Prestameroren herbario historikoa online argitaratu dute

Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 15:55

Hilabete bakoitzeko landare bana aukeratu dute. Irudian, abuztukoa. Irudia: AFA

Mila agiriko baino gehiagoko katalogo osoa Photo-Araba atarian eskuragarri dago dagoeneko. Egutegi bat argitaratu dute horretan abiatuta.

Lorenzo Prestamerok XVIII. mendean osatu zuen herbario osoa digitalizatu eta Photo-Araba atarian argitaratu du aldundiak, Arabako Artxiboaren eta Natura Zientzien Museoaren arteko elkarlanari esker. Zehazki, 1780tik 1800era bitartean egin zuen herbario horrek 609 landare espezie biltzen ditu, Arabako flora baskularraren ia laurden bat jasoz. Beraz, dokumentu botaniko "baliotsua" da lurraldeko flora aztertzeko, "erreferentziazko lana" izanik, aldundiaren hitzetan. Horrez gain, ekimenaren sustatzaileek lanaren "zorroztasun zientifikoa" goraipatu dute; besteak beste, garai horretan ezartzen ari zen Linneoren sailkapen sistema berrian oinarritu zelako.

Joan de ostiralean egindako aurkezpenean, Ana del Val Kultura diputatuak esan du "urrats garrantzitsua" dela hau "Arabako ondare zientifiko eta kulturala aberasteko". Diputatuak ondarea ezagutzearen garrantzia nabarmendu du. "Gizarte informatu batek bere kultura ondarearen balioa aintzatesten du, hura kontserbatzeko baliabideak eskatzen ditu eta haiek erabili ahal izatea exijitzen du". Del Valekin batera, Patxi Heras briologoa eta Pepe Sainz Arabako Artxiboko zerbitzuarua egon dira aurkezpenean. 

Prestamero Urizaharrean jaio zen 1733an, eta apaiz ilustratu bat izateaz, gain arkeologia, historia eta natura jorratu zituen. Prestamero ere izen zen Kantabria mendilerroaren lehen aipamen historikoa idatziz jaso zuena. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari lotuta, besteak beste, Gasteizko lehen lorategi botanikoa abiatu zuen.

Photo-Araban argitaratzeaz gain, irudi horietako batzuk egutegi batera eraman dituzte, Marta Infante eta Patxi Heras briologooek egindako lanari esker. Egutegia doan banatuko dute Arabako Artxiboan, Kultura Etxean eta museoen foru sarean: Natura Zientziak, Arte Ederrak, Arna eta BIBAT museoetan. Posta arruntez ere doan bidaltzeko eska daiteke, archivo@araba.eus posta elektronikoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago