Noemi Ortega Perez

"Preso daude, ados, baina ez iezaiezu kendu daukaten gutxia"

Jon Hidalgo 2025ko urt. 20a, 09:07

Zaballako preso baten bikotea da Noemi Ortega. Argazkia: ALEA

Abendu hasieran baja hartu zuten Zaballako espetxeko 70 kartzelazain baino gehiagok (ia %40ek). Langile faltari buruzko kexa artean hartu dute baja funtzionarioek. "Ezkutuko grebak"  eragin handia izan du presoetan, hainbat zerbitzu murriztu baitzaizkie aste batzuetan zehar, besteak beste, senideen bisitak, abokatuekin bilkurak edo paketeak jasotzeko aukera.

Noemi Ortega Perezek bikotea du Arabako espetxean preso. Berarekin elkartu gara ALEAn, baja sorta honek sortutako ondorioak aztertzeko, eta gertuagotik ezagutzeko nolakoa den Zaballako preso bati kanpotik laguntzen egotea.

Zer eragin izan du kartzelazainen "ezkutuko grebak" presoengan?

Gauza asko mugatu zizkieten denbora batez. Senideen bisitak, izan lokutorioko bisitak edo aurrez aurreko intimoak, telefono deiak, ez zizkieten ematen senideek bidalitako paketeak eta dirua, bertan behera gelditu zen dena. Kiroldegia itxi zuten, gimnasioa, eskola, ekonomatoan ez zegoen ia ezer erosteko, eta hamabost egun beranduago eman zioten bikoteari bidali nion Olentzeroren oparia. Gabonetan gainera, gehien behar gaituzten garaian, ematen du nahita egin dutela.

Eta senideentzako nolakoa izan da?

Oso gaizki egon gara. Ezin bisitan joan, ezin haiekin hitz egin, hitz egitea lortu dugunean oso gogorra izan da, are deprimituago zeudelako, asko eragin digu. Ni astearte batean iritsi nintzen espetxera, aurrez aurreko bisita nuen, eta itxita topatu nuen dena, kartzela itzalita zegoen. Funtzionario bat atera zen kanpora, eta esan zidan espetxea itxita zegoela, ez zegoelako langile nahikorik, eta joan egin behar nuela. Imajinatu dezakezu nire amorrua, urrunetik nator bisita hauetara, eta esku hutsik itzuli beharra.

Ez dizuete bestelako informaziorik eman?

Ez, batere ez. Inork ez zigun jakinarazi kartzela itxita zegoenik, bidaia aurreztuko nuke bestela. Gainera, bisitak eskatzeko interneteko aplikazioak ere ez du ezeren berri ematen. Funtzionarioak esan zidan orri bat jarri zutela sarreran, ia ikusten ez zen A4 orri bat kartzelako atean. Eta barruan ere, presoei ez diete ia informaziorik eman. Batzuek esaten diete bajan daudela, beste batzuek greban daudela, ezer gehiago ez. Informazioa eman beharko ligukete, asko eragiten digulako.

Bajan zeuden langile batzuk ordezkatu dituzte, ezta?

Bai, errefortzuak jarri dituzte, baina ez dira nahikoa izan. Gainera jende gaztea ziren gehienak, esperientzia gabeak, eta ezin zuten lehengoen lana egin. Zertxobait aldatu zen egoera, lokutoriora joaten utzi ziguten, baina aurrez aurrekorik gabe geunden oraindik. Funtzionarioek esaten zuten sartutako jende berriak egin zezakeen bakarra zela ateak irekitzeko botoiei ematea, besterik ez, ez miaketarik, ez akonpainamendurik, eta orduan murrizketa asko mantendu dira. Hala ere, nahiko normalizatuta dago egoera jada. Kiroldegia ireki dute, ekonomatoak janaria dauka, bidalitako dirua ematen diete...

"Barruan dagoen jendea gu bezalakoa da, bizitzan akatsen bat izan duena"

Zuek, kanpotik, protesta egin zenuten. Eraginik izan du?

Kartzelan sartzen utzi ez zidatenean kolpe handia izan zen, eta hurrengo egunean hasi nintzen zerbait antolatzen saiatzen. Presoen senide gehiagorekin kontaktuan jarri eta elkarretaratze bat antolatu genuen. Ez ziguten utzi espetxeko atean egiten, eta beheko errotondan egin behar izan genuen. Ertzaintzan eskatu nuen elkarretaratzerako baimena, eta bat-batean, hurrengo egunean, lokutorioak zabalik zeuden. Bikoteak esan zidan: "Ez dakit zer ari zareten egiten hor kanpoan, baina gauzak normalizatzen ari dira hemen". Eskerrak, oso bidegabea izan delako. Preso daude, ados, baina ez iezaiezu kendu daukaten gutxia.

Zer iruditu zaizu funtzionarioen protesta?

Ez dut oso ondo ezagutzen, uste dut lan baldintzengatik protestan ari zirela. Justua iruditzen zait hori, baina ez da bidezkoa protesta horrek halako kaltea eragitea presoei, pertsonez ari gara eta. Ez da arropa denda bat edo taberna bat ixtea bezalakoa. Ni beti errespetuz joan naiz, eta ondo tratatu izan naute, salbuespenen batekin, baina ondo.

Isolamendu moduluek kalte asko egiten dutela salatu nahi zenuen.

