Sirian gatazka hastearekin batera heldu zen Gasteizera Yahia Koddo (Idlib, 1984), 2011ko Udaberri Arabiarren garaian, EHUko Letren Fakultatean kultura eta identitateen inguruko tesia amaitzeko asmoz. Bi urte beranduago asilo politikoa eskatu zuten haren emazteak eta alabak. Atzean utzi zuten herrialdeak bizitako odolustea izan zuen hizketagai ALEAn 2015ean, eta Baxar Al-Assaden erregimenaren amaierak ekarri du bueltan orriotara.
Nola jaso duzu albistea?
Oso pozik, baina, aldi berean, triste. Oso kostu handia izan du, bizitza asko galdu dira. Beste modu batera izan zitekeen, Iran, Errusia eta arabiar erregimenen esku-hartzerik izan ez balitz, baina ordaindu beharreko prezioa oso handia izan da. Halere, pozik nago amaitu egin delako; hau ez da alferrik izan.
Sorpresa izan da ala sumatzen zenuen zerbait?
Sorpresa hartu genuen azaroaren 27an, matxinoek Alepo hartu zutenean, konturatu ginelako erregimenaren atzean ez zegoela ezer, esku hutsik zegoela. Eta ondo zekien hori erregimeneko presidenteak, kriminalak, berehala alde egin zuelako Moskura, laguntza eske. Gau eta egun herria bonbardatzen zuten hegazkin horien atzean, ez zegoen benetako babesik.
Zergatik geratu da babes gabe, zure ustez?
Zenbait faktore izan dira, baina garrantzitsua iruditzen zait Iranek Israeli eraso egin izana, erantzutera ausartu izana. Une hartan Israelek Siriako oposizioari jarritako betoa altxatu zuela uste dut; Siriako erregimena aliatu ona zelako; ez zuten ezer sinatuta, baina aliatu onenak ziren. Yom Kippurreko gerra amaitu zenetik gaur egunera arte Israelgo mugan segurtasuna bermatu duen erregimena izan da, azken egun hauetara arte. Berehala ikusi dugu jarraian Israel Golango gainen zati handiago bat hartzen.
"Oraingoz, oposizioak egin dituen keinuek itxaropen pixka bat ematen dute"
Hemendik aurrera herrialdeak zer bide hartuko du, zure ustez?
Oso egoera zaila da. 1958az geroztik, siriarrak hainbat sistema politiko eta hainbat erregimenen mende egon dira, eta ez dute ahalbidetu eragile desberdinen arteko komunikaziorik, komunitateen arteko harremanik. Jendarte anitza da siriarra, etnia asko daude, komunitate erlijioso asko, eta landa eremua eta hiriaren arteko aldea nabarmena da; baina urte luzez haustura izan da nagusi, besteak beste, batzartzeko aukera ere debekatu dituelako erregimenak. Komunikazio arazoak, beraz, handiak dira. Halere, oposizioa eskuzabal ari dela uste dut, eta erregimena erori denetik ez da errepresaliarik egon Al-Assaden komunitatearen kontra, eta alauitek adierazi dute amnistia nahi dutela beren kide guztientzat, kolaboratzeko prest daudela. Tira, badirudi pauso txikiak emanez goazela, baina aurrera. Ez dakigu bihar egoera nolakoa izango den, halere, isolatuta ez gaudelako, eta interes asko daudelako jokoan. Talde asko nazioarteko potentziek manipulatuta sortu ziren, eta bakoitzak diruz laguntzen duen herrialdearen alde egingo du, beraz, ikusteko dago... Eskualde mailan, Turkia, Iran, Arabia Saudi, Israel, Egipto eta Qatarrez ari naiz, eta, maila handiago batean, AEB eta Errusiaz.
Baikor zara trantsizio gobernuarekin?
Baikor izan nahi dut. Oso garesti ordaindu dugulako gure ametsa, erregimenaren errepresiopean urte asko bizi ondoren nahi genuen ametsa. Hemengo herritarrentzat ziurrenik imajinaezina da han bizi izandakoa, nahiz eta hemen Francoren diktadurapean ere izan diren urte asko. Pentsatu eta amets egiteko beldurra ere bazuen jendeak. Eta beldur hori uxatzeko momentuan jendea pozik atera da, proiektu berri bila. Baikorrago nago, herrialde bat eraiki nahi dudalako, zonaldean eredu izango den herrialde bat.
Afganistanen eman zen trantsizioaren antzekoa izateko arriskurik al dago?
Oraingoz, oposizioak egin dituen keinuek itxaropen pixka bat ematen dute. Gaur bertan, adibidez, dekretatu dute ezin direla norbanakoen askatasunak, batik bat emakumeenak, eta erlijio askatasunak mugatu. Keinu oso ona iruditzen zait. Egin duten lehenengo gauza, bestalde, Al-Assaden kartzeletatik preso politikoak ateratzea izan da, haur asko haien artean. Nire anaia txikia ere egon daiteke preso horien artean. Ezkutatuta dauden kartzelak ere egon daitezkeela esan dute, horietara ezin iritsi.
Anaiaren zain jarraitzen duzue?
Gu eta, gure antzera, beste milaka familia. Erregimenak 2013an atxilotu zuen anaia txikia, eta urtebete beranduago deitu zioten aitari esateko nortasun agiria eta bestelako ondasunak jaso behar zituela, bihotzekoak jota hil zela. Dei hori egin zuten momentuan 17 urte zituen anaiak; eta erregimenak "bihotzekoa" esaten duenean torturapean hil zela esan nahi du. Ondo dakigu. Kartzeletan izan ziren lagunen zerrendak ateratzen ari dira egunotan, eta kartzelan oraindik zeudenak ateratzen... ikaragarriak dira irudiak.
Siriara bueltatzea zure betebeharra zela aipatu zenuen 2015ean ALEAn egindako elkarrizketan.
Hamar urte geroago, errealitatea bestelakoa da. Herrialdearen errealitatea, baina baita nirea ere. Une hartan izan zitekeen, bikotea, alaba txikia eta hirurok iritsi berri ginelako, baina orain oso bestelakoa da dena. Orain gure bizitza hemen dugu. 2015 eta 2016 artean galdu genuen fedea, Errusia sartu zenean, erregimenari laguntzeko. Herrialdea berriz ikusteko itxaropena ere galdu genuen orduan. Gure bizitza hemen izango zela erabaki genuen, eta bide horretan ari gara.