Altxamendu frankistaren osteko gerrari buruz asko dago kontatzeko oraindik, Santamarinaren ustez. Gainera, berritzailea ere bada arkeologiatik begiratzea. Askotan konturatzen ez bagara ere, gatazkaren aztarnez inguratuta bizi gara, gure herri eta mendietan. Beren kasa hitz egiten ez dutenez, Santamarinak jarri ditu hizketan objektu eta espazioak. Gerra eta diktaduraren ezarpena aztertu ditu, hamabi urteko epean, anekdotaz eta bitxikeriaz betetako liburuan. Otsailaren 13an Gasteizen izango da, Ignacio Aldekoa kultur etxean, liburua aurkezten.
Zer berritasun dakar liburuak?
Zalantza egon daiteke ea gauza berririk kontatu daitekeen gerraz. Liburuan ekarritako lehen hipotesia kronologia ezberdina da. Beti kontatu izan digute hiru urtez iraun zuela gerrak, eta Euskal Herrian urtebete. Liburuan diogu 1939tik aurrera ez zela bakea hasi, Francoren garaipena baizik, eta diktadura militarra gerra egoeraz baliatu zela errepresioa aurrera eramateko. Gerra egoera ez zen ofizialki deuseztatu 1948ra arte. Bestetik, arkeologiatik begiratzea ere berezia da, Euskal Herriko gertakizunak kontatzea objektu eta lekuen bidez, oinarritzat hartuz oraindik kontserbatzen diren aztarnak. Diktadura hobeto ulertzeko gerraren epeak luzatu behar ditugu, eta ea aztarnek hipotesi hori baieztatzen duten ala ez. Nire apustuetako bat da baietz, hori erakusten dutela.
Zer kontatzen digu arkeologiak Espainiako gerraz?
Arraroa izan daiteke arkeologiaz hitz egitea nahiko hurbil daukagun garai baten inguruan. Ez da Lezetxiki, ez dira milaka urte pasa. Hilobien exhumazio asko egin dira, bereziki Aranzadiko kideekin, eta gure partetik batez ere gudu zelaiak, defentsak, bonbardaketa guneak eta errepresio zentro batzuk aztertu ditugu. Beste informazio iturri bat da. Arkeologiaren beharra dago, ia 90 urte pasa direlako, eta inpunitate biologikoak ere aurrera egin duelako. Ez dago garaiko lekukotza emango digun ia inor, eta pertsonak desagertzen direnean, objektuak gelditzen dira. Izan daitezke nahi gabe utzitako aztarnak, lubakietako munizioak, uniforme zatiak, alkohol botilak eta halakoak, eta baita nahita utzitakoak ere, monumentu frankistak esaterako. Esaten denaren kontrara, harriek ez dute hitz egiten iraganaz. Hitz egin arazi behar zaie, eta lan handia dago atzean.
"Frankismoa utopia enpresariala izan zen, elite espainiarraren gerra pobreen aurka"
Arrasto asko dago oraindik?
Bai, baina azken 90 urteetan asko aldatu da lurraldea. Hiriak hazi, autobideak eraiki nonahi, baso landaketa masiboak... eta horrek ekarri du aztarna asko suntsitzea. Gainera gerra zibileko aztarnak ez dira ondare arkeologiko kontsideratu duela gutxira arte. Gure misioa izan da larrialdiko arkeologia egitea, bilatzea lubakiak, babesleku antiaereoak, metraila markak, kontzentrazio esparru izandakoak, bortxazko langileek okupatu zituzten barrakoiak...
Zabalik dago oraindik kontakizun ofizialaren lehia?
Esango nuke baietz. Ematen du dena eginda dagoela, baina azken 30 urteetan ez da egin Euskal Herriko Gerra Zibilaren inguruko historiarik. Titulu oso onak daude, historialariek zein garaiko lekukoek eginda, baina asko dago kontatzeko oraindik. Hasteko, apurtu behar dugu bakearen kontakizun horrekin, gerra motzaren ideiarekin. Hobeto ulertzea gatazka luze bezala, diktaduraren prozesu gisa. Gainera, hobeto konektatzen du Euskal Herria beste prozesu askorekin. Esan izan da europar gerra zibilaren beste kapitulu bat izan zela hemengoa. 1914tik 1945era Europa etengabe egon zen gatazkan, gatazka nazionalak zein klase gatazkak, iraultzak zein faxismoaren gorakadak. Horregatik konektatu nahi izan dugu gehiago beste testuinguru batzuekin.
Esan duzu 36ko gerra klase arteko gerra izan zela.
Bai, eta arkeologiatik bi marka ditugu informazio hori iradokitzen dutenak. Batetik, Donostian kolpe militar saiakera egon zen, baina ez zen oso ondo atera, erresistentzia oso azkar antolatu zelako. Kolpistek egin zutena izan zen kasinoan eta Maria Cristina hotelean sartu, Donostiako gune burgesenetan. Donostiako langileria altxatu egin zen, antolatu eta armatu. Erresistentzia horren markak daude bi eraikin hauetako fatxadetan, 36ko udatik gaurdaino iraun dutenak. Gerra zibila klaseen arteko gerra bezala hasi zen. Eta beste elementu bat hobiak dira, hezurrek kontatzen digutena. Askotan, erretagoardian hasierako biktimak nekazariak ziren, Araban eta Nafarroan esaterako, lurjabe handien aurka mobilizatuak zeudenak errepublikaren urteetan. Kolpe militarrean lurjabe horiek aprobetxatu zuten euren errepresio bortitza gauzatzeko, baina klase errepresioa zen. Hori argi ikusten da hobietan, zein xumeak ziren hildakoak, eta nekazaritza lan gogorrek utzitako markak dituzte hezurretan. Ikusten da nola espainiar eliteek gerra propioa egin zuten pobre iraultzaile horien aurka, eta horrek azaltzen du zergatik frankismoa izan zen halako utopia enpresariala.
Uste baino biziago daude arrasto horiek?
Bai, oso presente dago. Iragana aztertzea beti da erronka, hasteko jada ez delako existitzen, ezin dugu laborategian erreproduzitu. Beraz gure ikuspegia beti izango da partziala, eta arkeologian are gehiago, objektuek ez daukatelako mezu zehatzik, testuinguruan esaten dizkizute gauzak. Baina arkeologiaren alde ona da gaur egun hor dauden objektuak eta espazioak aztertzen dituela. Iragana izan daiteke herrialde arrotz bat, baina egunero gure artean dagoen herrialde arrotza da.
Liburuan hiru garai edo prozesu bereizi dituzu.
Hori izan da nire proposamen historiografikoa, gerra multzo bat izan zela, edo gutxienez fase ezberdinetan ezaugarri ezberdinak izan zituela. Hasieran zutabe gerra izan zen, gerra zaharra, batzuen esanetan azken gerra karlista izan zen nolabait. XIX. mendeko gerra izan zen. Industriak ez zuen gaitasunik, eta nahiko gerra artisaua izan zen horregatik. Gero hainbat hilabetez lubakien gerra bilakatu zen, posizioen gerra. Hor sortu zen mugaldea, fronte lerroa, 100 kilometroko luzera zuena, Ondarroatik Aiaralderaino. Hor barruan zegoen Euzkadi, Agirre lehendakariaren pean. Hori gerra geldia izan zen, higadura gerra, eta nazioarteko bilakatzen joan zen pixkanaka, batez ere frankisten bandoan. Alemaniar eta italiarren laguntzaz tximista gerra hasi zuten. Ikusten da nola gure lurraldea bihurtzen doan europar gerra zibilaren eszenatokia, bigarren mundu gerraren laborategia. Araban bertan ditugu Mussoliniren aurpegia daukaten graffitiak eta armarri faxistak. Pilotu alemaniarrak hil ziren lekuetan ere hilarriak egin ziren, alemanieraz idatzita.
Baina gerra ez zen hor amaitu, ezta?
Noski. Francok suntsipen maila horri esker lortu zuen lurraldea konkistatzea, baina gero fase berria hasi zuten, okupazio gerrarena, gerra luzearena. Barneko etsai guztiak identifikatu, prozesatu eta garbitzea, "depuratzea", garaian esaten zuten bezala. Pertsonen konkista, batetik, eta bestetik okupazio sinbolikoa, monumentuena. Berreraikuntza lanez hitz egiten da liburu amaieran, bi kasu aipatuz batez ere, Elgeta eta Legutio. Ikusi dugu nola bi herrietan esku hartu zuen Estatu frankistak, eta bietan egin zuen bere erakustaldi sinbolikoa. Euren erorien monumentuak, elizak, udaletxeak eta guardia zibilaren kuartelak eraiki zituzten, batez ere, Estatu nazional katolikoaren presentzia hori fosilizatzeko. Eta gero gainera ia ez du antzematen paisaia hori. Ni neu Legution hazi nintzen, eta ez nekien gurea diktadura garaian egindako eszenografia zela.
"Araban 36ko gerraren bi alde nagusiak eman ziren, errepresioa eta fronte lerroa"
Esan izan da Araban ez zela gerrarik egon. Kontra egin diozu horri liburuan.
Bai. Nahiko Arabatik eginda dago liburua, mito horri aurre egiteko. Hemen gerraren bi alde nagusiak eman ziren, bai errepresioarena eta bai fronte lerroa. Hemen eman zen euskal lurraldeko bataila handienetakoa, Legution. Eta bestalde, Araba da aztarna arkeologikoak hoberen kontserbatuak dituen lurraldea, hemen artifizializazioa xumeagoa izan delako. Lubakien eta posizio gerraren aztarnetako asko Gorbeiako parke naturalean kontserbatzen dira, babestuta dagoelako, autobide edo pinu plantaziorik gabe. Araban oso txertatua daukagu hemen ez zela ezer gertatu, baina buelta eman behar zaio horri. Araba oso eszenatoki garrantzitsua izan zen.
1936-48 epeaz gain ematen du kontakizun historiko handiago batean kokatzen duzula. Aipatu dituzu gerra karlistak, eta Legutioko kuartelaren leherketa ere aipatzen duzu liburuan.
Bai, 2008raino heltzen gara azkenean. Ez dut esan nahi karlistadetatik hona denak gatazka berdinaren zantzuak direnik, hori gehiegi sinplifikatzea litzateke. Baina gatazka anitzen bidegurutzea izan da. Legution hainbat fatxada aztertu ditugu, eta ikusten dira metraila inpaktuak, bai 1936-37koak, eta baita 2008koak ere, ETAren atentatuarenak. Guardia Zibilaren kuartel hori diktaduraren lehenbiziko urteetan sortu zen, diktaduraren gotortze lanen parte, konkista sinbolikoaren parte. Parean zegoen erorien monumentua Legution, eta lotuta zeuden biak.
Objekturen bat nabarmenduko zenuke, aurkitutakoen artean?
Batzuetan objektuek irudimena pizten dizute, hipotesiak botatzeko. Markina, adibidez, lehen lerroan egon zen urte erdiz, eta Rosa Luxemburgo izeneko batailoi komunista egon zen bertan. Herriko jauregiak desjabetu zituzten haien kuartelak eta halakoak antolatzeko. Istorio hori ezagutzen genuen lehenagotik, dokumentatuta dago, baina 2021ean Baldaburu mendian ari ginen indusketak egiten, eta bunker errepublikar pare batean aurkitu genituen luxuzko sardexka eta katilu bana, errege etxearen hornitzailea zen enpresak egindakoak. Nahiko pieza finak, non eta bunker ziztrin batzuetan, fronte lerroan bertan. Eta gure irudimenean ikusi genezakeen nola miliziano komunista horiek ari ziren betetzen euren utopia iraultzailea, klase rolen subertsioa. Jauregietan bizi ziren, eta burgesiari kendutako, birjabetutako material horiek erabiltzen zituzten. Oso irudi polita iruditzen zait imajinatzea miliziano komunista bat halako katilu fin batean tea hartzen bunker batean. Hori gertatu zen, duela 90 urte.