Curriculum luzea du Iñaki Lasak. Hainbat abesbatzatan ibili da, irakasle Ikasbidea ikastolan, eta hainbat urtez Gasteizko Olentzero izan da, beste gauza askoren artean.
Zerk egin zizun klik irakasle bihurtzeko?
Beti gustatu zait sortzailea izatea, arlo guztietan. Eta haurrekin edo gaztetxoekin lanean ari zarenean, uneoro sortu behar duzu. Irakasleok ez dugu izan behar transmititzaile hutsak, gugandik asko jarri behar dugu, ongi iristeko ikasleengana. Eta gustatu egin zitzaidan. Nik ez nuke aguantatuko beti berdina egiten, sortu beharra nuen nik, jolas gehiago egin.
Zer garrantzia du musikak ikasleentzat?
Haurra lantzeko tresna bat da, txiki txikitatik hasita. Ni ez naiz musikaria, baina irakasle gisa egokitu zait arte hezkuntzak irakastea. Musika tresna egokia izan da euskara eta euskaltasuna transmititzeko, eta horretan aritu naiz urte askoan. Bertso doinuak eta kanta zaharrak ikasteak asko laguntzen du euskara hobetzeko. Abestian erabilitako hitz horiek pegatuta gelditzen dira. Kolonia bati botatzen zaion bezala alkohol iraunkor bat, usainak iraun dezan, horrelako zerbait da musika, gure bertso eta kantu zaharrei jartzen zaienean.
Nolatan bihurtu zinen Olentzero?
Polita izan zen hori. Andoni Egaña bertsolari handiak udaletxeko euskara zerbitzuan hartu zuen lana, eta Olentzeroren kontua kudeatzea egokitu zitzaion. Ezagutzen ginenez, deitu egin ninduen. "Hi, IÒaki, abarkak ba al dauzkek?", eta nik baietz, "blusa bat ere edukiko dek", eta nik baietz, beltz bat, "eta mahoizko galtza urdinak?", eta baietz nik. "Hi haiz Olentzero perfektua!", halaxe esan zidan. Halaxe hasi nintzen. Ez pentsa, nik ere noizbait hartu izan dut nire burua Olentzerotzat. Jatea gustatzen zait, ardoa ere bai, eta Olentzero tripa handiaren itxura pixka bat ere badaukat.
Urtean zehar prestaketarik egiten zenuen Olentzero izateko?
Ez bereziki, baina gabonak hurbiltzen zirenean izaten nuen buruan, bai. Kazetariak etortzen ziren, kolore guztietakoak, eta prest egon behar izaten nuen erantzuteko. Urteetan zehar joan naiz pixka bat begiratzen nor zen Olentzero, zer esanahi zeukan. Egun garbi daukat Olentzero pertsonaia mitologikoa dela, eta ez dela bihurtu behar Papa Noel bezalakoa.
Hori argi daukazu?
Nik bai, baina gizarteak? Haurrek beti eskatuko dituzte jostailuak. Kontsumo mundu batean bizi gara, eta beste lekuetan egiten den bezala, Olentzero aprobetxatuko dute mundu horretan sartzeko. Oso zaila da hortik alde egitea. Baina gutxienez gurasoek jakingo balute pertsonaia nondik datorren, zein den esanahia... Gabonak esaten dugu, baina neguko solstizioa da, horrekin lotuta daude pertsonaia guztiak, eta Olentzero ere bai.
Olentzeroren 'papanoelizazioa' ematen ari da.
Bai, zoritxarrez. Oso zaila da hortik alde egitea, baina gutxienez transmititu behar da pertsonaia mitologikoak duen zentzua. Gure aurrekoentzat, aspaldidanik, neguko pertsonaia honek beste zentzu bat zeukan, naturarekin daukagun lotura zen. Jostailuz beteta etortzen zen, baina ez plastikozko edo egurrezko jostailuekin. Ikatza, egurra eta balore batzuk zekartzan. Gaur egun oso erraz pizten ditugu argiak, botoi bati emanda pizten da berogailua, baina ez oso aspaldi, egurra zen dena, basoak ematen zigun.
Zein da Olentzero izanda bizi izan duzun momenturik politena?
Oilo ipurdia edo, politago, marrubi azala jartzen zitzaidan udaletxeko balkoian, amaitu ondoren, hasten nintzenean kantatzen Olentzeroren abestia. Plaza guztia beteta, aho batez, abesten genuen. Ni batzuetan isiltzen nintzen, eta plazak jarraitzen zuen abesten. Momentu hori izaten zen hunkigarriena, beste askoren artean.