Joxerra Melguizo

Koloretako arkatzak irensten

Anakoz Amenabar 2025ko urt. 24a, 08:02

Ozetako tailerrean landutako obren inguruko hitzaldia eskaini du Melguizok aste honetan Artiumen. Argazkia. J. Melguizo

Lagunartean zikloaren eskutik, sorkuntza garaikideko artistekin topaketak antolatu dituzte Artiumen; Joxerra Melguizo gasteiztarra izan da lehena, artistaren hamar urteko lana biltzen duen erakusketaren harira.

Emaitza agerian dago, denen eskura. Azaroan inauguratu zuten, eta otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai Artiumen Joxerra Melguizo (Gasteiz, 1968) artistaren Refugios-diarios. Lerro galduak erakusketa, azken hamarkadan ekoitzi dituen lanen bilduma. Ordea, nolakoa izan da sorkuntza prozesua? Zerk bultzatzen du artista? Eta jendaurrean jarri aurreko azken muntaketa lanak? Lagunartean zikloaren eskutik, artistaren ofizioaren zirrikituetan barneratu dira astelehenean museoan elkartu diren lagunak, erakusketaren komisario diren Beatriz Herraez eta Enrique Martinezekin batera izandako solasaldian.

Hamabi bat urte eman zituen bere obra erakutsi gabe, eta duela bost hasitako elkarrizketa luze baten ondotik heldu da Artiumera orain ikus daitekeena. "Denboraldi bat noraezean igaro ostean, nire burua zerbait egitera behartu behar nuela erabaki nuen. Pentsamenduak alde batera, ekintzara pasa behar nuen; hainbat arkatz hartu, oholak, eta lanean hasi nintzen". Arte Ederrak ikasi zuenetik ez zuen berriz pintatu, 35 bat urte pintatu gabe, eta orduan hasi zen. Beti musikak lagunduta, arkatzak jan eta jan, bata bestearen atzetik, dozenaka marrazki pilatzen hasi ziren haren tailerrean. Helburu jakinik gabe, artistak aitortu bezala, hamaika lan bazterretan, prozesuaren inguruko grabazioek erakutsi dutenez. "Bideo hauek ikusita, eta ondoren egindako lanak, hobeto ulertzen duzu lan prozesua nolakoa izan den; egitearekin eta prozesuarekin berarekin harreman gehiago du, proiektu edo helburu jakin batekin baino", nabarmendu du Martinezek.

Otsailaren 9ra arte izango dira ikusgai Joxerra Melguizoren lanak Artiumen; argazkian 'Egunerokoak' horma irudia.  Argazkia: J. Melguizo

Pintatutako oholak nonahi, zurginek erabiltzen dituzten metroak pilatuta, margoen mugak bereizten dituzten zintak batean eta bestean... Etxeko horma eta bazter guztiak beteta, sorkuntzak ez du etenik Melguizoren tailerrean. Baina artistak noiz ematen du amaitutzat obra? Ez du erantzun errazik harentzat. "Beti izan dut arazo bat horrekin. Inoiz ez dut jakin amaiera formal bat ematen. Badira urte batzuk igarota berreskuratu ditudan obrak, geruza desberdinak dituztenak, edo berriz ikutu ez ditudanak...".

Eta egindako lan hori guztiarekin zer? Melguizok ez zuen premiarik sentitzen bere lanak jendaurrean jartzeko, baina bai lanean jarraitzeko. "Erakusketa zirkuitua eta merkatua uzten dituzunean, badirudi ez zaudela, dena utzi duzula, baina nik lanean jarraitzen nuen", esan du artista gasteiztarrak. Oteizaren hitzak gogoan, bizi nahi duenarentzat eta nola egin ez dakienarentzat da artea, hala bizi du berak, norberarentzat sortzen jarraitzeko beharrez. Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez agertu zen orduan, 2019an hitzaldi batean parte hartzeko aukera eskaini zion, eta elkarrekin bilduma hau lantzen hasteko proposamena.

Muntaketa lanak

Hain zuzen, estudioko eguneroko lan hori, sortze prozesu horren guztiaren emaitza, jaso du Gasteizko museoak. Eta, era berean, hori izan dute erronka nagusiena: Ozetan duen tailerrean urteetan egindako lana Artiumen nola jaso. Gozatu, eta, aldi berean, asko sufrituta. "Muntaketa lan bakoitza mundu bat da, besteak beste, prozesu horretan sortzen diren lan dinamikengatik baldintzatuta; badira misterio handirik ez dutenak muntatzerako garaian, eta, aldiz, hainbat buruhauste ematen dituztenak", aipatu du Herraezek. Zer jarri? Zer kendu? Artelana bera bezain garrantzitsua izan daiteke muntaketa lana askotan, eta kezka ugari agertzen dira bidean. Areto nagusian, 30 metroko luzera eta lau metroko garaiera duen aretoan, 870 xaflarekin osatutako Egunerokoak instalazioa paratzeko komeriak izan dituzte, Melguizok gogoratu duenez: hasieran planoan irudikatutakoak bertan behera utzi beharra, lan egun amaigabeak, ordu txikitako krisi mezuak, azken orduko ardurak... "Obra baztertzea ez da batere erraza artista batentzat. Alde batera utzi behar nituen piezengatik asko sufritu nuen hiru egunez, erabaki horrek zentzua zuela eta aukera onena hori izan zela konturatu arte...".

Artean ibilbide oparoa egin badu ere, lehenengo aldia da hau Arabako arte areto publiko batean bere lana bakarkako erakusketa batean ikus daitekeena, gogoratu duenez. Atzean geratu dira CM2 galeriaren garaiak; hogeita hamar erakusketa inguru hartu zituen Emilio anaia eta Carmen Lopez Castillorekin batera sortutako galeriak. Eta Trayecto ondoren, hainbat erakusketa antolatu zuen erreferentziazko galeria. "Beste garai batzuetako obrak ikusita, esango nuke obsesio berdinekin jarraitzen dudala, era desberdin batean, baina gai horiei bueltaka".

Ballestin eta Medina

Joxerra Melguizo izan da urteko lehen protagonista, baina artisten atzealdea ezagutzeko aukera gehiago ere izango da aurrerantzean Lagunartean egitasmoari esker. Juncal Ballestinen praktika, Artiumek argitaratu berri duen bere ondare dokumentalari buruzko liburutik abiatuta, eta Ines Medina izango dira hurrengo saioetako protagonistak. Otsailaren 24an, museoko Dokumentazio Zentroko arduradun Elena Roserasek, Fernando Illanarekin batera, Juncal Ballestin artxiboa eta bertan oinarritutako argitalpena aurkeztuko ditu, ekoizpen artistikotik harago, bere lanaren gainontzeko alderdiak jorratzen dituena. Martxoaren 24an, bestalde, Ines Medina (Caceres, 1950) izango da erdigunean, museoak artistari eskainiko dion erakusketaren barruan; erakusketaren helburua bere ikerketa plastikoa aztertzea da, 1978an egindako lehen esperimentazio monokromoetatik 90eko hamarkadaren erdialdera bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago