Nadia Valdebenito

"Eskuinak baino neurri gogorragoak hartuko ditu Boricek"

Jon Hidalgo 2025ko urt. 26a, 08:00

Prozesu konstituziogilean itxaropenik ez zuenez, ez zen hain gogorra izan porrota. Argazkia: J. Hidalgo.

Bost urtez Gasteizen bizi izan zen Nadia Valdebenito Moya (Santiago de Chile, 1989), eta 2020an itzuli zen herrira, Txileko herri altxamendua hasi eta gutxira. Bost urte igarota, altxamenduak utzitakoak eta utzi ez dituenak aztertu ditugu berarekin.

Badira hiru urte Gabriel Boric izendatu zutela Txileko presidente. Salvador Allenderen hitzak parafraseatuz hartu zuen kargua, eta inoizko ezkertiarrena izango zela saldu zuten lagunek zein etsaiek. Txiletik kontatu digu Valdebenitok presidente berriak ekarritakoa ere.

Bost urte igaro dira herri altxamendutik. Zer aztarna utzi ditu?

Aldaketa kuantitatiborik apenas egon bada ere, uste dut kualitatiboki bai aldatu dela jende askoren begirada, nola ulertzen zuten haien bizitza altxamendua baino lehen, eta nola orain. Kontzientzia gehiago sumatzen da, injustiziak gehiago ikustea, zalantzan jartzea zer den bizitza duina izatea. Balio izan zuen jendea konturatzeko haien arazoak ez zirela soilik haienak, ondoeza orokortua zela, egiturazkoa. Instituzionalki bideratzeko saiakera egin zuten politikari batzuek, konstituzioa aldatzeko plebiszitu eta guzti, baina ez zen ondo atera. Boric hautatu zuten presidente, eta hor ere gauza gutxi lortu da. Instituzioetan konfiantza eduki zuen jendearentzako badago hutsune sentimendu bat, noski, ez duela ezertarako balio izan.

Handia izan da desilusioa?

Instituzioetatik kanpo antolatzen garenon artean uste dut ez zegoela itxaropen handirik prozesu konstituziogilean, nahiz eta uste genuen konstituzioa aldatuko zela behintzat. Gure bideak bere aldetik jarraitzen du, lurraldean antolatu eta hortik eraikitzeak. Bide geldoagoa da, baina altxamenduaren aurretik baino hobeto gaude. Altxamenduan sozialki zilegi bilakatu zen indarkeria, justifikatua ikusi zen aldarrikapenengatik borroka egitea. Eta altxamenduaren ondoren sentsazioa gelditu da, antolatzea zilegi dela, zentzua duela, erotzat hartuak izan gabe. Askoren iritziz, altxamendua ez zen inora heldu ez zegoelako proiektu politiko argirik atzean, kanalizatu ahal izateko zeukan indarra. Eta halako matxinadek ezin dute betiko iraun, eraldatu egiten dira nahitaez, eta jendeak ere beren bizitzetara itzultzeko beharra dauka, normaltasunera. Guretzako oso garrantzitsua izan zen altxamendua, asko oroitzen dugu oraindik, eta urtero omentzen dugu, baina ez iraganeko zerbait bezala. Altxamenduak erakusten digu antolatzen jarraitu behar dugula.

"Orain estatua hobeto prestatua dago herri altxamendu bati aurre egiteko"

Pinocheten konstituzioa aldatzeko aukera ezerezean gelditu da. Nolatan?

Aspaldiko aldarria zen hori hainbat herri mugimendutan ere, diktaduratik zetorren konstituzioa aldatzea, estatuari menpeko papera ematen ziolako merkatuaren aldean. Elementu askok eragin dute ezer ez aldatzea. Altxamendutik hilabetera alderdi politiko gehienak bildu zituen PiÒerak, garaiko presidente eskuindarrak, eta konstituzioa aldatzea adostu zuten "bakearen aldeko akordioa" hitzarmenean. Gizartearen %80a agertu zen aldatzearen alde, eta herritar soilek idatziko zutela erabaki zen, alde handiz, agerian utziz berriz ere politikariekiko konfiantza falta.

Gasteizen bost urtez bizi izan zen Nadia Valdebenito. Argazkia: J. Hidalgo

Zergatik ezezkoa orduan konstituzio berriari?

Proposamena bozkatu behar zenean, eskuina oso bizkorra izan zen, eta sekulako izu kanpaina abiatu zuen, nahasmena eta distrakzioak eraginez, esanez Chilezuela bilakatuko zela. Etxe jabeei esan zieten etxeak kenduko zizkietela; sekulako kanpaina egin zuten pentsio publikoen aurka, jendearen egoismoa hauspotuz; maputxeak independizatu egingo zirela; emakumeak abortatzera behartuta egongo zirela... gezurrez betetako kanpaina egin zuten, baina beldurgarria, eta eraginkorra. Azkenerako, Pinocheten konstituzio neoliberalarekin jarraitzen dugu.

"Boricek militarizazio kanpaina sakondu eta betikotu egin du Wallapun"

Boric ezkerraren irudi bezala bilakatu zen presidente. Zer moduz joan da berarekin?

Ezkerraren karta izan zen bere garaian Boric, baina instituzioaren menpe dago, haren zerbitzura. Bera dago buru, baina Alderdi Sozialista, Komunista eta Demokrata Kristauak ere badaude gobernuan. Hala ere, Boricek ez du indar nahikorik izan gobernatzeko, eta ustelkeria arazoak ere izan ditu inguruan. Azkenean, egin duena izan da eskuinarekin negoziatzea denbora guztian, eta eskuinak baino neurri gogorragoak hartu ditu hainbat arlotan.

Beste itxaropen bat proiektatzen zuen Boricek kargua hartzean.

Bai, eta agian berak ere izango zuen ilusioa, inoizko presidente ezkertiarrena izango zela, diktadurako konstituzioa aldatuko zuen presidentea izango zela. Baina ez da izan. Proposatzen zituen beste hainbat aldaketa ere ezin izan ditu egin. Zerga erreforma ezerezean gelditu da, mineralen nazionalizazioa aldarrikatzen zuen gaztetan, baina orain gehiago esportatu besterik ez du egin. Gauza sozial batzuk egin ditu, zaintza programa batzuk garatu, eta zaintzaileei ordaintzea proposatu. Konstituzioa ez aldatzeak balazta jarri dio, hor aldaketa gehiago sakondu nahi zituelako, baina miseria administratu besterik ez du egin Boricek. Hezkuntza sisteman ez da batere aldaketarik egon, osasun sistema ere beti bezain gaizki, okerrago ere bai gauza batzuetan.

Errepresio politika gogorrak ezarri ditu Boricek?

Bai. Analisi askok erakutsi dute protestaren kriminalizazio handiagoa egon dela bere garaian. Eskuineko gobernuek baino lege errepresibo gehiago sortu ditu. Gatillo fácil legea, lurrak okupatzearen aurkako legea, barrikaden aurkakoa... azken finean, gaur egun Pacoek, Poliziak, aukera gehiago dauka gu hiltzeko, inongo ondoriorik gabe. Sentsazioa daukagu eskuina ez dela ausartu hainbeste egitera boterean egon denean, eta azkenean Boric izan dela lege guzti hauek atera dituena. Eskuinarekin beste gauza batzuk negoziatzeko egin omen ditu lege hauek, baina gero ez du gauza onik ere atera tratu horietatik. Orain Estatua hobeto prestatua dago herri altxamendu bati aurre egiteko.

Zer ekarri dute lege horiek?

Lurrak okupatzearen aurkako legea sortu dute azkenaldian legez kanpoko kanpalekuak areagotzen ari zirelako, etxebizitzaren prekarizazioaren ondorioz. Beste aukerarik ez duten familia ugarik erabakitzen dute lursail bat hartu eta han eraikitzea haien etxolak. Lege honekin gehiago kriminalizatu dute hori, eta azken urtean 300 familiatik gora utzi dituzte etxerik gabe, gutxienez, Santiagon desalojatutako hiru kanpalekutan soilik. Bestalde, Gatillo fácil legearekin, poliziak edozein hil dezake, eta erraz justifikatu, esanez bere integritatea arriskuan ikusi zuela, besterik gabe. Kasu oso esanguratsu bat dago, gazte batek Polizia ikusi eta korrika atera zen, beldurtuta, nahiz eta ez zegoen ezer egiten berez. Poliziak atzetik segi eta hil egin zuen, inongo arrazoirik gabe. Gure auzoan ere 16 eta 18 urteko bi gazte hil zituen polizia batek, bizkarrean tiro eginda, ihesean zebiltzala, eta ez du inolako ondoriorik izan. Gainera, lege hau atzeraeraginez aplikatu da, eta herri altxamenduan jendea hiltzeagatik epaitzen ari ziren polizia asko aske gelditu dira. 

"Altxamendua ez zen inora heldu ez zegoelako proiektu politiko argirik atzean"

Maputxeen aurka ere gogor aritu da, ezta?

Bai, azken urteetako gobernu gogorrena izan da haiekin, eta kolpe bereziki gogorra izan da hasieran sortu zuen itxaropenagatik, plurinazionalitatea eta beste. Oso bortitza izan da Boric autonomiaren aldeko borrokan dauden maputxeen aurka, eta betiko errezeta aplikatu du, Estatu indarkeria eta errepresioa. Hector Llaitul kartzelan sartu du, Wallmapuko borrokan pertsona garrantzitsua dena. Bere semeak ere espetxeratu ditu, beste kide batzuekin batera. PiÒerak hasitako militarizazio kanpaina sakondu eta betikotu egin du Boricek Wallmapun.

Euskal Herrian egon zinen ia bost urtez bizitzen. Zer eraman zenuen hemendik?

Errekaleor auzoan bizi izan nintzen, Gasteizen, eta uste dut hango esperientzia oso garrantzitsua izan zela Euskal Herriko militantzia ezagutzeko. Han ezagutu nituen gazte asanbladetako kide izandakoak, garaian ilegalizatutako gazte antolakundeetako kideak, eta asko ikasi nuen antolakuntza aldetik. Praktika militantean asko eman zidan, eta ni ere izan nintzen Euskal Herriko beste kolektibo batzuetako kide. Konpromisoa ikusi nuen han, norberaren hitzak duen balioa, ardura bat hartzeak duen garrantzia. Puntualtasuna ere bai, erantzukizuna, azken finean. Benetako zerbait eraikitzen ari garen sentsazioa, zerbait serioa. Ez denborapasa bat, edo hobby bat, bizitzari zentzua ematen dion zerbait baizik. Eta han ikasitako tresna asko oraindik erabiltzen ditut hemen. Latinoamerikara etorrita eraldatu egin da ikasitakoa, noski, baina han ikusi nuen nire bizitzaren motorra hori izango zela, antolatzea.

Zein alde ikusten duzu hango eta hemengo antolakuntzaren artean?

Adibidez, Euskal Herrian eta Katalunian ezagutu nituen elkartasun sareak, etxebizitza sindikatuak, hornikuntza taldeak eta halakoak, eta oso interesgarriak egin zitzaizkidan. Hemen ere egiten ditugu antzekoak, bai historikoki eta baita gaur egun gure lurraldeko antolakuntzan ere. Badakigu ez dutela sakoneko arazoa konponduko, baina elkarrekin antolatzea sustatzen dute, beste gauza askoren artean. Eta halako dinamikak sakon daude errotuta gure kulturan. Batera erostea, kostuak jaistea, uste dut praktika militante hori hemen oso intuitiboa dela, oso klase elkartasunekoa. Hemen beti egin izan da denentzako lapiko bat, edo bingo bat antolatu bizilagunari laguntzeko, ohikoak dira halakoak. Baina egiturarik gabe, analisirik gabe eta proiekziorik gabe. Beti laguntza behar badugu, egitura bat sortu behar dugu etengabe lagunduko diguna. Hemen bihotzetik egiten dugu, intuitiboki, baina Euskal Herria eta Kataluniatik proiekzioa ere ekarri nuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago