Osasun arretaz harago, minbiziari ertz desberdinetatik aurre egiteko lanean ari dira Gasteizko Zabalgana auzoko Arkupedun plazan. Hantxe du egoitza Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak, 33 urteko ibilbidea bizkarrean, eta milaka gaixo eta euren familien babesleku urteotan. Iaz 800 bat pertsona gerturatu ziren elkartera laguntza eske, eta aurten dagoeneko gainditu dute zenbaki hori. "Entzunak izateko beharra dute gerturatzen direnek, batez ere, eta hemen babesa aurkituko dute; zama astuna arinduta atera ohi dira egoitzatik", azaldu dio ALEAri elkarteko gerente Monica Morenok.
Izan ere, minbiziaren "albistea" jasotzean ibilbide zaila dator paziente eta familientzat, mundua hankaz gora jartzen da askorentzat, eta inpaktua arintzeko hainbat baliabide eskura jartzen dizkie elkarteak. Egoitzara sartu orduko, gizarte langile batek egingo die harrera, gaixoa entzun eta beharrak antzemateko. "Askotan esaten dutenagatik jakiten da, baina beste askotan esaten ez dutenagatik ere antzematen da; esperientzia handiko profesionalek bide bat edo beste hartu behar duen erabakiko dute, psikologoarekin edo bestelako espezialistaren batekin", kontatu du Morenok. Gizarte mailako kezkak izan daitezke, lan esparruari buruzkoak edota etxeko zerbitzuari buruzko zalantzak, beste askoren artean. Lantaldean, besteak beste, lau psikologo eta bi gizarte langile daude horiek artatzeko. Profesionalek erabakiko dute dagokien prozesua, baina badira bestelako saio eta jarduera osagarrietara ere batzen direnak, pazientearen beharren arabera. "Elkartean sartzen diren momentutik ateratzen direnera sekulako aldaketa izaten da, beste modu batera ateratzen dira". Prozesu osoa amaitu ostean ere, bidean ezagututako lagunekin harremanetan jarraitzen dute askok, edo boluntario moduan elkartean, "harreman estuak" sortzen baitira elkartean.
Bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango dute 2030era bitartean
Hainbat paziente Txagorritxu ospitalean duten boluntario sarearen bitartez heldu dira elkartera, arreta integralago baten bila gerturatu direnak. Ahoz ahokoa garrantzitsua da, baita ere, ezagutzera emateko, elkartetik pasa direnen esperientziei esker, eta baita antolatzen dituzten dozenaka ekitaldiak ere. Apurka-apurka leku eta jende gehiagorengana heltzen ari dira. Babeslekua da askorentzat elkartea, hainbat mito deseraiki eta minbiziak dakartzan zenbait estigmari aurre egiteko espazioa, koordinatzaileek aipatu dutenez. "Etxean minbizia agertu arte ez gara konturatzen elkarteak egiten duen lanaz, baina, zuzenean edo zeharka, denoi eragingo digu minbiziak, eta euskarri garrantzitsua da hau guztiontzat".
Lautada eta Arabako Errioxara bidean
Gasteiz da gaur egun elkartearen erdigune nagusia, baina eskaintza beste udalerri batzuetara zabaltzeko lanean ari dira gutxinaka. Laudio eta Amurriora iritsi dira aurten, astero bisita egiten dute elkarteko psikologo batek eta gizarte langile batek, eta zerbitzua handitzekotan dira eskaera handiari aurre egiteko; urte amaiera bitartean Agurainera ere gerturatuko dira, eta 2025ean Arabako Errioxan ere presentzia izan nahi dute. "Landa eremuan, batik bat, edadetuekin ari gara lanean, eta horietako asko bakarrik bizi dira, guregana heltzeko baliabiderik gabe. Erronka garrantzitsua dugu hor", nabarmendu du elkarteko gerenteak.
