Inoizko minbizi kasu gehien detektatu dituzte azken urtean

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 28a

Andre Maria Zuriaren plazan izango da aurtengo elkarretaratzea. Argazkia: Minbiziaren Aurka Araban

Minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ospatzeko, otsailaren 4an, elkarretaratze bat deitu dute Andre Maria Zuriaren plazan.

Azken hamar urteotan minbiziak %20 egin du gora Araban, eta, azken urtean inoizko kopuru handiena izan da: 2.200 kasu berri detektatu dituzte. Hala jakinarazi du Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, minbiziaren aurkako nazioarteko egunerako antolatu dituzten ekitaldien berri emateko aurkezpenaren harira.  

Azaldu dutenez, elkartearen helburua da, alde batetik, goranzko joera horrekin amaitzea, "eta, bestetik, gaixotasuna duten pertsonen biziraupena handitzea eta haien bizitza kalitatea hobetzea". Hau guztia lortzeko gizarte osoaren laguntza behar dutela nabarmendu dute. 

Hain zuzen, minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ospatzeko, otsailaren 4aren bueltan, hainbat jarduera iragarri dituzte, gaixoen beharretan azpimarra jartzeko helburuarekin. "Elkartearentzat funtsezkoa da egun hori ikusaraztea eta pazienteei ahotsa ematea. Zalantzarik gabe, bizitza gehiago duen etorkizuna eraiki nahi badugu, lanean jarraitu behar dugu prebentzioan, laguntza ematen eta, batez ere, ikerkuntzan, eta honetarako guztirako zuen laguntza ezinbestekoa izango da", azaldu dute. Ekitaldien artean, egun horretan, 11:30 elkarretaratze handi bat antolatu du Andre Maria Zuriaren plazan; kultura eta kirol-erakundeeekin, osasun arloko hainbat profesionalekin, enpresekin, saltokiekin, ikastetxeekin, komunikabideekin eta instituzioekin.

Egun hori dela eta, halaber, federazioak eta kirol klubak inplikatu nahi dituzte otsailaren 1etik 8ra egongo diren kirol lehiaketetan besoko berdea eramatera, itxaropenaren sinbolo gisa, eta minbizia duten pertsonei elkartasuna adierazteko. 

Erlazionatuak

Makulua, bide malkarrean

Anakoz Amenabar 2024 urr 11 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago