Ekimena abiatu eta egun gutxira 80 lagunek bat egin dute Amarika aretoaren itxieraren aurka sortu den elkartearekin. Horietatik gehienak artista bisualak eta kultura agenteak direla adierazi du elkarteak, ohar batean.
Joan den astean ezagutarazi zuen aldundiak Amarika aretoa ixteko asmoa duela, eta bertan ekintzailetzara bideratutako espazio bat paratzeko asmoa duela. Aldundiaren arabera, espazio berriak "balio erantsi handiko zerbitzuak emango" dizkie "enpresa ideia errealitate bihurtu edo berrikuntza prozesuetan aurrera" egin nahi duten pertsonei eta taldeei. Proiektuak bizkortzea, networking ekitaldiak, enpresen aurkezpenak eta finantzaketa txandak izango dira bertan emango dituzten zerbitzuetako batzuk.
Amarika aretoa ixteko erabakia birpentsatzeko eskatu diote Foru Aldundiari
Aldaketa horren aurka eratu den elkartearen arabera, ordea, aretoa ixteko erabakia ez da behar ekonomiko edo estruktural baten ondorioa, artistak eta gizartea aintzat hartu ez dituen "erabaki politiko" baten ondorioa baizik.
Sinadura bilketa
Lehen ekimen gisa sinadura bilketa bati ekin diote, eta amaricaelkartea.org webgunea ere martxan ipini dute. Elkartearen bultzatzaileek argitu dute Amarica elkartea ez dela aurki Arabako Batzar Nagusietan aurkeztuko den Legegintzako Herri Ekimenaren sustatzailea, baina, halere, ekimen horren alde azaldu dira, partekatzen dutelako Amarika aretoa "arte garaikidearentzako espazio bezala" mantentzeko helburua.
Diotenez, sortu berri den elkartea "aldarrikapen puntual" hau baino harago doa, eta modu jarraian Arabako arte garaikidea eta horri eusten dion "kultura ekosistema" babesteko asmoa dutela. Kultura "pentsamendu kritikorako eta gizartearen garapenerako oinarrizko ondasun komuna" dela aldarrikatu dute, "pentsamenduaren sinplifikazioa" lehenesten den garai batean, gainera. Hori dela eta, "kulturaren eta humanismoaren alde" egingo dutela aurreratu dute, kultura "bitartekoa ez baizik eta helburua" dela sinetsita.
"Baliabide kulturalen kudeaketan izan beharreko gardentasunaren eta parte hartzearen printzipioen aurkakoa da aretoaren etorkizunaren inguruan egon den eztabaida publiko eza", aldarrikatu du elkarteak change.org plataforman abiatu duen sinadura bilketaren agirian.
Hori dela eta, aldundiari eskatu diote erabakia birpentsatzeko, eta arterako eta kulturarako espazio gisa aretoaren jarraikortasuna bermatzeko. Fernando Amarikaren ondare artistikoarekiko "konpromiso irmoa" galdegin dute. Bide beretik, arte garaikidearekiko eta kalitatezko askotariko eskaintza kulturalarekiko ardura ere eskatu dute.
1989an sortu zuten Amarika aretoa, eta hiru hamarkada luze hauetan, askotariko erakusketa, hitzaldi eta proiekturen kokaleku izan da. Elkarteak nabarmendu du "tokiko, estatuko eta nazioarteko artistei" sarrera ahalbidetu diela, "programazio independentea" izan duen espazio instituzional batean.
"Baldintza duinak"
Orain arte aretoak izandako ibilbidea goraipatu dute. "Aitzindaria izan da arte lengoaiak aurkezten, hala nola performancea, bideosormena eta instalazioak, eta Arabako arte eskaintza publikoan integratu ditu. Gainera, artistentzako baldintza duinak bermatu ditu, lan eredu profesionalizatuak sustatuz eta laguntza horiek urriak ziren testuinguruetan kultura ekoizpena bultzatuz", nabarmendu du elkarteak.