Vivan las caenas. Espainiako Fernando VII.aren aldekoek erabilitako leloa aipatzen dute askok hozkatutako sagartxoaren ekosistemaren atzean dagoen filosofia laburbiltzeko. Eta zurruntasun hori izan da, hain justu, hainbat astez ALEAren aplikazioa iOS darabilten gailu mugikorretan eskuragarri ez egoteko arrazoia. Cupertinoko kataiak gaindituta, dagoeneko Androiden eta iOSen lortu daiteke ALEAren aplikazioa. Hortaz, alea.eus/aplikazioa webgunera joatea besterik ez dago tresna berriak eskaintzen dituen abantailez berehala gozatzean hasteko.
Edonori begirako aplikazioa da, eta eduki guztiak errazago eta arinago jasotzeko aukera ematen du. Horrez gain, ALEAkide direnek are errazago eskuratu ahalko dituzte kide bezala dituzten abantailak. Adibidez, argitaratutako argazkiak kalitate handian jasotzeko aukera dago, zozketetan parte hartzeko prozesua erosoagoa da, eta jaso nahi diren edukiak aukeratzeko bidea ematen du; are, nahi izanez gero, aukera dago zenbait eduki berehala jasotzeko, push bitartez. Gida komertziala da bereziki zaindu den ataletako bat. ALEAkide txartel digitalarekin, komertzio horietan abantaila bereziak izateko bidea ematen du aplikazioak. Urtarrilaren 31 baino lehen deskargatzen dutenek Errigora saski baten zozketan parte hartuko dute, ez galdu aukera!
Promozio spota
ALEAren hamargarren urteurrenarekin batera etorri da tresna berria, eta, horren berri emateko, spot berezia prestatu du hedabide honek. Ohi bezala, auzolanean egindako proiektua izan da, hainbat kideren parte hartzeari esker. Bertan hitz gutxitan laburbiltzen da tresnaren garrantzia: "Belaunaldiz belaunaldi, eskuz esku, edozein tokitan, ahoz aho, inoiz baino gertuago".