Batzar Nagusietako erregistroan gaur aurkeztutako proposamen batean, Alderdi Popularrak Araban ehiza arautzen duen legea aldatzeko eskatu du. Zehazki, Araban ehiza arautzen duen 8/2004 foru araudian puntu berri bat gehitzeko eskatu dute. Horren arabera, "ez da ehiztaritzat joko laguntzaile edo lagun gisa ehiza jardun batera doana". Hortaz, proposatutako definizioaren arabera, "laguntzailetzat" hartuko litzateke ehizan egonda ere "ehizarako baliabideak erabiltzen ez dituen" pertsona.
Popularrek "kezkagarritzat" jo dute gaur egungo ehizaren egoera, eta jardun aktiboan dauden ehiztariak "zahartzen" ari direla diote. PPren irudikoz, belaunaldi berrien erreleborik ez dago ehiztarien artean, eta horrek "ondorio negatiboak" izango ditu "oreka zinegetikoan".
"Ehiztariek ingurumenaren zaintzan egiten duten lana publikoki aitortzea funtsezkoa da", aipatu dute proposamenean. Lege aldaketa argudiatzeko, esan dute beharrezkoa dela "gizartea hurbildu ahal izatea eta hurbildu nahi izatea" ehizara, jardun horretan "modu aktiboan parte hartu behar izan gabe".