Bai, isolamendua okerrena da. Ziega txikiak dira, hezetasunez beteak, telebistarik gabe, ez diete ia ziegatik ateratzen uzten egun osoan, eta egunean dei bat bakarrik uzten diete, kartzelazaina ondoan dutela. Gainera legez kanpoko moduetan erabiltzen dute. Legez hamabost egunez besterik ezin dute egon, baina egiten dutena da hamabost egunen ostean egun batez atera, eta berriz sartu. Sekulako kalteak eragiten dizkie honek, gorputza zauriz betetzen dute preso askok, protesta gisa. Isolamendua da zure txakurra utziko bazenu bezala bere etxolan giltzaperatuta, atera gabe, zigor bezala. Gero, askatzen duzunean, zer espero duzu gertatzea? Ba hori da isolamendua.

Ezkutuko isolamendua ere ezartzen dietela esan izan duzu.

Bai. Ohiko moduluetan egonda ere, isolamendutik kanpo, berdina egiten diete askotan. 75.1 artikulua ezarri, eta isolamendu moduluan egongo balira bezala izaten dituzte, haien ziegan, baina murrizketa berdinekin. Ezkutuko isolamendua da.

Abenduan 70 kartzelazainek baino gehiagok hartu zuten baja Zaballan. Argazkia: Irekia

 

Nolakoa da Zaballako preso bati kanpotik konpainia egitea? Nola eragin du zure bizitzan?

Oso gaizki. Inguruko jende askok ez daki, gainera, azalpen gehiegi eman beharko nituzke, nahiago dut pixka bat isilpean eraman. Jendeak galdetzen dizun lehenengoa da ea zergatik dagoen espetxean, zer egin duen, galdetu beharrean ea zer moduz dagoen, adibidez. Edozeini gertatu dakioke, jende asko ezagutzen dut preso egon dena, arrazoi ezberdinengatik. Eta kanpotik laguntzea gogorra da, oso gaizki daramat, beti negarrez ateratzen naiz. Ilea zuritzen ere hasi zait honen ondorioz. Ahotsean nabaritzen diot gaizki dagoenean, irteteko desiratzen dago. Ekonomikoki ere zaila da, bikoitza egin behar dut lan barruan behar duena emateko, telefono deietarako dirua, gastuetarako, arropa... Gainera, hor barruan egoteak ez dio ezertan laguntzen.

Espetxeak ez du bergizarteratzeko duen helburua betetzeko balio?

Ez. Okerrago irteten dira. Kalera irteten dira, nora joan izan gabe, laguntzarik gabe, oso egoera latza da. Badago jendea barruan hogei urte daramatzana, eta ez duena atera nahi. Esaten dute, "zer egingo dut nik kalean?". Ohitu dira bertan bizitzera, espetxeak ez ditu kalerako prestatzen.

Bikotea barruan izan baino lehen, zer pentsatzen zenuen kartzelaz?

Errespetu asko ematen zidan. Uste nuen kartzelan gaizkileak zeudela, eta zerbait egiten zuen jendeak kartzelara joan behar zuela. Azkenean, hori da buruan sartzen digutena, ez? Ume gaiztoek barnetegi-eskoletan egon behar dutela. Nik kartzelaren ikuspegi hori nuen, oso txarra.

Eta orain?

Orain uste dut barruan dagoen jendea gu bezalakoa dela, bizitzan akatsen bat izan duena. Orain presoen senideak ezagutzen ditut, emazteak, beste preso batzuk ere bai, eta denok gara gizakiak. Zigorra betetzen ari dira, bai, baina ez dut lehen bezala ikusten. Orain hitz egin dezaket ustezko hiltzaile batekin, eta ez dut hala ikusten. Ohitzen zara bizitza honetara ere.

Droga menpekotasunekiko ez dago tratamendu berezirik?

Zaballan ez, eta hori eskatzen ari dira hainbat preso. Beste kartzela batzuetan badaude UTE deitzen dieten unitateak, hezkuntza eta terapia uztartuz. Droga menpekotasunak dituztenentzako desintoxikazio zentro bat balitz bezala, baina espetxe barruan. Uste dut beharrezkoa dela. Dirua murriztu beharrean, sartu ditzatela halako batean, beren psikiatra, psikologo, gizarte langile, hezitzaile eta abarrekin. Oraingoz ez dute ezer egiten. Hau izan daiteke benetako laguntza, adikzioekin laguntzea eta osasun mentalaren ikuspegitik, ateratzean ondo egon daitezen.

Irregulartasunak egon dira bikoteari bidaltzen diozun diruan ere?

Bai, astero sartzen diot nik dirua, pekulioa, eta normalean 50 €sartzen nizkion. Baina egun batean esan zidan ez sartzeko 50, ez ziotelako dena ematen. Drogekiko menpekotasuna argudiatuta, astean 30 euro besterik ez zizkioten ematen. Horrekin ez da ezertarako iristen, imajinatu, horrekin erosi behar dute komuneko papera, ez dietelako ematen, janaria ere bai, barruko jana oso txarra delako, erosi behar dute tabakoa, garbiketa produktuak, hortzetako pasta, bizarra mozteko gauzak, denetik. Eta 30 eurorekin ez da nahikoa. Gainera ez du zentzurik, diru hori txartel batean duelako, eta leku ofizialetan baino ezin du gastatu.

Sendagaiekin ere gaizki jokatzen dutela diozu.

Bai, batetik, utzikeria handia dago. Asko kostatzen da medikuak ikusi ditzan, eta gizarte langileekin eta halakoekin ere, ia ezinezkoa. Lau instantzia ditu eskatuak jada nire bikoteak gizarte langilearekin elkartzeko, eta erantzunik ez. Eta gauetan, lotarako pilula lasaigarriak ematen dizkiete, depresioaren aurkakoak berez. Psikiatrikoan bezala, irentsi dutela egiaztatzen, denek lo hartu dezaten. Ume txikiei txupetea ematea bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago