Hamar urte, dozenaka protagonista, ehunka istorio, milaka albiste… eta makina bat buruhauste joan zaizkigu esku artean konturatu orduko. Atzera begira jarrita asko dela pentsa genezake, baina ALEAren joera etengabe aurrera begira jarrita egotea da. Urak bere bidea errekan behera egiten duen bitartean, guk ortzimugara so egoteko joera izan ohi dugu, etorriko denari aurre egiteko gogoz. Izan ere, ahaleginak ahalegin, orain hamar urte begiz jota genituen helburuek indarrean jarraitzen dute eta makina bat lan izango dugu aurrerantzean ere. Gure lurraldean jazotzen dena jasotzea, askotariko ahotsei tokia egitea eta, etengabe, komunikazio formatu eta bide berriak bilatzen jarraitzea dugu helburu, beti euskaraz eta beti euskaratik.
Ur handitan aritzea egokitu zaigu: ingurune digitalaren itsaso zabalean nabigatzea, hizkuntza hegemonikoen korronteak irentsi ez gaitzan arraun egitea, merkantzia ontzi erraldoiak bailiran aritzen diren komunikazio talde handien arrastotik aldentzea, eta gure irakurleei desinformazioaren uretan ito ez daitezen euskarriak eskaintzea. Secano-koak izanagatik ez dugu bustitzeko beldurrik ordea, eta pixkanaka pixkanaka bagoaz porturatzeko kai berrriak aurkitzen ere. Horixe da gure hautua, kazetaritza lana oinarri, inguruan gertatzen denaren berri ematea, Arabako euskaldunei merezi duten kazetaritza eskaintzea, gure lurraldea trinkotzea eta bizi dugun errealitatera gerturatu nahi duen orori ongi etorria egitea. Ez da erronka makala, inondik inora.
Baina, antza, ez dugu nahikoa gaurkotasunaren zurrunbiloan murgilduta ibiltzearekin eta, hori gutxi balitz, beste hamaika putzutan plisti-plasta aritzea ere gustuko dugula erakutsi dugu urte guzti hauetan zehar.
Urtero Gasteizko haurrak oholtzan kantari aritzera gonbidatzen ditugu, kuadrillaz kuadrilla bertsoak botatzeko gonbita egiten diegu, gazteei irudi zein argazki bidez sormen ariketa egiteko aukera ematen diegu, literatura ariketaren bat ere egin izan dugu inoiz eta azkenaldian bere egunean uhinetan egin genuen bideari beste astindu bat eman diogu podcasten munduan urperatuta. Argi dago jaigiroa ere gustoko dugula eta urtean zehar ospatzeko ditugun hitzordu guztietan presente egoteko saiakera egiten dugula. Pentsa, azkenerako, patata saltzaile postu bat ere izan dugu plazaz plaza. Aspertzeko aukerarik ere izango dugu inoiz akaso.
Ezinezkoa litzaiguke halakoekin amestea sikiera hasieratik bidelagun izan ditugun guzti horien laguntzarik gabe, edo bidean topo egindako aurpegi berri guztien indar berriturik gabe eta, jakina, ezta tantaz tanta, alez ale, desio dugun loraldi hori ikusteko hauspotzen gaituzten ALEAkide guztien babesik gabe ere.
Zuek guztiok zarete, eta izango zarete, ALEA; hasi berri dugun urte honetan, datozen urteotan, hurrengo hamarkadetan eta belaunaldi berriei utziko diegun Araba euskaldunago baten lekuko. Bejondeizuela!