Jaio eta hilabete gutxira Gasteizera ekarri zuten Puy Diaz de Tuesta (Iruñea, 1943) ehungile artisaua. Aita arabarra eta ama nafarra zituela, batez ere nafarra sentitzen dela dio, Lizarratik gertu dagoen Lukin herrian egon delako uda gehienetan. Lanbidera txiripaz iritsira ere, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan 33 urte eman ditu, eta artisau bezala egindako ibilbide oso batengatik aitortza jaso du Blas Arratibel sariaren bitartez.
Nola bizi zenuen Blas Arratibel saria jasotzeko unea?
Ikasle zahar batek esan zidan artisauek proposatu zutela nire izena, eta aldundiak baietza eman ziela. Pentsatu nuen: "Ai ama, niri utzi bakean. Ez dira egongo ba beste artisau asko Gasteizen!". Baina gero pentsatu nuen ezin nuela ezetz esan. Gainera, ehungintzari ikusgarritasuna emateko modu bat dela pentsatu nuen. Egunean bertan, oso lasai egon nintzen, egia esanda. Uneaz baliatu nintzen eskerrak emateko alboan izan ditudan ikasleei. Aurretik sari garrantzitsu asko izan ditugu, baina azken hau guztiei egindako aitortza moduko bat izan da. Arte eta Lanbide Eskolari ere eskerrak eman nizkion, bertan 33 urte eman ditudalako, eta, egia esanda, nahi izan dudana egin ahal izan dut bertan. Askatasun handia izan dut, eta, askotan, adibidez, ordutegitik kanpo geratzeko aukera izan dut.
Nola iritsi zinen ehungintzara?
1978an izan zen. Senarrak eman zidan lehen bultzada: Jose Antonio Perez de Arenaza margolaria zen, urte luzez Fournierreko marrazkilaria izandakoa, baita Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea ere. Garai horretan, aldundiak langileentzako ehungintza ikastaro bat antolatu zuen. Tira, uda zen, eta nik igerilekuetara joan nahi nuen, besterik ez! Baina azkenean konbentzitu ninduen, eta ia-ia senarra gainetik kentzeko joan nintzen. Eta gustua hartu nion.

Baina hori hasierako kontaktua baino ez zen izan, ezta?
Bai. Kontua da Terrasatik bi lagun etorri zirela Leioan ikastaro batzuk ematera, eta, Ameriketatik, beste bi. Bada, azkenean eman behar zuten ikastaroa ez zen atera, eta, hemen zirela aprobetxatzeko, etxe bat alokatu zuten Laukizen [Bizkaia], beren kabuz klaseak emateko. Eta hor ikasi nuen nik. Azkenean, Terrasakoei 1,7 metroko ehungailu erraldoi bat erosi nien, baina ondoren konturatu nintzen handiegia zela niretzat. Azkenean, oparitu behar izan nuen.
Ondoren, nola sartu zinen Arte eta Lanbide Eskolan?
Gasteizko beste emakume batek eta biok Arte Eskolari eskaini genion klaseak emateko aukera. Jakintza askorik izan ez arren, kideari esan nion beti aukera izango genuela ikasleen aurretik pauso bat joateko, gero haiei irakatsi ahal izateko. Eta horrela aritu ginen, ikasleei irakatsi baino lehen guk ere ikasten. Oso ausartak izan ginen. Kontua da aurkeztu geniola Ricardo Buesa eskolaren garaiko kudeatzaileari. Bada, hurrengo egunean bertan deitu ziguten, esanez onartzen zigutela proposamena; guk jarritako baldintzekin, gainera! Denbora behar genuen eskola orduetatik kanpo ikasten jarraitzeko. Kontua da hasi eta gutxira nirekin zegoen emakumeak ikastaroa utzi zuela, aldundian beste lanpostu bat atera zitzaiolako. Beraz, bakarrik geratu nintzen, ahal nuen moduan moldatuz.
"ARTE ETA LANBIDE ESKOLAN EMAN DITUDAN 33 URTEETAN ASKATASUN HANDIA IZAN DUT"
Tira, gutxienez... irakasten duzunean, beti asko ikasten duzu ere, ezta?
Bai, noski. Dakizkizun gauzak planteatzen dizkiezu ikasleei, eurek horiek lantzen dituzte, eta, landu duten horretatik, asko ikasten duzu beti. Izan ere, zenbaitetan proposamen oso ausartak egiten zizkidaten, eta nik, asko ez nekienez, baietz erantzuten nien, hori egiteko moduan egongo ginela. "Zer iruditzen hau brontzean egiten badugu?". Eta nik, "Aurrera ba!". Eta beraz nire kabuz eskola orduetatik kanpo ahalegindu behar nintzen, nahitaez.
Horrela hasita eta... 33 urte egin zenituen!
Bai. Duela 11 urte erretiroa hartu nuen, baina artisautzari lotuta jarraitzen dut, otsailean 82 urte beteko ditudan arren. Orain gauden lantegia senarrak margotzeko erabiltzen zuena zen. Bada, eskolan nituen ikasle batzuek ezagutzen zuten nik lantegi pertsonal hau banuela, eta, horregatik, proposatu zidaten hemen jardutea. Orain bospasei ikasle egongo dira, eta, funtsean, hemen egin dezakegu eskolan egiten genuen berdina.
Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrenaren aitzakiaz, erakusketa bat prestatzen ari zarete...
Hala, da. Martxoan erakusketa bat egiteko enkargua daukagu. Arte eta Lanbide Eskolaren paraninfoan jarriko dugu erakusketa hori. Hemen, lantegi honetan, kolore asko ikusten badituzu ere, nahiko nuke erakusketaren erdigunean pieza zuriak egotea; teknika klasikoak, lihotik eta horrelako ehunetatik abiatuta, eta, ahal bada, mugimenduarekin. Hori da gure asmoa: lortzea ehun horiek mugitu daitezela jendea igarotzen denean, bolumena lortuz. Edo, besterik gabe, aire lasterra dagoenean. Inguruan, beste espazioetan, koloretako obrak jarriko ditugu, eta horiek, zentzu batean, balioko dute barrura erakartzeko.
Erakusketaren barrura erakartzeko?
Ez, pertsonaren barrenera [bihotza seinalatuz]. Hemen teknika klasikoak erabiltzen ditugu, baina gure kaxara eraldatzen ditugu. Nik pertsonalki bereziki erliebeak gustuko ditut, hots, lauak diren ehunei bolumena ematea. Konturatzen bazara, horrelakoak dira lantegi honetan ikusten dituzun pieza asko.
Teknikei dagokienez, zeintzuk erabiltzen dira?
Niri askotariko teknikak gustatu izan zaizkit, baina ez nuen denborarik guztiei ekiteko. Asko daude, baina, gehienak ehungailutik abiatzen dira. Erabili nahi duzun ehundura aukeratu, eta hariak sartuz abiatzen da dena, eskuarekin lanean. Irazkia eta bilbea bateratzea, hain zuzen ere. Bi gurutze horiek bateratzearen ondorioz lortzen da ehuna, lotura bat eginez. Ehungailuaz gain, eskuz ere beste gauza asko egin daitezke. Lokarriak edo makramea, edo bastidore baten gainean egindako zerbait... Beste aukera bat da eskuarekin artilea lantzea, eta behin eta berriz lantzea, ehungailua erabili gabe ehunak nahasi daitezen eta ehuna sor dadin. Niri, adibidez, sprang izeneko teknika asko gustatzen zait, eta erakusketara horrela egindako ehun handi asko eramango ditugu. Hamakak egiteko erabiltzen zen teknika da hori. Lokarririk ez duenez, material gurutzatua duenez, oso sinplea.
Eta materialei dagokienez?
Askotarikoak daude: lihoa, kotoia, feltroa, espartzua... hainbat dentsitatetakoak izan daitezke, gainera. Artilea ere, noski. Batzuetan artile gordina hartzen dugu, eta gero guk geuk tindatzen dugu; eskuz landuta, lortzen dugu hariak batu daitezela, eta bolumenak sortzen ditugu. Baina bestelako kontu asko probatu daitezke. Kasurako, kobrez egindako ehunak egin ditugu. Ohiko dendetan erabiltzen diren soka arruntak ere erabiltzen ditugu. Zenbaitetan, bere horretan erabiltzen dugu, baina askotan soka osatzen duten hariak askatzen ditugu gure kabuz, hari horiek gure lanetarako erabiltzeko.