Maiz erabili izan da Alemaniako adibidea hizkuntzaren normalizazioak nolakoa behar lukeen azaltzeko. Alemaniara helduko bazina, naturalki ikasiko zenuke alemanez, ez zenuke zalantzan jarriko ikasi beharra edo lanpostuetarako alemana eskatzea. Ikastea ere errazagoa litzateke, testuinguruak horretara bultzatuta.
Euskal Herrira heltzean, baina, laster ikusten da hemen erdaraz bizi daitekeela bat. "Bertako" hainbestek lasai asko ematen dute bizitza osoa euskara ezertarako erabili gabe, hizkuntza jakin gabe edo jakinda ere. Orduan, nola lortu "kanpotarrei" ulertaraztea euskararen aldeko jarrera, eta nola sentiarazi merezi diela euskarara hurbiltzeak?
Atzerrian jaiotako hiru pertsonarekin hitz egin dugu, euskararekin daukaten harremana ulertzeko. Euskararen aldeko jarrera argia izanda ere, bidean topatu dituzten oztopo eta zailtasunak ezagutu ditugu, euskarara hurbiltzeko erraztasunak aurkitu asmoz. Kinnari Ladron de Gebara, Tony Cunha eta Dayan Quijano izan ditugu ALEAn.
Euskal Herrira migratzea
Kinnari Ladron de Gebara Ortiz de Urbina (India, 1993) 2006an heldu zen Gasteiza, adoptatuta. Kolpe gogorra izan zela kontatzen du, euskaraz ez gazteleraz jakin gabe heldu zen, kontinentez eta testuinguruz guztiz aldatuta. Igaro zen "Indiako umezurztegi batean bizitzetik, ama zuri, ilegorri eta begi urdindun bat izatera. Sekulako talka".
DBHko lehen mailan hasi zen ikasten euskara, gaztelera eta ingelesa, hutsetik hasita eta denak batera. Nahaste izugarria izan zen, ez zen hiru hizkuntzak bereizteko gai, eta testuingurua ere falta zitzaion, marko geografikoa, historikoa; ezin ezer ulertu. Antsietate eta osasun mental arazoak ekarri zizkion egokitzapenak, eta alde batera utzi zuen euskara. Gaztelera eta ingelesa ikasi ondoren, orain, heldutan, bere "identitatearen eraikuntzarako" berrartu du euskara.
Euskararekin harremana beti izan badu ere, kontrako jarrera sortu zitzaion hasieran, bere alde indiarra hiltzen ari zenaren sentipenetik abiatuta. Euskal Herrian bazterketa jasateak eragin zion "hemengoa ez sentitzea", jendeak errepikatzen zion bezala. Gaztelera, ingelesa eta euskara ikasi ditu, baina gujaratera, hindia eta sanskritoa galdu. Ondorioz, Indian esaten diote ez dela bertakoa, eta hemen ere antzeko.
Tony Cunha (Angola, 1972), 1996an heldu zen Euskal Herrira. Lehendik ezaguna zuen euskararen aldeko borroka, eta paralelismo handiak egiten zituen bere herriak bizitako kolonizazio prozesuarekin. Ondorioz, enpatia sortzea erraza izan omen zen. Hala ere, hona heldu zenean ez zuen euskararekin ia inolako harremanik izan, bere inguruak ez baitzuen hitz egiten, eta kalean ere ez zuen entzuten. Testuinguruak ulertarazi zion Gasteizen gaztelera jakinda bizi daitekeela, eta euskararen zailtasunari buruzko beldurra jaso zuen.
"Gatozenok ez dugu gure identitatea galdu behar, eta hibridazioa egon behar da"
Tony Cunha
Bere momentuko beharrak beste batzuk zirela aipatzen du Cunhak. "Dena aldapan gora daukazu, eta ez duzu pentsatzen hasieratik euskara ikastea". "Normala denez", jendeak lehenik gaztelera ikasten duela dio, eta "gero erraza da gazteleraren korronteari jarraitzea".
Bere seme-alabek badakite euskaraz, ikasketak euskaraz egin dituzte, eta euskaraz hitz egiten dute amarekin. "Ez nago harro, baina batzuetan bazterketa bikoitza sentitzen nuen, atzerritar sentitzen nintzen kalean, eta baita etxean ere". Beltza izateagatik euskaraz ez dakiela asumitzea kritikatu du, eta ikuspegi hori aldatu beharra aldarrikatu. "Badirudi euskara txuriek soilik hitz egin dezaketela, eta jende arrazializatu asko dago euskaraz hitz egiten".
Dayan Stephany Quijano Gutierrezek (Kolonbia, 1996) bi urte daramatza Euskal Herrian. Euskara ardatz nagusien artean daukan auzo batetara heldu zen, euskararen egoerari buruz ezer jakin gabe.
Hasieran emozio handiz hasi zen ikasten zuzenean, baina dena nahastu zitzaion. "Migratzeak berez dakartzan barne gatazkak, bakarrik sentitzea, deserrotze ikaragarria eta berriz errotzen saiatzea; gehiegi izan zen". Gerora konturatu da hori ez zela "bere momentua" euskara ikasten jartzeko.
Egoera bortitzak ere bizi izan zituela kontatzen du Quijanok, eta kontrako jarrerak sortu zitzaizkion hasieran, baita jendearen izaera hotzarekin ere, "zein zaila den haiengana heltzea, zein itxiak diren". Une egokia ez zela ulertuta, urruntzea erabaki zuen hasieran, eta gerora itzuli da euskara ikastera, "bertako kode sozialak ikasiago ditudala, eta testuingurua ulertuz". Guztiz ezberdina izan omen da orain hizkuntzarekin harremana, gustura dabil ikasten, jakin-minez.
Euskara ikasteko metodologia gertukoagoa aurkitu du oraingoan, Latinoamerikako ikaskideekin batera. "Lehen ez nuen ezer ulertzen, ez geografia, ez historia, eta hemengo testuingurutik erakusten zidaten euskara. Orain gozagarria da gure gauzetaz hitz egin ahal izatea. Shakirari buruz, baina euskaraz".
"Euskara nire parte da: emakume, arrazializatua, adoptatua... eta euskalduna"
Kinnari Ladron de Gebara
Hiruek aipatu dute asimilazioari beldurra, modua aurkitu beharra Euskal Herrian gizarteratzeko, euren jatorria galdu gabe. Cunharen hitzetan, integrazioa "posible izango da soilik Euskal Herria prest dagoenean deseraikitzeko autoktonoaren irudia. Gatozenok ez dugu gure identitatea galdu behar, eta hibridazioa egon behar da, kultura anitz horien eta euskararen artean". Prest al dago Euskal Herria euskalduntasun eredu berrietarako?
Eskaera testuinguruan jartzea
Euskal Herrian, ustez, buelta eman zitzaion euskalduntasuna arraza eta odolarekin lotzen zuen ikuspegiari. Edozein izan daiteke euskaldun, hemen bizi eta hizkuntza ikasiz gero. Baina, egokitua al dago euskara ikasteko eskaintza atzerritarren beharretara? Asko hobetu daiteke, gure gonbidatuen iritziz.
"Eskaera testuinguruan jarri beharra" aipatzen du Quijanok. "Migratzaileok, hona heltzean, hainbat zapalkuntza ditugu gurutzatuta, eta horiek kontuan hartzea beharrezkoa da, gure erritmoa ulertzeko". Ulergarria izan daiteke momentu batean euskara ikastea ez izatea migratzaileen lehentasun nagusia, baina argudio antzekoa erabili daiteke euskara erritmo egokiago batean ikasteko, edo inoiz ez ikasteko. Ados agertu dira hizlariak pertsona bakoitzaren erritmoak errespetatu behar direla, beti ere euskara ikasteko bidean.
Eta horretarako erraztasunak jarri behar direla diote. Euskara ikasten jarri ahal izateko, lehenago etorri behar dira erregularizazioa, egonkortasun ekonomikoa eta ikasteko denbora. Euskaraz harago, atzerritartasun legea eta bestelakoak gurutzatzen dira hor. Behin egonkortuta, doan ikasteko aukera aldarrikatu du Ladron de Gebarak, eta jendearen jatorriaren arabera egokitu dadila. "Euskara tresna izan dadila bakoitzaren jatorrizko herrialdera bidaiatzeko, erakartzeko tresna eraginkorra litzateke", bere ustez. Cunhak nabarmendu du atzerritarren seme-alabak euskaraz ikasten ari direla. "Bide onean goaz".
