Joan den asteazkenean elkarretaratzea deitua zuen Araba Berriztu plataforma sortu berriak, "Araba necesita placas y patatas" (Arabak plakak eta patatak behar ditu) lelopean. Energia berriztagarrien aldeko talde gisa aurkeztu da Araba Berriztu, "gure industriak behar duen energia berdeagatik" protestara jo duena. Baina Araba Bizirik taldeko kideek salatu dute Solariaren "marka zuria" dela plataforma hau, Solariaren negozioari bidea errazten dabilena. Plataformaren izena ere esanguratsua da, Araba Berriztu, Arabako mugimendu ekologistaren elkargune izandako Berriztu taldearen antza handia duelako.
Sare sozialetan zabaldutako bideo batean azaldu ditu Araba Berriztu taldeak energia berriztagarrien aldeko arrazoiak. Aipatu dute eguzki plakak teilatuetan jarrita ez litzatekeela nahikoa energia sortuko, kontsumoaren %7a soilik, diotenez, eta Arabak duen menpekotasun energetikoa salatu dute. Bestalde, industriarentzako energia beharra nabarmendu dute, "0 kilometrokoa, deskarbonizatzeko eta lanpostuak mantentzeko". Solariari aipamenik egin gabe, energia eoliko eta fotovoltaikoaren alde egiten zuten bideoan, eta asteazkeneko elkarretaratzera hurbiltzeko deia egin.
Araba Bizirik taldeak beste elkarretaratze bat deitu zuen, ordu eta leku berean, aipatutako mobilizazioari aurre egiteko, Araba ez dago salgai lelopean. Azkenean, baina, Araba Berriztu plataformak bertan behera utzi zuen elkarretaratzea, eta ez zen inor agertu. Baimen falta argudiatu zuten elkarretaratzea ez egiteko, baina Araba Bizirik taldeak jakin ahal izan du Ertzaintzan eskatua zutela baimena. Ekologisten ustez, "iruzurra harrapatu dietelako" utzi zuten bertan behera. "Energia berriztagarriak bultzatzeko plataforma zibiko gisa aurkezteko bere trikimailua argi geratu denean, kontzentraziorik ez egitea erabaki du". Araba Biziriketik adierazi dute adi segiko dutela plataforma berri honen jarduna, eta aurre egingo diotela, iruzurra azaleratzeko, haien hitzetan. "Negozio iturri berria bilatzeko jokaldia besterik ez da".
Araban eragile ugari aritu dira Solariaren asmoen aurka protestan azken hilabeteetan. Araba Bizirik bera, eta hainbat talde lokal sortu dira, lurralde mailan, eskualde mailan zein herri mailan, eta manifestazio jendetsuak egin dituzte makroproiektu hauen aurka, beste hainbat ekimenen artean. Horren aurrean, Solariak kontraerasoa abiatu du, alde ezberdinetatik hauspotu nahian bere proiektu fotovoltaikoen beharra. Solaria eta Araba Berriztu "finean berdina" direla ohartarazi du Araba Bizirik taldeak, eta haien kanpainako elementu asko salatu ditu.
Makroproiektuen aldeko kanpaina
Solariako harreman instituzionaletarako zuzendariak hainbat iritzi artikulu argitaratu ditu azken bi asteetan, hedabide garrantzitsu batzuetan. Trantsizio energetikoaren beharrean oinarrituta, konponbide bakar gisa aurkezten du makroproiektu berriztagarriak "azkar eta modu masiboan" ezartzea. David Redoli Morchon da bera, Zamorakoa izatez, 2022tik Solariako harreman instituzionaletarako zuzendari dena. Aurreko hamabi urteetan Segurtasun Nuklearrerako Batzordeko lehendakaritza taldeko zuzendari izan zen, energia nuklearraren garapenari lotuta. Lehenago, PSOEko Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordearen ahokulari izan zen.
"Euskadiko energia berriztagarrien etsai interesatuen aurka borrokatzera" deitzen du gizartea Solariak.
Redoli Morchonek, argitaratutako artikuluetan, talde ekologisten aurka egiten du, eta baita berriztagarriak arautzen dituzten erregulazioen aurka ere. El Correon idatzitako artikulu batean, Valentzian gertatutako DANAren antzekoa gertatzeko arriskua aipatzen du, makroproiektuak justifikatzeko argudio gisa, nahiz eta URA agentziak eta Euskalmetek dioten halakorik hemen gertatzea "oso zaila" dela, "baina ez ezinezkoa".
Parke fotovoltaiko eta eolikoak azkar eraikitzeko "zailtasun administratiboak" salatzen ditu, tramiteen geldotasuna eta "deabruzko" araudia "menderaezinak", besteak beste. Berez lurraldea, ingurunea eta herritarrak babesteko ezarritako arauak arazo gisa azaltzen ditu, Solariaren asmoak oztopatzen dituztelako. Araudia berria eskatzen du, "bizkor tramitatzeko" aukera eskainiko duena. "Gure esku dago euskal probintzietan teknologia hauek azkar eta modu masiboan zabaltzea". Kontraesanean sartzen da hori hainbat talde ekologistek salatu duten arduragabekeriarekin, administrazioari leporatu baitiote plangintzarik gabe eta enpresen interesen arabera garatzea proiektu berriztagarriak.
Makroproiektuen aurka azaldu diren taldeei gezurretan aritzea egotzi die Solariaren ordezkariak. Biodibertsitatea kaltetzen dutela ukatu, eta energia sortzeko modu jasangarriena direla argudiatzen du. Alternatiba gisa aurkezten ditu makroproiektuak, beste aukera bakarra gas eta petrolioa erostea direlako, bere esanetan. Ingurumen inpaktuari buruzko baimen "zorrotz eta oso exijenteak" aipatzen ditu, proiektu energetikoek pasa beharreko azterketak, argudiatzeko ingurumena zaintzen dutela. Ez du aipatzen, baina, Arabako Foru Aldundiak berak esan duela bere txostenetan Solariaren proiektuek ingurumenarentzako "kalte nabarmenak" ekarriko lituzketela, eta enpresak aurkeztu bezala ez egiteko gomendatzen dutela.
Berriztagarrien aldeko diskurtsoa ere zabaltzen du Solariako ordezkariak. Argudioetako batzuk ekologistek hamarkadetan zehar aipatutakoak dira, CO2 isurketen aurkako estrategiaren barruan kokatzea, esaterako. Beste batzuek, aldiz, kontraesanak sortzen dituzte azkenaldian makroproiektuen aurka entzundako beste argudioekin. Ez dutela kutsatzen eta ez dutela ingurumenean inpaktu kaltegarririk sortzen, hala dio Redolik. Gehitzen du, naturan infinituak diren baliabideak erabiltzen dituztela berriztagarriek, eguzkia eta haizea. Baina teknologia hauek eraikitzeko erabiltzen diren materialak mugatuak dira, eta hainbat eragilek azaldu dute arazo handiak egon daitezkeela material aldetik, maila handian ezarri nahi izanez gero. Bestalde, Araba Bizirikek leporatu dio ez dutela aipatzen energia kontsumoaren murrizketa trantsizio energetikorako behar den elementu gisa, "murrizteak ez dielako etekin ekonomikorik ematen".
Redoli Morchonek ere aipatzen du makroproiektu hauek bateragarriak direla nekazaritza eta abeltzaintzarekin, "agrovoltaika" deitzen dien planteamenduen bidez. Sistema honekin, paraleloki egon daitezke eguzki plakak eta lehen sektoreko jarduerak, eta mesede ere egin diezaiekeela argudiatzen du, lurraren gainazala babestuko luketelako "ankerkeria meteorologikoen" aurrean. Borrokarako deia egiten du Solariako ordezkariak. "Euskadiko energia berriztagarrien etsai interesatuen aurka borrokatzera" deitzen du gizartea.
"Iruzur egiten dabil Solaria"
Araba Bizirikeko ordezkariek salatu dute Solaria gezurretan dabilela, aurkeztutako datuekin. Lantarongo herrian, berriztagarriek presentzia nabarmena izandako lekuan, etxez etxe banatu ditu Solariak eskuorriak, enpresaren argudioak plazaratuz. Bertan azaltzen dute 1.000 jabe baino gehiagorekin lortu dutela akordioa, beren lurrak berriztagarrietarako erabiltzeko. Ekologistek hainbatetan salatu izan dute iruzur egin duela horretan Solariak, eta bere proiektuetan adostutako lur gisa aurkeztu dituela berez baimenik jaso gabeko lurrak. Bestalde, industriari zerbitzua emateko helburuarekin aurkezten dituzte proiektuak eskuorrietan. 6.000 lanpostu sortzea hitzematen dute, eraikuntza bitartean, eta 1.350 milioi euroko ekarpena egitea Arabako ekonomiari.
Goi tentsioko linearen ibilbidea moldatzeko prest ere agertu da Solaria. Izan ere, Arabako herritar eta eragile ugarik salatu dute eragin kaltegarria izango lukeela Araba goitik behera zeharkatu asmo duen lineak. Oraingoz proiektu gutxi batzuk aurkeztu baditu ere, proiektatu duen goi tentsioko lineak orain artekoen antzeko 30 parke fotovoltaikoren energia garraiatzeko gaitasuna du, eta Araba Bizirikek salatu du ez daudela hasieratik haien asmoak garbi azaltzen, eta proiektu txiki gisa aurkeztu dituztela berez makroproiektu are handiago baten zati diren parke berriztagarriak.
Araba Bizirikek gaitzetsi du "saihestezin" gisa aurkezten dituztela makro zentral eoliko eta fotovoltaikoak. Murrizteko beharra ezkutatu izana leporatu diote Solariari. "Logikoa da, interesatzen dena energia kontsumitzea da, eta zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto, hori baita beraien negozioa". Energia ekoizpena deszentralizatzearen aurka dabilela ere egotzi diote enpresari, eskala txikiko inbertsioak errentagarri ez zaizkiola argudiatuta. Bestalde, laborantzarako diren lurrak eta ingurumen balio handikoak erabili nahi izatea kritikatu dute, eremu industrializatuetan ezarri beharrean. "Energia sortzeko, banatzeko eta kontsumitzeko eredu deszentralizatu demokratiko eta zentzuduna susta dadin, ingurune naturala errespetatuko duena eta hirien eta landa-eremuaren arteko harremanak, hori baita beharrezkoa, eta posible delako".