"Batez ere, entzunak izateko beharra dute elkartera gerturatzen direnek"
Monica Moreno, elkarteko gerentea
Jarduera guztiei eutsi ahal izateko "ezinbesteko" lana da elkarteko boluntarioena, Morenok nabarmendu duenez. 218 boluntario dira gaur egun elkartearen zutabe nagusia, atal ezberdinetan banatuta, eta ateak zabalik dituzte parte hartu nahi duten guztientzat. "Batzuek pazienteekin egon nahi dute, beste batzuek ekitaldiak prestatzen; norberaren perfila eta interesen arabera bideratzen da lan batera edo bestera". Badira minbizia izan dutenak edo prozesua bertatik bertara ezagutu dutenak, eta euren esperientzia partekatu nahi dute. "Pazienteek euren egoera berean daudenak topatu nahi dituzte, beste edozeinek esandakoak baino gehiago balio die tratamendu bera jaso dutenen esperientziak, eta horregatik oso baliotsua da boluntario hauen lana". Arabako Unibertsitate Ospitalean, Txagorritxun, hainbat boluntario ari dira goiz eta arratsalde, eta bertan koordinatzen dute atal hau. Aukeratutako boluntariotza motaren arabera, formakuntza txiki bat egiten dute hasieran, eta sail batera edo bestera bideratu. Aitortu dutenez, beste modu batera ezinezkoa litzateke antolatzen dituzten jarduera eta ekitaldi guztietara heltzea, astebururo baitute kirol ekitaldi edo tailerren bat.
Orain, gainera, egoitzan egin berri dituzten lanekin, boluntarioak bildu eta euren lanetarako gela aproposak dituzte. Joan den udaberrian aurkeztu zituzten espazio berrien artean, halaber, ariketa fisiko onkologikoko unitate bat, nutrizio osasuntsurako tailerrak antolatzeko sukalde bat, fisioterapia unitate bat eta bestelako tailerrak hartuko dituen erabilera anitzeko gela bat dituzte. "Elkartearen helburua pazienteari eta familiei arreta integrala eskaintzea da, sortzen diren behar berriak detektatu eta aurre eginez", azaldu du Morenok. Apirilean hasi zituzten ariketa onkologikoko saioak, hilabeteotan nutrizio tailer pertsonalizatuak, eta hurrengo urtean hasiko dira fisioterapiarekin. Minbiziari aurre egiteko lanean, pazientearentzat osagarri izan daitezkeen proposamen ugari dituzte, gainera, eta berriak sortzen doaz. Egibiderekin duten hitzarmen bati esker, esate baterako, Peluk-arte egitasmo aitzindaria ere jarri dute martxan estetikako ikasleekin, tratamendu onkologikoetatik eratorritako alopezia duten pertsonei arreta integrala eskaini ahal izateko. "Eta, era berean, gure egoitzan espazio bat prestatu dugu peluka, zapi eta bestelako tresnekin, zerbitzua osatu aldera".
Eskaintza eta zerbitzu horiek guztiak, hein handi batean, bazkideek egindako ekarpenari esker dituzte eskura. 6.300 bazkide dira egun, eta datu horri bultzada bat eman nahi dote aurretik dituzten erronka eta proiektuei aurre egiteko, baina azpimarratu dute doako zerbitzuak eskaintzen dituztela, eta elkartera doazenek ez dutela derrigor bazkide izan beharrik.
Hazkunde etengabea
Bien bitartean, minbiziaren orbana zabalduz doa etenik gabe. 2023an 2.206 minbizi kasu berri diagnostikatu zituzten Araban; 14.500 kasu erkidegoan. Intzidentziari dagokionez, emakumezko arabarren artean, bularreko minbizia eta kolon eta ondesteko minbizia dira ohikoenak; gizonezko arabarren artean, berriz, prostatakoa lehenik, eta kolon eta ondesteko minbizia ere atzetik. Hazkunde nabarmena izan du minbiziak azken urteetan, baina, era berean, biziraupena ere gero eta handiagoa da, azaldu dutenez, besteak beste, abian jarritako ikerketei esker. "Egungo biziraupen datuak are baikorragoak izatea da helburua; minbizia detektatzen denetik bost urte barruko biziraupena %57tik %70era handitzea da elkarteak jarritako helburua, baina horretarako funtsezkoa da gizarte osoaren erantzuna", azpimarratu du Morenok.
Helburu horretara heltzeko, elkarteak, besteak beste, kerik gabeko ingurune osasungarriak eraikitzea sustatzen du, kolon, bular eta zerbixaren baheketa programak bultzatzen ditu, eta biriketako minbizia bahetzeko programa abian jartzeko lanean ari da. Herritarren artean bizimodu osasungarria sustatzearekin batera, ikerketaren eta diagnostiko goiztiarraren aldeko apustua egiten du. Prebentzioaren alorrean, esaterako, lan handia egiten ari dira elkartean, ikastoletatik hasi eta enpresetara, espazio eta sektore desberdinetan hitzaldi eta tailerrak eskainiz. "Garrantzitsua da umetatik kontzientzia hartzea eta, besteak beste, eguzki izpiek azalean duten arriskuez hitz egitea".
Ikerketa ere bada gakoetako bat, eta, elkartetik, minbiziaren kontrako ekitaldiekin jasotako dirua hainbat ikerketa programatara bideratzen dute. Igandean egingo duten martxa handiarekin bildutakoa, esate baterako, gibeleko minbiziaren inguruan Maria Aretxederrak zuzentzen duen ikerketa finantzatuko dute, elkarteak aukeratu dituen proiektuen artean. "Minbizi mota hau dutenen biziraupena oso baxua da, %30 ingurukoa, berandu detektatzen delako. Aretxederraren helburua diagnostiko hori aurreratzea da". Haurren sarkoma ikertu eta ikertzaile gazte baten proiektua abiaraztera ere bideratuko dute. "Ezinbestekoa da gure ikertzaileen lana bultzatzea; bi hamarkadatan asko aurreratu dira ikerketak, baina lan handia dago oraindik". 2015. urtetik 1.350.000 eurotik gorako inbertsioa duten ikerketa proiektuak lagundu ditu.
Aurreikuspenen arabera, bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango dute 2030era bitartean. "Hau ez da lelo soil bat, errealitatea da, eta, beraz, guztion esfortzua ezinbestekoa izango da". Lan horretan, herritarren inplikazioa sustatzen ahaleginduko dira elkartetik aurrerantzean ere. Arreta pertsonalizatua eskaintzeko 900 100 036 telefonoa dute egunero, 24 orduz, eta elkartearen inguruko argibide gehiago nahi izanez gero, berriz, 945 26 32 97 telefonoa eta alava@contraelcancer.es helbidea daude eskura. Igandean, urriaren 13an, antolatu duten minbiziaren kontrako martxa izan daiteke pauso handi bat emateko aukera. "Minbizia ikusarazi, ikerketarako dirua jaso, eta, aldi berean, pazienteei eta euren familiei gure babesa eskaintzeko momentua da; eurekin egoteko eguna da".
Olatu berde "handiena" lortzeko asmoz
Hamargarrenez, olatu berde batek estaliko ditu Gasteizko kaleak igandean, hilaren 13an, Minbiziaren Aurkako Martxarekin. "Esfortzu handia egiten ari gara aurtengo martxarako, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera; berezia izango da aurtengoa, hala sumatzen dugu, inoizko olatu berde handiena", azaldu du Monica Moreno elkarteko gerenteak.
Ikerketan aurrera egiten jarraitzeko eta minbizia duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko helburua du ekimenak nagusiki, baina elkartasuna adierazteko eguna ere izango da igandea: "Ikaragarria da nolako poztasuna nabaritzen zaien pazienteei eta haien familiei egun horretan, inguruan babes zabala dutela jakinik; beharrezko hauspoa ematen die ekitaldi honek".
Sei kilometroko ibilbidea izango da, Arka plazan hasi eta Armentiara, eta berriz ere erdigunera. "Ez da lasterketa izango, norbaitek zalantza badauka; paseo lasai bat izango da, edonork egiteko modukoa, aitzakiarik ez beraz".
Proba amaitutakoan, Plaza Berrian hainbat jarduera egingo dituzte. Ohiko pintxopote solidarioa antolatuko dute han, zunba eta Gbox eskolekin batera, eta, nobedadeen artean, haurrentzako zientzia tailerra eta adin guztientzako prebentzio tailerrak izango dira. Gainera, aurten, ikastetxeak martxan parte hartzera gonbidatu dituzte. Ikasle eta familia gehiago biltzea lortzen dutenak sarituko dituzte.
Minbizia izan zuen Markel Irizar txirrindulari ohia izango da aurtengo martxaren enbaxadorea, eta ikerketa proiektuak dituzten adituekin ere hitz egiteko aukera izango da martxaren osteko ekitaldian. "Euren lanean erreferente diren ikerlariak izango ditugu plazan, abian dituzten ikerketen berri emateko; besteak beste, gibel minbiziaren inguruko ikerketa ezagutu dugu", azaldu du Morenok.
Izena eman dutenek egunotan jasoko dituzte kamisetak, baina egunean bertan ere izango da horretarako aukerarik, Arka plazan paratuko duten mahaian. Goizeko bederatzietatik izango dira kide berrien zain.