Zuberoan, Behe Nafarroan eta Nafarroa Garaian ibili ostean, Arabara sartu ziren asteartean Euskal Herri osotik etorritako Jzioquitarrak. Zazpi egun emango dituzte Araban. Añanan hasita, Argantzun, Gasteiz, Izarra eta Araian ere pasako dituzte gauak, Gipuzkoan sartu aurretik. Hainbat ekintza izango dituzte Araban, besteak beste, Añanako Gatz Harana eta Errekaleor Auzo Askea ezagutzea.
Euskara du ardatz Euskarabenturak, eta lortzen dute gazteek euren artean harremanak euskaraz eraikitzea, hilabete oso batez. Hala azaldu digute Olivia Fernandezek (Gasteiz, 16 urte) eta Ibai Garciak (Durruma Kanpezu, 17 urte), aurten parte hartzen ari diren hamabi gazte arabarretako bik. Euskaraz dabiltza 24 orduz, euskalki berriak ezagutzen, eta egiaztatzen "posible dela euskaraz komunikatzea". "Ohiturak aldatzea besterik ez da".
Egunerokotasunean ez dute euskaraz egiten Ibai eta Oliviak, ez lagunekin, ez etxean familiarekin. Batzuetan ezinezkoa delako, baina gehienetan ohitura hartua dutelako gazteleraz hitz egiteko. Aldaketa handia nabaritu dute biek Euskarabenturan, "denbora guztian euskaraz" ari direlako orain. "Batzuetan ez ditugu gauzak ondo esaten", baina azkar ari dira ohitzen. Hasieran arrotzagoak ziren euskalkiak hobeto ulertzen dituzte egun batzuk beranduago, eta konfiantza handiagoz hitz egiten dute haiek ere.
"Jendea ezagutzeko eta euskara sustatzeko aukera paregabea da"
"Indarrak ematen dizkit etxera bueltan lagunekin euskaraz egiteko, nahiz eta haiek ez egin", dio Ibaik, eta ados dago Olivia ere. "Ez da erraza izango ohiturak aldatzea, baina saiatuko gara". Garrantzitsua da euskarazko harremanak sortzea beste gazte batzuekin, hori da Euskarabentura baliotsu bilakatzen duena, antolatzaileen esanetan. "Euskal Herri osoko gazteen sarea sortzen da, euskaraz garatutako harremanak euskaraz mantentzen dituena".
Egun bat Euskarabenturan
Goizeko zazpietan esnatu eta ordubete daukate gazteek motxilak jaso eta prestatzeko. Hamar taldetan daude banatuta, eta egunero talde batek dauka komunak garbitzeko ardura. Gosaldu eta motxila handiak furgonetan sartuta, eguneko ibilaldia hasteko prest daude. Hiru multzotan banatzen dira, bakoitzaren erritmoaren arabera. Ehunka kilometro egingo dituzte hilabete batean.
"Indarrak ematen dizkit etxera bueltan lagunekin euskaraz egiteko"
Lo egingo duten lekura iritsi, bazkaldu, eta egunero daukate hitzaldi edo jardueraren bat, tokiko ohiturak edo kultura ezagutzeko. Orain arte, adibidez, ezagutu dituzte maskaradak, herri kirolak, Gartxoten kondaira, eta sanferminetan ere ibili dira. Denbora librea ere izaten dute ondoren, "etxera deitu edo lagunekin hitz egitek". Dutxatu, eta afaltzeko ordua. Ondoren gaubela, noski. Ekintza ezberdinak izaten dituzte, euskararen bueltan beti. Frontoi edo inguruetan egiten dute lo, denok batera, beharrezko deskantsua hartzeko hurrengo eguneko ibilaldirako.
Gazteekin batera 30 heldu aritzen dira, "familia urdina" osatzen dutenak. Begiraleak, sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak doaz beti, gazteei beharrezko laguntza eman eta proiektua ezagutarazteko. Antolatzaileen esanetan, "Euskarabenturak balio du ikusteko hilabete oso batez egon daitezkeela Euskal Herri osoko gazteak euskaraz hitz egiten eta zazpi probintziak oinez zeharkatzen".
"Animatu, merezi du eta"
Ibai eta Oliviak argi dute lagunei gomendatuko dietela esperientzia, "bakarra eta berezia" delako. Hautaketa prozesua pasa behar dute parte hartu nahi duten gazteek. Aurten hiru gai eman dizkiete hautagaiei, eta lan bat aurkeztu behar izan dute. Utopia, emakumeak eta kirola, eta euskara eta euskalkiak izan dira emandako gaiak. Ibaik utopiari buruzko ipuina idatzi zuen, eta Oliviak proiektu historikoa egin zuen euskalkien bilakaera eta sailkapenari buruz, baita Arabako euskalkiari buruz ere.
Egindako lanengatik hautatu dituzte parte hartzaileak, beti ere gazteen generoa, errealitate soziolinguistikoa eta jatorria kontuan hartuta, "euskal gazteriaren aniztasuna jasoko duen espedizio talde bat egiteko helburuarekin". Animatu daitezela gazteak, "super ondo pasako dute eta", jendea ezagutzeko eta euskara sustatzeko "aukera paregabea" da.