aldizkari bat. Euskara praktikatzearekin batera, gainera, zozketetan parte hartu eta inguruko kontzertuetara joateko aukera ere eman dit. Ez naiz aldizkari osoa irakurtzeko gai, momentuz, baina uste dut eskaintza zabala egiten duela iritzi artikulu, elkarrizketa eta agenda artean, eta hori sendotzen jarraitzea gustatuko litzaidake".


Edurne Begiristain

"Arabatik eta euskaraz egindako informazio tresna oso txukuna da ALEA. Behar-beharrezkoa herrialdean genuen hutsunea betetzeko. Tokian tokikoari bere garrantzia ematen dio, baina Euskal Herriko ikuspegia albo batera utzi gabe. Nabarmenduko nuke euskararen inguruko komunitatea sortzen ale garrantzitsua jartzen duela, eta euskaldun eta euskaltzaleon iritzi aniztasuna ongi islatzen duela. Eskatuko nioke jarrai dezala orain arteko lana egiten. Eskatuko nioke ausarta izateko, eta beldurrik ez izateko konfort eremutik ateratzeko gaiak jorratzerakoan. ALEAko profesionalen lan baldintzak duintzea ezinbestekoa da horretarako".


Igor Muñoz

"ALEA, Gasteizek jasotzen duen ohiko arreta deszentralizatzearen alde lan eginez, Araba osoko euskaldunen komunitatea batzeko balio izan duen komunikazio proiektua da. Eskualde guztiak kontuan hartzeko ahaleginak, baita ahaztuenak ere, Arabako nortasuna eta kide izatearen harrotasuna indartzen lagundu du. Gizarte eredu neoliberal bat inposatzen saiatzen ari diren garai honetan, hainbeste desinformazio interesaturen artean, gero eta zailagoa da egia topatzea. ALEAri eskatzen diot albiste interesatuz josiriko oihan anker honen barruan informazio oasia izateari eustea; konfi antzazko hedabide bat non arabar guztiok gure etxeko atarian gertatzen dena ezagutzeko gerturatu gaitezkeen, injerentziei beldurrik gabe".


Blanca Urgell

"Ez geneukanean ez genekien agian, baina ALEA daukagunetik konturatu gara zenbat gauza egiten diren Araban, zenbat euskaldun interesgarri dauden gure lurraldean. Lehen ez genekien, ohiko hedabideetan ez zirelako errazki kabitzen. Astero zerbait ikasten dugu orain. ALEAri jarraitzea eskatuko nioke, eta sendotzea. Badakigu ez dela bide erraza izan, eta aurrerantzean ere oztopoak egon litezkeela, baina behar dugu. Orain artean bezala, izen berriak, jende berria, ideia berriak, ekimen berriak, helburu berriak... Araban mugitzen den guztia geureganatzea. Izugarrizko aldea dago duela 40 urtetik hona. Hazi egin gara, asko gara une honetan, eta oso pozgarria da. Baina ez da nahikoa, gehiago behar dugu, espazio gehiago, jende, atxikimendu eta erabilera gehiago".


Miren Narbaiza

"Duela hamar urteko albistean irakurri dut lehen ALEA inprentara bidaltzeko "erlojupekoan" aritu zirela lanean. Ezinbestean gogora ekarri dizkit nire aurreko kazetari bizitzan Soraluzeko Pil-Pilean aldizkarian entrega bezperetan azken zuzenketak errepasatzen pasatako izerdi hotzak, argazki oina txarto dago, horko "h" hori soberan, eta abar, eta abar. Eta hura poza aste bukaeran aleak iristen zirenean, emozio festa demasa. Ez dakit oraindik ere erlojupekoaren estresa, tentsioa, urduritasuna biziko ote duten ALEAn. Hori guztia, dena dela, kazetari lanari halabeharrez dagokio. Eta guri, zer dagokigu? Guri, tokatzen zaiguna da sentitzea lasaitasuna, poza eta ospakizuna kalitatezko kazetaritza euskaraz jasotzen dugunero. Euskarazko hedabideak diru laguntzetatik aparte geratzen diren honetan, aitortu diezaiegun duten balioa eta ez ditzagun ziurtzat jo. Jarrai dezagun euskaraz irakurtzen, euskaraz bizi gaitezen. Zorionak eta eskerrik asko, ALEA!".


Iñaki Kerejazu

"Euskararen arnasguneez mintzo garenean Gasteizen pareko hiri batean, ohitu gara esatera beharrezkoak edo zaindu beharrekoak direla toki horiek. Finean, arabarron euskarazko botere-prozesu honetan, hainbat dira kontuan eduki beharreko erakunde, norbanako zein talde, haien "aletxoa" ekarri dutenak lanera hizkuntzaren hegoak hauspotzeko. Horietako bat dugu, alegia, Alea aldizkaria. Bozgoragailu gisa irudikatzen dudan errebista da, ahalegindu zaiguna erakusten astero arretaguneetatik kanpo gelditu den Araba hori. Erakusleiho ederra mahats-biltzaile, oliogile, musikari, parrandero, idazle, tabernari, iraultzaileentzat... Atzo amestutako Araba euskaldun hori gaur egun egia bilakatu dela ikusteko aukera eman digu euskarri honek".


Natxo Gaton

"Arabako gertuko euskarazko informazioaren hutsunea betetzeko etorri zen ALEA. Hamarkada honetan euskalduntzeak aurrera egin du Gasteizen, eta gaur egun ALEA komunitatea ere handiagoa da. Mundu digitala sendotzen ari zen garaian sortu zen hedabide hori, eta, Gasteiz Hoy bezala, kazetaritzaren krisia eta informatzeko moduaren aldaketak bizi ditu lehen planoan. Kalitatezko tokiko kazetaritza garrantzitsua da, eta gero eta beharrezkoagoa. ALEA eta gainerako hedabideek betebehar bat dugu publikoarekin: zer gertatzen den eta nola gertatzen den kontatzea. Eta bitartekaririk gabe eta presioei muzin eginez: egunerokotasunaren gaurkotasuna azaldu behar dugu, eta, aldi berean, itxuraz txikiagoak diren baina atzetik bizitza handia duten istorio horiek aurkitu. Prentsa ere oasi digital txiki bat da, sareen bidez iritsi zaizun zurrumurrua berretsi edo gezurtatuko duena. Hori da hazten jarraitzeko gakoa denok lekua dugun sektore honetan. Eta denok egingo dugu, bakoitzak bere ikuspegitik, Gasteizko gizarteak aurrera egiten jarrai dezan".


Jon Aranburu

"Bistakoak dira ALEAk euskara ikasleei egin dizkien ekarpenak irakurriaren ulermenean. Erabileran ere eragiten du, baina: ikasten ari denarentzat inportantea da kaleak euskaraz egitea, bizi den ingurua euskararekin lotuko duen hedabide bat izatea, alegia. Nekezago erabiliko du euskara kale horretan, baldin eta bertan gertatutakoaren berri gaztelaniaz jaso badu. Eta horrela, gainera, ikasiko du Virgen Blancari Andre Maria Zuriaren plaza esaten zaiola eta Cuchiri Kutxi, eta tranbiak errailak dituela, esaterako. ALEA izate hutsa bera da ekarpen. Baina irautearekin ezingo nuke konformatu, nahiz eta jakin horretarako ere maiz komeriak izaten direla. Eskatzen hasita, euskaraz ikasi nahi ez dutenak euskarara erakartzen lagunduko duen hedabide bat nahi nuke, beste hedabideetatik euskaraz ari delako bakarrik bereiziko ez den hedabide bat, hizkuntzarenari beste ekarpen gehigarri bat egingo diona".


Oihane Perea

"ALEAk batu egiten gaitu, komunitatea egiten duen komunikabidea da. Ezinbesteko geltokia da euskalgintza, kulturgintza eta herrigintzan ari garenontzat. Hamar urte pasa diren honetan ezin imajinatu dezaket ALEArik gabeko Araba bat. Ze tristura litzatekeen. Urteetako lorpenak ospatzeko moduko garai honetan geldiunea egiteko eta zoriontzeko tartea hartzea ederra da, beraz, aupa ALEA! Komunitatea egiten, lotzen, herrialde, herri eta auzo mailako komunikazioa kariñoz eta profesionaltasunez egiten egin duelako ekarpena. Alez ale, zakukada ederrak osatuz, hamar urtetan zehar tonakada ale jaso duen biltegia da. Komunikabide bezala ere ikusentzunezkoetan salto bat egitea ederra litzateke. ALEAri baino, administrazioari eskatuko nioke, behar bezala babesteko garai hauek eskatzen duten dimentsioa hartzeko aukera izan dezan erantzunkizunez jokatzea eta diru publikoz ganoraz hornitzea ALEA. Eta ALEAri euskalgintzarekin, kulturgintzarekin eta auzo eta herrigintzarekin batera elkarlanean jarraitzea, ez galtzea sustrai hori, geroko aleak emango dituena hori da eta. Modu independentean informazioa ematea ezinbestekoa den garaiotan, bide berriak jorratzea modu ausartean. Guztion babesa beharrezko izango du horretarako, eta bertso mugimenduarena izango duela ziur izan".


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago