Ixone Fernandez de Labastida

"Dena ezin da izan errentagarria, guk funtzio zibikoa dugu"

Jon Hidalgo 2024ko abe. 7a, 08:00

Ixone Fernandez de Labastida izango da Arabako errektoreordea. Argazkia. Jon Hidalgo.

EHU Denon Artean hautagaitzak irabazi ditu errektoretzarako hauteskundeak, Joxerramon Bengoetxea buru, eta Ixone Fernandez de Labastida izango da Arabako campuseko errektoreordea datozen sei urteetan. Antropologoa da bera, Lan Harremanak eta Gizarte Langintza fakultateko dekanordea, eta Barandiaran Fundazioaren lehendakari izandakoa.

Fakultateko bulegoan hartu gaitu Fernandez de Labastidak, EHUren egoeraz eta beharrezko aldaketez hitz egiteko. Urtarrilean hartuko du kargua ofizialki, jadanik lanean hasi badira ere.

Zein da EHUren egoera? Zergatik behar zen aldaketa?

Gure hautagaitzaren abiapuntua izan zen EHUren diagnosi bat egitea, azken urteetan jendea ez zegoelako eroso. Fakultate guztietatik ibili gara, diagnosi horren kontrastea egiteko. Gobernantza eredua, lan baldintzak, ikas baldintzak eta konpromiso sozialaren inguruan ezinegon handia zegoen. Ordezko irakasleen egoera izan zen abiapuntua. LOSU Unibertsitate Legea onartu zenean, iaz, EHUk legearen oso irakurketa zorrotza egin zuen, eta erabaki zuen ordezkapenak jardunaldi erdian bakarrik kontratatzea. Ondorioz lankideak dauzkagu 400, 500, 600 euro kobratzen, lana hartzeko exijentzia altuak egiten zaizkien bitartean. Egoera lotsagarriak ikusi ditugu, eta diagnosi horren gainean jaio zen gure hautagaitza.

Zergatik Joxerramon Bengoetxea?

Ez nuen nik aukeratu, ni beranduago sartu nintzen taldean, baina hautagaitza sortzeko grina agertu zenean, inguruko jende askok proposatu zuen Joxerramon. Akademikoki ez dago zeresanik, oso pertsona prestatua da, bai hemen eta bai kanpoan. Administrazioan ere aritu izan da, gainera. Bere ibilbideagatik sobera prestatua dago, baina uste dut bere izateko moduagatik izan zela hautatua. Oso pertsona hurbila da, ez da batere hierarkikoa bere harremanetan, eta gertutasun hori irudikatu nahi genuen EHU Denon Artean hautagaitzan.

"Unibertsitateko hierarkia eta zentralismoarekin amaitu nahi dugu"

Eta zergatik zu Arabarako?

Proposatu egin zidaten. Ni Arabako campusean nago atxikita, baina nire saila eta ikertaldea Donostian daude. Antza, han eta hemen jendeak ezagutzen ninduen, eta nire lan egiteko moduarekin gustura egongo ziren edo. Baiezkoa eman nuen, benetan sinisten dudalako unibertsitate publikoan eta kudeaketaren eragin sozialean. Unibertsitatearen autonomia aldarrikatzen dugu, eta autogobernu hori egiteko prest egon behar dugu orduan. Erronka handiak ere gustuko ditut gainera.

EHUko egoeraren aurrean, zein da zuen proposamena?

Gauza asko dago egiteko. Batzuetan finantzazioa beharko dugu, baina beste gauza asko egiteko ez. Gure proposamen asko egiteko moduarekin daude lotuta. Gobernantzari dagokionez, diagnosian aipatzen zen harreman oso hierarkikoak zeudela unibertsitatean, eta komunikazio arazo izugarriak egon dira. Kudeaketa azken urteotan oso zentralizatua egon da Leioako campusean. Hurbiltasuna ekarri nahi dugu guk, eta neurriak hartuko ditugu horretarako. Agora digital bat sortuko dugu, adibidez, errektoretza guztiekin harreman zuzena izateko, eta konpromisoa hartzen dugu jendeari garaiz erantzungo diogula, hori zainduko dugu. Zentralismoarekin amaitu nahi dugu.

Gizartearekin harremantzeko modua ere aipatu duzue.

Kanpo komunikazioan ere arazo larriak ditu EHUk, bere produktu zientifikoak gizarteratzeko, eta nahi badugu unibertsitatea erreferente bat izatea, gizartearekiko lotura hobetu behar dugu. Kulturari ere arreta berezia eskainiko diogu, campusetan sartu, garrantzitsua baita unibertsitate bizitzaren berpizkunderako. Lan baldintzei buruz, administrari eta teknikariak izango dira gure lehentasuna lan baldintzen duintze prozesuan, ordezko irakasleekin batera, oso soldata baxuak jasotzen dituztelako. Legearen beste interpretazio bat egin daiteke, eta Estatuko errektoreen erakundeak ere adierazi du EHUn zorrotzegi interpretatu izan dela. Ikasleen parte hartzea ere sustatu nahi dugu, eta matrikulak merkatu behar direla uste dugu. Jaurlaritzak ezartzen ditu lehenengo matrikulen prezioak, baina beste batzuk unibertsitateak berak, eta horietatik abiatu ahal izango gara murrizteko.

Unibertsitateko aginte nagusia izanda ere, ez duzue botere guztia. Zer aldatu daiteke errektoretzatik? Non daude mugak?

Egia da muga juridikoak egongo direla, Estatuak ezarritakoak edo Jaurlaritzak ezarritakoak, unibertsitate legearen bitartez, edo finantzaketa politikekin. Hori da gure testuingurua. Jaurlaritzan sortu berri da Unibertsitate, Berrikuntza eta Zientzia saila, eta Ignacio Perez Iglesias da zuzendaria, errektore ohia. Positiboki hartzen dugu unibertsitatea hezkuntzatik bereizi izana, eta gainera gure etxea hain ondo ezagutzen duen pertsona bat egotea buru. Finantzazioari dagokionez, argi daukagu negoziaketa prozesu bat hasi beharko dugula Jaurlaritzarekin, muga material erreala izango dugulako hor. Baina uste dugu negoziaketak ez lukeela izan behar urtetik urtera egiteko zerbait, unibertsitate politika baten barruan baizik, konpromiso instituzional zabalagoaren barruan. EHUk izan behar du euskal unibertsitate sistemaren lidergoa daraman unibertsitatea, inguruan ditugun beste pribatuen aldean, hori da gure lehen argudioa. Aipatutako autonomiaren kontuarekin, esparru guztietarako aldarrikatzen dugu, ez dugu nahi orain arte egin izan den bezala logika hierarkiko batean ulertu. Azken ardura gurea izango da, baina ez dugu asmorik zentroen politika markatzeko.

"Gobernuaren aldetik ez da nahikoa lehenesten unibertsitate publikoa"

Askotan kudeaketaz hitz egiten da zerbait teknikoa balitz bezala, eztabaida politikorik gabea. Zenbat dauka politikatik?

Unibertsitate publiko batek izan beharko luke eztabaida politiko eta ideologikoa sustatzeko lehen esparruetako bat. Kanpainan beste hautagaitzak esan zuen beraiek apolitikoak zirela, balore positibo moduan. Gainera guri egotzi ziguten X alderdiko kideak izatea. Hor nahastu egiten da zer den diskurtso politikoa eta zer alderdikoia. Unibertsitatean egiten diren gauza asko politikoak dira, ez bakarrik kudeaketa. Harremanak nola sortzen diren, nola antolatzen dugun erakundea barrutik, zein balore eta ideologia sustatu nahi ditugun, hori guztia politikoa da. Ezin dira bereizi kudeaketa eta politika egitea. Gure politiken oinarriez hitz eginda, aldarrikatzen dugu unibertsitatea publikoa dela, eta unibertsala. Euskalduna dela, eta horren aldeko politika egingo dugu beraz, eta berdinzalea dela, edozein diskriminazioren kontra egingo duena. Hein handi batean feminista, baina ikuspegi zabalago batekin berdinzalea. Apolitikoa aipatzen denean, esaten ari dena da dagoen ordenarekin ados zaudela eta ez duzula kolokan jartzen, baina politikoa izaten jarraitzen du. Aldatzera zatozenean ematen du hori dela politikoa, eta bestea ez.

Nola ikusten duzu publiko-pribatuaren lehia?

Publikoari baliabideak kentzen joatea leporatu izan zaio Jaurlaritzari. Badirudi unibertsitate pribatuen berpizte baten aurrean gaudela, instituzioek lagunduta. Hori kezkagarria da, ez bada EHU lidergoan jartzen sistema anitz horretan. Eta finantzazioan argi ikusten da, Jaurlaritzak EHUn diru gehiago sartzen badu ere, ikasleko ematen duen kopurua berdina da publikoan eta pribatuetan. Hori da gure kezka nagusietako bat, gobernuaren aldetik ez da nahikoa lehenesten unibertsitate publikoa. LOSUk berak jasotzen du unibertsitate publikoek jaso behar dutela Barne Produktu Gordinaren %1a, eta EHUk %0,4a jasotzen du egun. Gure erronka izango da 2030era arte %1 horretara ahalik eta gehien hurbiltzea, baina hurrengo urterako onartu den igoera kontuan hartuta, ez gara iritsiko ezta 30 urtean ere. Unibertsitate pribatuak, gainera, oso dinamikoak dira, merkatuan aukera ekonomiko bat agertzen denean, gai dira berehala graduondoko bat sortzeko horri erantzunez. EHUk beste prozedura batzuk daramatza, eta beste helburu batzuk ditu. Gu gizartearen erronkekin lotuta gaude, ekonomikoekin alde batetik, baina baita beste batzuk, errentagarriak ez direnak, baina guztiz beharrezkoak direnak ezagutza eta ikerketaren aldetik. Dena ezin da izan errentagarria, guk funtzio zibikoa dugu, publikoa garen heinean. Gradu batzuk arriskuan daude irizpide ekonomikoekin begiratuta, baina irizpideak ezin dira bakarrik kuantitatiboak izan, bestela pribatuen logikara iritsiko ginateke.

Hizkuntza politikan aldaketa handiak egin nahiko zenituzkete?

Hau ere egon da kanpainaren erdigunean, gezur ugari esan dira, erdarazko lerroak kenduko genituela eta halakoak. Beraz, aldaketa erradikalik ez da egongo zentzu honetan, baina beste ikuspegi bat eman nahi dugu, bai. Daukagun hizkuntza planak ingelesari buruz hitz egiten du soilik, unibertsitate eleanitza helburu. Egun, gradu batzuk ezin dira erabat euskaraz ikasi, eta beste hainbat esparrutan ere gertatzen da hori. Gure asmoa da euskarazko eskaintza, gutxienez, erdaraz daukagun eskaintzarekin berdintzea. Hizkuntza plan integral bat egingo dugu, hiru hizkuntzak modu sistematikoan landuko dituena. Gaztelerari ere eman nahi diogu pisua, nazioarteko logikarekin begiratuta Latinoamerikako ikasle, ikertzaile eta irakasleak erakartzeko hizkuntza nagusia delako.

"Jaurlaritzak ikasleko ematen duen kopurua berdina da publikoan eta pribatuan"

Tratamendu berezia behar du euskarak? Hiru hizkuntzak maila berean hartuz gero, hizkuntza gutxituaren kalterako izan daiteke?

Bai, argi dago hizkuntza hauen arteko harremana ez dela orekatua. EHU munduan ia bakarra da, campus anitzeko unibertsitate publikoa izateaz gain, hizkuntza gutxitu batean irakasten dugulako. Euskara hizkuntza gutxitua da, kanpoan eta baita EHU barruan ere. Tratamendu berezia izan beharko du. Guk konpromisoa hartu nahi dugu graduak euskaraz ikasi ahal izateko, baina finantzazioarekin lotura du horrek, kontratazioak eskatzen dituelako. Beste muga batzuk ere badaude, kasu zehatz batzuetan ez dagoelako irakasle euskaldunik. Gure planak hau ere aurreikusi beharko du, eta malgua izan, pertsona horien euskalduntze prozesua kontuan hartzeko.

Unibertsitateek zertarako prestatzen ditu ikasleak? Zertarako prestatu beharko lituzke?

Unibertsitateak, noski, akademikoki ahalik eta hoberen prestatzeko espazioa izan behar du, baina uste dut EHUk horretan ez duela hutsunerik. Kalitate handiko unibertsitatea da, eta ikerketa egiten dugu. Baina balore transbertsalagoak ere sustatu behar ditu unibertsitateak, irizpide kritikoa hedatzea eta parte hartzailea izatea, esaterako. Publikoa garen heinean, gure ardura da ezagutzaren gizartea sortzea, hemen sortutako ezagutza kanpora ateratzea, eta sortzaileak izan beharko dugu horretarako bide berriak bilatzen. Hori zor diogu gizarteari, eta gizarte kritikoa behar dugu krisi etengabeko testuinguru negazionista honi aurre egiteko.

Errektoretzari eskatu izan zaio Israelekin harreman oro eteteko.

Guk horren alde egin dugu hasieratik, hautagaitza sortu baino lehen modu pertsonalean, eta talde moduan ere bai. Israelgo politika genozida gaitzesten dugu, eta jarrera hori izango dugu EHU mailan egon daitezkeen lotura instituzional eta akademikoekin. Oso erakunde konplexua gara, ikerketa talde asko daude, baina konpromisoa hartu genuen horrelakoak antzematen direnean eteteko. Joxerra Bengoetxeak berak ere adierazi du, hori da gure posizionamendu argia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago