Atzotik aurrera eta 2025eko martxoaren 5era arte zabalduta dago datorren urteko Euskarabentura espedizioan izena emateko aukera. Ohi bezala, uztailaren 1etik 31ra egingo dute Euskal Herrian zeharreko ibilaldia, "oinez eta euskaraz".
Antolatzaileek ohar batean iragarri dutenez, 2008. eta 2009. urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 5era arteko epea izango du aurkezpen bideo eta banakako proiektu bana bidaltzeko. Ipar Euskal Herriko eta diasporako gazteen kasuan, 2010ean jaiotakoek ere aukera izango dute datorren urteko hitzordurako hautagaitza aurkezteko.
Minutu bateko aurkezpen bideoan zein proiektuan www.euskarabentura.eus helbidean proposatutako gaietako bat jorratu ahalko da —beldurrak, gizartea eta klima aldaketa dira edizio honetarako aukeratu dituztenak—, eta horiek Eusko Ikaskuntzako kideek ebaluatuko dituzte. Behin aukeraketa eginda, apirilaren 22an ezagutzera emango dituzte zeintzuk izan diren aukeratutakoak. Proiektuaz gain, generoa, jatorria eta motibazioa aintzat hartuko dituzte aukeraketa horretan. Iazko edizioan, hamabi gazte arabar egon ziren espedizioan.