TXUSMI SAEZ

"Idazle askoren akatsa da tematzen direla paperezko edizioekin"

Juanma Gallego 2025ko ots. 2a, 06:00

Txusmi Saez idazlea. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hainbat thriller eta polizia eleberri argitaratu ditu idazle gasteiztarrak, eta autoedizioaren bidea hautatu du horretarako. Azken bi urteetan Negrasteiz jaialdiaren antolaketan buru-belarri ibilita, datozen urteotan ekimena finkatzeko lanean ari da.

Arrakasta handiko hainbat thriller eta eleberri idatzi ditu Jesus Maria Txusmi Saez (Gasteiz, 1966) idazleak, baina orain arte ohikoak izan diren bideetatik urrunduta egin du ibilbide literarioa: autoedizioaren alde egin du, eta digitalean saltzen du gehien.

Autobus gidari zinenean, garraioari buruzko liburu bat idatzi zenuen. Nola abiatu zen hori?

Noticias de Álava egunkarian hiru urte neramatzan mugikortasunari buruzko artikuluak idazten, modu dibertigarri batean. Tuvisari proposatu nion liburu bat ateratzea, baina, ezetza eman zidatenez, nik nire kabuz atera nuen, kontakizun onenak bilduz: Historias de autobús. Autobus gidari baten ikuspuntutik landuta, amaieran umore kutsu bat ematen nien kontakizunei. Ondoren, ikusmen arazoekin hasi nintzen. Medikuekin hasi nintzen, eta, azkenean, operazioa egin behar izan zidaten. Ez nintzen onik geratu, eta horrek elbarritasuna eragin zidan.

Zein izan zen zure lehen lana?

Lehena Misión jaquecas liburua izan zen, umore liburua. Ohi bezala, zaletasunagatik eleberri bat osatuz joaten zara, baina ez zara ausartzen argitaratzera. Azkenean, batez ere proba egiteagatik, animatzen zara, ea argitaratzea posible ote den. Bada, azkenean liburuak nahiko harrera ona izan zuen. Hortik abiatuta, gustuko ditudan gaietan zentratu nintzen: nobela poliziakoa eta ekintza thrillerra. Umoreak, gainera, oso gutxi saltzen du. Mota honetako lehen eleberria Siberia izan zen. Arrakasta handia izan zuen Amazonen. Egun batean Espainia osoan bigarren liburu salduena izan zen. Maila globalean, gainera. Mila iruzkinetik gora ditu Amazonen. Adibidez, orain Pandora salduenen artean dago, baina, beti ere, polizia eleberriaren atalean. Lehen thriller horren ondoren, irakurleek nobelari jarraitasun bat emateko eskatu zidaten. Batez ere emakume errusiar psikopata hiltzailearen pertsonaia asko gustatu zitzaien. Beraz, pertsonaia berreskuratu nuen, eta Ekialdeko trilogia osatu nuen. Kazajistán izan zen bigarren bolumena, eta Moscú, hirugarrena.

"PAPEREAN ZEIN DIGITALEAN DITUT LIBURUAK, BAINA NIRE SALMENTEN %80 DIGITALAK DIRA"

Zergatik aukeratu zenuen ekialdean kokatzea?

Jende guztia Ameriketako Estatu Batuetan giroturako eleberriak idazten ari zen; CIA, FBI, NSA eta horrelakoen inguruan. Bururatu zitzaidan beste aldera jotzea, alde komunistara. Oraindik ez zegoen Ukrainarena, baina tentsio asko zeuden. Kazajistán eleberriak hondakin atomikoen gaia jorratzen du, eta Sobietar Batasuna desegin zen garai horretan kokatuta dago. Azkenik, Moscú-k, Ukrainaren inbasioa jorratzen du, ia-ia gero gertatu zena iragarrita. Hiruretan, protagonistak elkartzen dira. Saiatu naiz entretenigarriak izan daitezela, eta jendeak ondo pasa dezala. Horien erdian Poniente atera nuen: Costa del Solen girotutako polizia eleberria da. Tartean serie hiltzaileak daudela, Polizia Nazionalarekin. Trilogiaren ondoren, Pandora idatzi nuen. Euskal Herrian girotutakoa da, Donostian lan egiten duen Maialen Guevara ofizialarekin. Delitu arraro edo konplikatuak lantzen dituen Ertzaintzaren unitate bateko burua da. Pederastia kasu erreal batetik abiatzen da eleberria. Orain bigarren bolumena atera dut, El valor de la dama. Xake lehiaketa batean gertatzen den heriotza batetik abiatzen da liburu hau. Jarraituko duen saga izango da.

Psikopata errusiar horri gustua hartu diozu...

Bai. Are, Las mujeres sostienen la mitad del cielo liburuan begi keinu txiki bat egiten dut, psikopata hori hor ere ateratzen delako. Bitxia da, nire eleberri guztiak unibertso berean daudelako; elkar lotuta daude. Datak bat datozenean, badira pertsonaiak liburu batetik bestera igarotzen direnak.

"EGILEA EZAGUNA EZ DENEAN, LIBURUAK BEGIETATIK SARTZEN DIRA, AZAL DEIGARRI BATEKIN"

Beraz, zure liburuak jarraitzen dituztenak horretaz jabetuko dira?

Hala da. Izan ere, joko bat egin nahi izan dut, liburu guztiek nolabaiteko lotura bat izan dezaten.

Edizio digitalean sartuta zaude buru-belarri. Zer abantaila eta desabantaila ditu horrek?

Argitaletxe tradizionalen kontua nahiko zaila da. Bihar Planeta nigana etorri eta milioietako eskaintza bat egingo balit, onartuko nuke, noski baietz! Baina beste zenbait argitaletxetatik jaso ditudan eskaintzak ikusten dituzunean, zenbakiak egiten dituzu, kalkulatzen duzu horrek zer eragin izango duen gero zure erretiro pentsioan, zer marjina aterako duzun, zer eskatzen duen etengabean joan behar izateak liburu aurkezpenetara… Horren aldean, Amazonen aukera dago. Paperean zein digitalean ditut liburuak, baina nire salmenten %80 digitalak dira. Eskura dituzun merkatu txokoak ikusi behar dira. Nik egiten dudan eleberri mota oso egokia da irakurgailu elektroniko batean irakurtzeko. Orriak pasa eta ondo pasatzea, hain zuzen. Formatu ona da. Gainera, Kindle Unlimited bitartez alokatu daitezke ere. Hortaz, ez dut konplikatu nahi.

Bizitzeko adina ematen dizu?

Ez, osagarri bat besterik ez da, honetan jarraitu ahal izateko modukoa, pentsioa osatu ahal izateko. Dena dela, esango nuke askoren akatsa dela, batez ere jende nagusiagoarena: tematzen dira paperera jotzen, eta liburu dendetara jotzen. Baina zenbat saldu dezakezu liburu denda batean? Argitaletxe handien konpetentzia itzela denean, gainera.

Duela hainbat hilabete Negrasteiz eleberri beltz eta poliziakoaren jaialdiaren bigarren edizioa egin duzue. Nola joan da?

Balorazioa egin dugu, eta oso ondo atera delakoan gaude. Finkatzen doa, jende asko etorri da, eta pozik daude, bai hizlariak zein entzuleak ere. Horrez gain, hedabideetan oihartzun handia izan du. Instituzioak dira hau lagundu behar dutenak, eta konpromisoa hartzea espero dugu. Momentuz, lehiaketara aurkezten ari gara jaialdia ateratzeko, baina horrek badu arrisku bat: proiektu asko aurkezten baldin badira, atzera botatzeko arriskua hor dago. Logikoena da jende asko erakartzen duen eta ondo funtzionatzen duen proiektu irmo bat aurkezten duzunean, instituzioek hitzarmen finko bat egitea; modu horretan, jakin badakizu zer aurrekontu izan ahal duzun.

"INSTITUZIOAK DIRA NEGRASTEIZ LAGUNTZEKO KONPROMISOA HARTU BEHAR DUTENAK"

Hirugarrenerako, zerbait al duzue buruan?

Momentuz ez, oraindik bigarren edizioaren kontuak ixten ari gara. Baina Angulemako [Frantzia] komiki jaialdira joango gara, komikia ere sartu nahi dugulako. Aurten, gainera, Espainiako pabiloia egongo da bertan. Bestetik, euskarazko mahaiak indartu nahi ditugu, euskaraz hau lantzen duten egile gutxi daudelako. Jon Arretxe, adibidez, leku guztietan dago, eta lehenengoan izan genuen. Euskal Herrian mugitzen hasi da nobela beltza. Duela gutxi ezinezkoa zirudien honek… Duela hainbat urte hasi zen, bai. Mikel Santiagorekin eta Ibon Martinekin bultzatzen hasi zen. Jon Arretxe… eta, maila xumeagoan esanda, ni ere joera horren barruan nago. Azpigenero bat sortzen ari da.

Digitalean "zabor asko" dagoela dio Txusmi Saezek. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Iparralde gizarte etxean irakurketa kluba egiten duzu. Nola funtzionatzen ari da?

Hilean behin elkartzen gara, eta bakoitzak liburu bat hartzen du. Hilabete batean, elkartu eta komunean jartzen dugu guztien artean. Oso ondo dago, badagoelako irakurtzen ez duen jendea, eta klubean egotean hilean behin liburu bat irakurtzera behartzen duelako bere burua.

Liburu bat argitaratzeko aholkuak ematen dituen liburu bat duzu, baita ere. Zein da gakoa?

Lehenik eta behin, istorio on bat izan behar duzu. Eta, gero, ondo egin behar duzu, noski. Ortografia, semantika eta estilo zuzentzaile on bat ere izan behar duzu. Ezin daiteke bidali liburu bat falta edo akatsekin. Azal on bat egingo dizun norbait bilatu behar duzu. Batez ere egilea ezaguna ez denean, liburuak begietatik sartzen dira. Azal deigarri bat, doan irakurri daitekeen lehen kapitulu indartsu bat... horrek eragin dezake irakurle berri bat erakartzea.

Kanpotik, saturazio asko ikusten da. Adimen artifizialaren bitartez, gainera, gero eta errazagoa da edozein gauza merkaturatzea...

Bai, digitalean zerbait egiteak duen arazoa da edozein gauza erraz egin daitekeela, eta, beraz, zabor asko dago. Zuk bertan egon nahi baldin baduzu, ondo egin behar duzu, eta istorio on bat kontatu. Eta, gauzak horrela eginda ere, zaila da aurrera egitea. Asko inbertitu behar duzu publizitatean: sare sozialetan egonda, web orrialde on bat edukiz… Hasieran batez ere, garesti ateratzen da, baina, ondo maneiatzen bazara kontu informatikoekin, zenbait kostu kendu ahal dituzu.

Azal indartsuak dituzu…

Bai. Idazten hasten naizenean, azala nahiko argi daukat, eta, beraz, argazkilaria zein modeloak bilatu ditzaket. El valor de la dama-ren kasuan, Iparralde liburutegian egin dugu, Gasteizen. Beste batzuk, berriz, kostan, Bartzelonan edo Errusian. Behin liburua bukatuta, zero irakurleei bidaltzen diet, ea dena ondo ulertzen den, akatsak dauden… Hiruzpalau ditut. Hori oso lagungarria da: bi edo hiru pertsona gauza batean bat baldin badatoz, argi dago hori aldatu beharra dagoela. Azkenik, hori guztia zuzentzera bidaltzen dut, azken ekarpenak jasotzeko. Nire azken berrikuspenaren ondoren, Amazonera bidaltzen dut, argitaratzeko.

'Zero irakurle' horiez gain, suposatzen dut irakurleen iruzkinak ere aintzat hartuko dituzula?

Oso garrantzitsua da hori. Titulu bat atera eta puntuazio txarrak jasotzen hasten baldin bada, horrek hondoratzen zaitu. Zorionez, nire eleberri guztiak 4 edo 4,1 batean egoten dira; baina puntuazio hori mantendu beharra dago. Gainera, berrelikadura prozesu bat ere gertatzen da. Bestetik, badira iruzkin negatibo batzuk guztiz lekuz kanpo daudenak. "Niri ez zait nobela beltza gustatzen". Eta 1 bat jartzen dizute! Baina, ea, generoa gustuko ez baduzu, zertarako erosten duzu, ba?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago