Noizean behin, mendian gora ari garela, harri batean oskol baten antza duen irudia ikusten dugunean burura ohi datorren burutazioa da: inoiz arroka hori itsas hondoa izan zen. Duela 42 milioi urte inguru, plaka iberikoak Europako plakarekin talka egin zuenean abiatu zen prozesu hori, itsas hondoko sedimentuak gorantz joan zirenean, eta apurka-apurka orain ohikoak ditugun mendiak sortu zirenean.
Arabaren kasuan, garai hori arras garrantzitsua da, itsaspeko eremu bat izatetik lurra izatera pasa zelako. Eta horren aztarna ikus daiteke, hain zuzen, fosiletan: itsaspeko bizidunak beharrean, lurreko organismoak agertzen hasten dira estratu horietan. "Aztarnategi kontinental horietan kokatu daitezke Gesaltza Añanan agertu ziren iknitak edota Izarran agertu ziren intsektu eta hostoen aztarnak", azaldu du Biogearium enpresaren bitartez Arabako Natur Zientzien Museoko bildumak zaintzen dituen Carmelo Corral Arroyo paleontologoak.
Araban dauden bi paleontologia aztarnategi garrantzitsuenetakoak dira horiek. Gesaltza Añanaren kasuan, 1992an aurkitu zen altxorra, eta laku baten ertzean ornodun animaliek oraindik heze zauden buztinetan utzitako markak dira. Horiei iknita deritze. Animalia askoren aztarnak daude: belarjaleenak, haragijaleenak zein hegaztienak ere. Horrez gain, prozesu geologikoek ere aztarna utzi zuten; adibidez, buztina lehortzen denean sortzen diren arrakalak edota euri tanten markak.
Baina, Corralen arabera, garrantzi gehien izan dutenak iknitak dira. "Horietatik abiatuta deskribatu ahal izan dira iknoespezie batzuk". Adituek izen hori ematen diete marka horien egileei, zehazki zein espezietakoak ziren jakiterik ez dagoelako. "Oso zaila da hatz marka bat eta espezie biologiko zehatz bat lotzea. Ornodunetan errazagoa izan daiteke, baina ornogabeen artean askoz zailagoa da, egiten duen jardunaren arabera espezie batek hainbat marka mota utzi ditzakeelako". Kontrara, espezie desberdinek antzeko markak utz ditzakete, jardun berdina egiten ari baldin badira. "Adibidez, felidoek ez dituzte uzten azazkalen markak". Hori ezagututa, ordura arte deskribatuak izan ez ziren felido motak zeudela ondorioztatu zuten paleontologoek.
Ehunka aztarna
Gauzak hala, hamabi metro koadro inguruko eremu batean ehunka aztarna aurkitu zituzten. Besteak beste, ura edatera joaten ziren belarjaleenak, baina baita horien atzetik ehizan ari ziren haragijaleenak ere. "Gaur egun dokumentaletan ikusten dugun berdina, hain zuzen". Duela milioika urte animaliak eta landareak zein beren bizimoduak nolakoak ziren ondorioztatzeko, hain zuzen, oinarrizko printzipioetako bat da gaur egungo prozesuetatik abiatzea. "Aldaketa batzuk egongo dira, noski, Lurrean zeuden baldintzak ezberdinak zirelako, baina alderaketa horretan abiatu behar dugu". Hori are beharrezkoagoa da markak besterik ez daudenean. Corralek dioenez, zenbaitetan atzapar arrasto multzo bat aurkitu ostean, horien amaieran animaliaren fosila topatu izan da, baina txiripa handia eduki behar da horretarako, halakorik oso gutxitan gertatzen delako. "Ohiz kanpoko aztarnategiak dira horiek". Beste horrenbeste gertatzen da fosildutako hezurren eta bestelako elementuen kasuan. XIX. mendean Georges Cuvier paleontologoak alderatutako anatomiaren irizpideak ezarri zituenean abiatu zen metodoa. Hala, fosiletan utzitako aztarnak gaur egungo animalia analogoekin konparatzen dira, eta inferitzen da beren portaera antzekoa izango zela.
Marrazoak eta dinosauroak
Kontzeptu hori ere aplikatzen zaie marrazoen fosilei. Gertutik ezagutzen ditu horiek Corralek, Araban agertutako marrazo fosilen inguruko doktoretza tesia egin baitzuen. "Animalia kartilaginosoak direnez, oso gaizki fosildu egiten dira, eta gehienetan geratzen zaigun bakarra hortzak dira, mineralizatuta daudelako". Hori dela eta, oraingo espezieekin alderatzen dira hortz horiek, beren portaera ondorioztatzeko. "Baina ezinezkoa da erabat ziur egotea, eta, horregatik, paleontologian inoiz ez dira gauzak hartzen irmoki: azken aurkikuntza batek gauzak aldatu ditzake", ohartarazi du. Bitxia bada ere, Araban bertan, une jakin batean egon ziren itsas eta lur aztarnategiak, aldi geologiko berean. Izan ere, Goi Kretazeoko geografia aldapa baten modukoa zen. "Horregatik, Trebiñuko dinosauroak kontinentean zeuden, baina hainbat kilometro iparraldera eginez, lurraldea itsaspean zegoen, egungo Gasteizko Mendien inguruan. Horregatik garai hartako ornogabeak eta marrazoak aurkitu dira bertan". Bizkaia, berriz, itsasoan askoz urperatuago zegoen. "Aintzat hartu behar da normalean bioaniztasun handiena litoraletan dagoela. Eguzkiaren argia sartzen denera arte, ekosistema oso aberatsak zeuden, gaur egun gertatzen den modu berean".
Trebiñun aurkitutako dinosauroak bezain ikusgarriak ez diren arren, garrantzi handikoa da hasieran aipatutako Izarrako lakuen inguruko aztarnategia —Miozenoaren amaierakoak—. Lakua, noski, iraganekoa zen, eta zoru batean hosto eta intsektuen aztarnak geratu ziren. Ohi bezala, txiripaz azaleratu zen, 1970eko hamarkadan, Larrazkueta parean (Urkabustaiz) A-68 autobidea egiten ari zirenean eta lurra mugitu zutenean. "Mugituta egon arren, informazio andana eman du, eta bertan espezie berriak deskribatu izan dira", gogora ekarri du paleontologoak. Horiez gain, beste hainbat aztarnategi ere badira. Kasurako, beste laku baten inguruan kokatu zen Zanbranako Eozenoko aztarnategia. Bertan krokodiloak, paleozaldiak, dortokak edota primateren bat ere aurkitu izan dira. Eta esan beharrik ez dago Urizaharrean aurkitutako anbarak ere informazio paregabea eman diela ikertzaileei. Hain justu, horri dedikatuta dago museoaren beheko solairu osoa. Rafael Lopez adituak du horren gaineko ardura.
Gauzak hala izanik ere, aztarnategirik garrantzitsuena museoan bertan dago. "Euskadiko bilduma paleontologiko publiko joriena da Gasteizen duguna", nabarmendu du Corralek. Bilduma horiek, gainera, gero eta gehiago handitzen dira urteen poderioz. Izan ere, aurkikuntzak pilatzen doaz. Corralek orain esku artean duen azkenak oihartzun mediatiko handia lortu zuen duela hainbat hilabete: Iruña Okan aurkitutako amonite erraldoia. Uneotan zaharberritze prozesuan dago, eta, ondoren, bere tokia hartuko du museoan. Bitartean, noski, piezaren gaineko ikerketa sakona egingo dute, eta, behin ondo aztertuta, hura deskribatuko duen zientzia artikulua idatzi beharko dute. Corralek nabarmendu duenez, lurretik ateratako pieza bezain garrantzitsua da kanpoan geratu den moldea, horren arabera ezaugarri asko ondorioztatu daitezkeelako. Museoan Araban aurkitutako garai horretako antzeko amoniterik ez dagoela azpimarratu du.
Garai bateko animalien portaera ondorioztatzeko, gaur egungoekin alderatzen dituzte.
Kasu horretan, fosila aurkitu zutenek abisua eman zutela gogora ekarri du adituak. Garrantzitsua da hori, pieza behar bezala bere testuinguruan aztertzeko, eta indusketa prozesuan kalterik ez sortzeko. "Ahal dela, fosila ez da bere tokitik mugitu behar, suntsituta izateko arriskurik ez badago, bederen". Modu batean edo bestean, museoko adituengana jo eta hauei kontsulta egitea da hoberena, horiek gai izango direlako ebazteko garrantzi handiko pieza bat ote den ala informazio berria eman dezakeen aparteko fosil bat den.
Informazioa pilatzen zaie, halere. Izan ere, museoaren biltegietan oraindik ikertzeko material asko daukate, eta seguruenera bertan deskribatzeko espezie berriak egongo direla aurreratu du Corralek. Esku gehiago beharko dituzte, jakina. Geologia eta Biologia fakultateetan trebatu beharko dira, bi zientzia horietatik jo daitekeelako paleontologiaren mundura. "Galdutako munduetara eramaten zaitu honek, gaur egun bizi garen munduarekiko oso desberdinak zirenak". Halere, paleontologoak dio gero eta ikertzaile gazte gutxiago lotzen direla ogibideari, eta horrek bildumak arriskuan jar ditzakeela. "Tamalez, mantentzen eta ikertzen ez den bilduma paleontologiko bat hilko da, halabeharrez".