Zergatik ez atzeraka igeri egin?

Jon Hidalgo 2024ko abe. 23a, 08:00

'Aldrebes' ipuin eta ilustrazio liburua aurkeztu du Basabek. Argazkia: ALEA

'Aldrebes' ipuin eta ilustrazio liburua argitaratu du Eneritz Basabek (Gasteiz, 1994), atzeraka igeri egiten duen ahatetxoaren istorioa. Aurkezpen ofiziala eginda, ALEArekin hitz egiteko tartea hartu du.

Ilustrazio zikloan ikasten ari zela agertu zitzaion aukera proiektu hau egiteko, album ilustratu bat egin behar baitzuten. Istorio bila, aitak txikitan kontatzen zion ipuin batez gogoratu zen Basabe, asko gustatzen zitzaiona garai hartan, eta hori hartu du abiapuntu. "Ahatetxo bat zen, atzerantz igeri egiten zuena, eta bidean topatzen zituen animaliek erakusten zioten ondo igeri egiten". Ipuin hori berreskuratu nahi izan zuen, baina mezua guztiz gustatzen ez zitzaionez, buelta ematea erabaki du.

"Atzera eta aurrera egiteak zer esan nahi duen gure gizarte lineal horretan, horrekin apurtu nahi izan dut". Aniztasuna erakutsi nahi izan du, "zergatik ez du atzeraka egingo ahateak, horrela ateratzen bazaio?". Besteen prozesua kanpotik epaitzea, eta nola egin behar duen esatea zalantzan jarri nahi izan du Basabek ipuinarekin. Haurrentzakoa berez, baina helduei ere pentsaraziko dien ipuina da Aldrebes.

"Aldea dago bidelagun izatetik zuzendari izatera"

Irakasle ikasketak ere egin zituen Basabek, eta ipuin ilustratu honekin aukera izan du bere "bi mundutxoak" elkartzeko, ilustrazioa eta heziketa. Maitasun eta ilusio handiz egin duela dio, baina "oso luzea" izan dela prozesua. Istorioa aukeratzetik hasita, nola forma eman, zein estilo erabili, nola irudikatu animaliatxoak, nola kontatu istorioa marrazkien bidez ere; erabaki asko hartu behar izan ditu bidean.

Sortze prozesuaren ondoren, argitaratzeko bidea ere nekeza izan dela aipatu du Basabek. Argitaletxe batekin ekoiztea erabaki zuen, prozesua nolabait errazteko, eta Amesgile argitaletxe txikiarekin egin zuen topo. Atzerapen ugariren ondoren, inprentarako prest zegoenean, hor ere ez zen gorabeherarik falta izan, gaizki inprimatuta atera ziren lehenengo liburuak, eta moldaketak egin beharra. "Ematen zuen ez zela inoiz amaituko prozesua". Oztopoak oztopo, lortu du argitaratzea, eta esku artean (eta liburu dendetan) dago jadanik Basaberen lehen argitalpena.

Bidelagun izan, ala zuzendari?

"Oso txikientzat, baina edozein heldurentzakoa ere bada". Besteen prozesuak epaitzeko dugun joera, nola saiatzen garen aldatzen ustez gaizki dagoen bidea, mezu hori sartu nahi izan du. "Aldea dago bidelagun izatetik zuzendari izatera".

Inguruan ditugun animaliak sartu ditu Basabek kontakizunean, "Euskal Herrian bizi diren haurrek ikusi ditzaketenak", kontrastea egiteko sartutako hartza salbu. Aniztasuna erakutsi nahi izan du, tamainan eta formetan.

Erabaki estetiko ugari ere hartu behar dira, noski, ilustrazio liburu batean. Koloreei erreparatu die gehienbat, kontraste bila, "zuhaitzen hostoak eta ura", edo animaliak irudikatzerakoan. Orrien atzealdea txuri uzteko erabakia ere ildo berari jarraituz hartu du, animaliek indarra hartzeko, orritik irten daitezen.

Pozik dago jasotako harrerarekin, gabon garaiaren olatuan sartu dela jakitun, "Gabonen ostean ikusiko dugu horrela jarraitzen duen". Liburua atera berritan deskantsu pixka bat behar duela dio, baina gustatuko litzaioke ilustrazioen munduan jarraitzea, agian nobela grafiko baten bidez, "edo auskalo". Ilustratzailearen ofizioak nahiko konplexua dirudi, "orain gainera adimen artifizialak sortutako beldur guztiekin". Saldu izan ditu ilustrazioak orain baino lehen Basabek, azoketan parte hartuta edo bestela, baina ez du lanbide moduan hartu izan, zaletasun bezala gehiago. Oraingoz hor mantendu nahi duela dio, ogibidearen zailtasunez jakitun. "Bestela presioa eta exijentzia handiegiak izaten dira".

Liburua eskuratu nahi izanez gero, Gasteizen eros daiteke, Mara-mara eta Liburutopia liburu dendetan, zein Clean Up Bio dendatxoan. Baita Amesgile argitaletxearekin kontaktuan jarrita ere, edo Eneritz Basaberekin zuzenean harremanetan jarrita, instagram bidez, @eneba_da bilatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago