Adingabeek ehiza larriko uxaldietan parte hartzea baimenduko duen Jaurlaritzaren iragarpena "erabat arbuiatu" du Ekologistak Martxan erakundeak. Ohar batean adierazi dutenez, ehiza "ez da haurrentzako kirol bat", eta neurria "atzerapauso larria da errespetuan, enpatian eta bakearen kulturan oinarritutako gizartearen eraikuntzan".
Ekologistek diote hainbat zientzia ikerketek "agerian" utzi dutela "animalien aurkako indarkeriaren esposizio goiztiarraren eta jarrera oldarkorren garapenaren arteko lotura". Horrez gain, halako jardun batean parte hartzeak dakartzan "arrisku fisikoak" nabarmendu dituzte. PACMA alderdiaren datuei erreparatuta, Ekologistak Martxanek dio Espainian azken bi urteetan ehizak 89 pertsona zauritu eta 32 hildako eragin dituela.
Bestetik, EAJ eta PSE alderdien "jarrera aldaketa" kritikatu dute, PPk Arabako Batzar Nagusietan norabide honetan aurkeztutako mozio baten kontra bozkatu zutelako. Aintzat izanda ehizaren kudeaketa aldundien esku dagoela, ekologistek diote Jaurlaritzak gai horretan esku hartzeak "zalantza handiak" sortzen dituela "neurri horren atzean dagoen benetako interesari buruz". Horregatik guztiagatik Jaurlaritzari eskatu diote erabaki hori atzera bota dezala eta, horren ordez, "naturarekiko harremana sustatuko duten politikak" bultza ditzala.