Gutxienez berrehun emakume sorginkeriaz akusatu zituzten 1610 eta 1611 urteen artean Araban, eta 28 auzipetu zituzten. Ikara eta beldurra zabaldu zuten inkisidoreek Ekialdeko Lautadan eta Arabako Mendialdeko zati handi batean. Prozesu horiek, gainera, herrietako garai hartako hizkuntz nahiz gizarte errealitateak betiko aldatu zituzten, are gehiago herri txikiak izanik.
Inkisizioaren jazarpenak izan zuen eragin sozialaren bueltan, alde batera utzi ohi den gai bat da euskararen erabileran ere izan zuena. "Ohitura sustraituenetan eta herrikoienetan, eta sinkretismo erlijiosoaren biziraupenean eragin ahulgarria duen prozesuak, nahitaez, komunikazio sisteman eragin behar du".
2008an argitaratu zen Brujas euskaldunes alavesas en el proceso inquisitorial de Logroño (1609-1614) ikerketan jaso zuten Kike Fernandez de Pinedok eta Xabi Otsoa de Aldak Arabako eremu zabal horretan euskaldun elebakarrak zirela biztanle gehienak; eta errealitate linguistiko horretan inkisizioaren jazarpenak izan zuen inpaktua ikertzeko beharra ere aipatu zuten. "Jakina, euskarak eremu horietan izan zuen higaduraren atzean arrazoi asko daude, baina gai horrek –inkisizioaren jazarpenak– gehiago sakontzea eskatzen du, eta, agian, aurreiritzi gutxiagorekin eta serioago jorratzea".
"Garrantzi gutxi eman zaio Inkisizioak Araban izan duen zereginari"
Gainera, euskararen historia sozialean Inkisizioaren inguruko prozesuak duen garrantzia azpimarratu du Fernandez de Pinedok, erakusten duelako Asparrenean, Barrundian eta Arraia-Maeztun euskara nagusi zela eta herritar gehienak euskal elebakarrak zirela 1611 urtean.
Ez dira kasu isolatuak
Martin Ttipia elkarteak, irailean Korresen antolatu zuen inkisizioaren inguruko erakusketaren harira, gogoratu duenez, 2025ean 500 urte beteko dira Nafarroan sorginkeriaren aurkako lehen prozesu orokorra antolatu zenetik (1525). "Ez zen kasualitatea izan landa eremuetako biztanleak ekintza hauen xede nagusia bihurtzea, gehienak euskaldunak, usadiozko sinesmenei eta antolakuntza moduei eusten zietenak, eta, modu ikaragarrian, emakumeak".
Sorginen eta akelarreen mundua herrialdeko iparraldeko herriekin eta, batez ere, Lapurdiko eta Nafarroako iparraldeko eremuekin lotzeko joera orokorra dagoela aipatu dute. Izan ere, auzipetuen kopuruagatik eta 1609 eta 1610 bitartean bizirik erretako pertsonen kopuruagatik, inguru horretan bereziki gizendu zen fanatismo katolikoa.
Halere, Nafarroako prozesu horiek inguruko lurraldeei ere eragin zieten, horien artean Arabako ekialdeari, alarma soziala eta beldur orokortua zabalduz. "Garrantzi gutxi eman zaio Inkisizioak Araban izan duen zereginari, oro har ezezaguna baita", aipatu du Kike Fernandez de Pinedok. "Bitxia da historia hau isilpean mantendu dela. Ez da azaldu historia ofizialean", azpimarratu du. Arrazoiak izan daitezke, batetik, auzipetuen kopurua oso handia ez izatea, eta, bestetik, akusazio gehienak atzera bota izana.
Hala ere, Inkisizioak susmopean jarri zuen pertsonen kopurua benetan handia izan zen galdekatuei eta susmagarriei begiratuz gero, eta Fernandez de Pinedok ez du baztertu Inkisizoaren jarduera herrialde osora zabaltzea. Izan ere, 2008an egindako lana berrartu du berriki filologoak, eta norabide horretan doazen datu berriak aurkitu ditu. "Araban eman zen 1611ko prozesuaren dokumentazio gehiago eta beste ikerketak aztertu ditugu azken bi urteetan, bi helbururekin. Batetik, osatzea prozesuaren datuak, zenbat auziperatu, nolakoak, nongoak, inkisidoreak, datu osagarriak; eta bestetik, sakondu dugu prozesuaren testuinguan, kausetan eta ondorioetan, bibliografian sakonduz".
Herri kolpatuenak Egino, Ilarduia, Korres, Atauri, Elortza eta Zekuiano izan ziren
Ikerketa horri esker berretsi dute Inkisizioaren izua Arabako herri askotara zabaldu zela, eta gutxienez 28 lagun auzipetu zituztela 1611. urtean, sorginak izatea edo akelarreetan parte hartzea leporatuta. Beste 186 pertsonen izenak ere eman zituzten akusatuek, akelarreetan parte hartzen zutelako. "Gorde izan balira deklarazio guztiak, konplizeen edo sorginen zerrenda luzeagoa izango litzateke; agian 500 lagun baino gehiago", esan du Fernandez de Pinedok.
Hartara, herri batzuetan herritar asko auzipetu edo lotu zituzten sorginkeria prozesuetan. Kasu batzuetan herritarren erdia baino gehiago. Kolpatuenak Egino, Ilarduia, Korres, Atauri, Elortza eta Zekuiano izan ziren. Fernandez de Pinedok azaldu duenez, "Asparrenean sei lagun auzipetu zituzten; Larrean beste bi, eta horiek 80 konplizeren edo akelarretako partaideren izenak eman zituzten. Arraia-Maeztun, berriz, hamabi lagun auzipetu zituzten, denak emakumeak: bost Korreskoak, hiru Ataurikoak, eta beste hiru Zekuianokoak. Gainera, horiek beste 60 lagun baino gehiagoren izenak aipatu zituzten, konplize izatea leporatuz". Beste zortzi auzipetuen informazioa ere berreskuratu ahal izan du Fernandez de Pinedok, baina soilik izenak edo zer herritakoak ziren argitzea lortu du. Horien artean daude Arroiabekoak, Bastidakoak, Legutiokoak eta Dulantzikoak.
Gainerako herrialdeetan bezala, emakumeak zigortzearekin tematu ziren inkisidoreak Araban ere; eta auzipetutako arabarren artean bi gizon bakarrik aipatzen dira. Bestalde, nahiz eta jazarritako lagun gehienak baliabide gutxikoak izan, badira ere elizgizon batzuk, merio bat, alkate baten emaztea, abade bat, Dulantziko artzapeza edo Antoñanako deana."Auzipetuen artean gehienak emakumeak izan ziren, asko alargunak, zaharrak eta ezkondugabeko amak, ume eta gazte batzuk ere. Konplizeen artean denetarik dago, apaizak barne. Beraz, herritar asko inplikatu zituzten prozesuan", azaldu du Fernandez de Pinedok.
Aitorpenak, itzultzaile bidez
Zorionez, Araban inkisizioaren prozesua zabaldu eta berehala Grazia Ediktua sinatu zuen Felipe III.ak. Dekretu horren bidez delitua barkatu egiten zitzaion deklarazioan atzera egin nahi zuen orori; eta 1611ko maiatzean, Alonso de Salazar komisarioa kaltetutako herri guztietatik igaro zen, Grazia Ediktuan jasotakoa ezartzeko asmoarekin.
Besteak beste, ediktu horri esker salbatu ziren Arabako herrietako dozenaka bizilagun urkatuak edo erreak izatetik. Izan ere, tokiko inkisidoreak sorgin bilatzailerik nekaezinenetakoak bezala nabarmendu ziren, eta herritarrek beren burua aitortzera bultzatu zuten tortura fisikoa eta psikologikoa ezarriz. Asparrenean bi inkisidore ibili ziren sorginen kontrako prozesua sustatzen, Pedro Ruiz de Egino eta Martin Lopez de Lazarraga, Zalduondoko lazarragatarren etxekoa; Arraia-Maeztun, berriz, Felipe Diaz de Bujanda nabarmendu zen, beste hiru inkisidorerekin batera.
Mariquita de Ataurik bere buruaz beste egin zuen, 33 pertsona errugabe salatu ondoren
Brujas euskaldunes alavesas en el proceso inquisitorial de Logroño (1609-1614) ikerketan, epaitu zituzten hamaika emakumeen izenak jaso dituzte: Agueda de Murua (Larrea), Ana Garcia edo Ana de Arriola (Larrea), Ana Sanz de Ylarduya (Ilarduia), Catalina Fernandez de Lecea (Araia), Magdalena de Elorza (Atauri), Maria de Ulibarri (Korres); Magdalena de Arça (Zekuiano); Graçia Gonzalez (Zekuiano), Ana de Corres, Maria de Corres, eta Maria Gonçalez (Korres).
Gehienetan bi deklarazioak gorde dira: inkulpatorioa eta ezeztapena; lau kasutan, berriz, azkena bakarrik gorde da. Kasu guztietan itzultzaileen laguntza behar izan zuten emakumezkoek deklarazioak egiteko, euskaldun elebakarrak zirelako.
Krudelkeria, ikur bezala
Kasu lazgarriak dira. Emakumezkoak bere buruak sorgin bezala identifikatzera behartzeko, eta bizilagunak eta senideak ere salatzeko inkisidoreek nola jokatzen zuten ageri da aktetan. Maria de Ulibarriren eta bere ama Mariquita de Atauriren kasuek ondo erakusten dute prozesuaren krudelkeria. Maeztun jaio eta Korresen bizi zen emakumeak sorgina zela aitortu zuen, 1611n, Martin Perez Carrasco Santikurutze Kanpezuko apaizaren aurrean egindako deklarazioan. Alonso de Salazar inkisidore ospetsuak berriz ere galdekatu zuen, eta orduan egindako salaketez damutu egin zen. Gainera, aitortu zuen bere amak, Mariquita de Ataurik, hogei egun lehenago bere buruaz beste egin zuela, mehatxuak eta era guztietako presioak jasan ostean, hogeita hamahiru pertsona errugabe salatu zituelako; bere aitorpena ezeztatzen saiatu zela, baina inkisidoreak galarazi egin ziola.
Umeak eta gazteak ere auzipetuak izan ziren Inkisizioaren aldetik, Ana de Corres eta Maria de Corres ama-alabaren auziak erakusten duen bezala. 55 urte zituen amak eta 12 urte alabak Logroñon 29 egunez kartzelatu ondoren auzipetu zituztenean. Ondoren, Salazarren aurrean, Logroñon aitortutako guztia ukatu zuten biek, eta inkisidoreen presiopean eta mehatxupean egindako deklarazioak izan zirela azaldu zuten. Amak zioenez, Maeztun zabaldu egin zen bera eta Ynes de Corres izeneko arreba sorginak zirela; oso jazarriak izan zirela, inguruko guztien aldetik, sorginak zirela aitor zezaten; eta batez ere Phelipe Diaz lizentziatua eta ofizio santuko komisarioak etengabe errepikatzen ziola inkulpatu behar zela. Prozesuaren gorabeheren ondorioz, Ynes Anaren arreba ere epaitu zuten, gaixotu egin zen eta sei hilabetera hil zen.
Inkisidoreen mehatxuak eta indarkeria errepikatu ziren ere Lautada aldeko emakumeen kasuetan. Larreako Agueda de Muruak adierazi zuen Joan Ladron fraideak eta Martin Lopez de Lazarraga komisarioak azken horren etxean egindako presio, indarkeria eta mehatxuengatik inkulpatu zela. Ana Garciak ere ildo beretik salatu zuen aurreko eskuak lotu zizkiotela eta lepoa estutu ziotela Logroñora eramatearekin mehatxatuz. Horregatik, sorgina zela adierazi zuela.
Finean, Salazar inkisidoreak berak, urte batzuk geroago aitortu bezala, akelarre eta sorginekin lotutako praktika horiek ez ziren existitu, eta akusatuek asmatu zituzten, presio fisiko eta psikologikoen eta inkisidoreen mehatxuen aurrean. Hala, eliza katolikoak sortutako Inkisizioaren auzitegiek giza sufrimendu handia eragin zuten, eta herrietan bizikidetza eta harremanak biziki kaltetu zituzten.