Euskara antirrazista izango da…
Hiruek uste dute borroka antirrazistak lehen lerroan egon behar duela, euskararekin batera, atzerritarrak euskarara gonbidatuak sentitzeko. Kezkaz entzun izan dute, maiz, migratzaileen erruz galduko dela euskara. Euskal Herrian zehar ikusi izan dira pintaketa arrazista euskaldunak, "atzerritar gehiegi gure hizkuntzarentzat" eta antzekoekin, euskararen aitzakian migratzaileen kontra egiten dutenak.
Quijanok euskaldunoi eskatzen digu arrazakeriaren aurkako borroka aintzat hartu dezagula. "Nola batuko naiz ni zuen borrokara, zuek ez baduzue nirea kontuan hartzen?". Haientzako lehentasun bihurtu dadin, ikuspegi dekoloniala izan behar du euskarak, argudiatu dutenez. Euskaldun gehienek izango dute, ziur aski, beren burua antirrazistatzat, baina zalantzan jarri dute gure gonbidatuek. "Uste duzue ezkertiarrak izateagatik bazaretela jada, baina ez duzue lantzen".
"Migratzaileon zapalkuntzak ulertzea gakoa da gure erritmoa ulertzeko"
Dayan Quijano
Ladron de Gebararen hitzetan, "hemen hogei urtez bizita ere, migratzaile izaten jarraitzen dugu, begirada horrekin ikusten gaituzte". Euskal Herri anitz eta inklusiboagoaren bila, erreferentzia falta nabarmendu dute. "Jende arrazializatuaren errepresentaziorik ez dago euskal munduan".
Arrisku sentsazioaren gainbehera
Azken 50 urtean asko aldatu da euskararen egoera. Frankismo garaiko debeku eta zapalkuntza esplizituen ostean, euskararen aldeko politikak sustatu dira. Baina moteltzen ari da susperraldia, eta hizkuntzaren arrisku sentsazioa ere beherantz doa azken boladan.
Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi berri du "euskara eta euskal komunitatea larrialdi linguistikoan" daudela. Hala ere, gure hiru gonbidatuei galdetuta, ez dute antzematen arriskuan dagoenik. Ladron de Gebarak dio, kalean gehiago entzuten duenez, ez duela arriskuan dagoenaren sentsazioa. Cunha ere bat dator, "pauso handiz berreskuratzen" ari dela pentsatzen du, ez galtzen ari dela.
Zer da, baina, hizkuntza bat osasuntsu egotea? Instituzioetan eta hezkuntzan euskara nolabait sartu izanak ekarri du euskararen presentzia pixka bat areagotzea, adierazle nagusietan normalizaziotik oso urrun badago ere. Frankismo osteko hamarkadetan motibazio nagusietakoa izan da euskarak jasandako zapalkuntzari buelta ematea, justizia terminoetan hitz eginez. Egungo egoeran, baina, zenbateraino da beharrezkoa arrisku sentsazioa, euskararen aldeko esfortzu militantea sustatzeko?
Cunhak aipatzen du bere seme-alabek, jakin badakiten arren, ez dutela euskaraz egiten, beren inguruak gazteleraz egiten duelako. Quijanok ere aipatzen du, gazte atzerritar askok, arrazakeria eta bazterketa jasan ostean, "beren errebeldia Euskal Herriaren aurka bideratzen dutela". Gazte askorentzako euskara eskolako autoritatea bihurtu da, hainbat iturrik azaldu dutenez, eta errebeldia beste bide batzuetatik doa.
Ladron de Gebararen iritziz "jendea arrazializatu askok sentitzen du ez dakiela zein den bere lekua munduan". Halakoei buelta emateko, elkarren borrokei garrantzia ematea aipatu du berriz. "Zuei inporta zaizkizuen borroketara batzeko, zuei ere inporta behar zaizue gu zeharkatzen gaituena. Ezin dut aukeratu euskara edo nire borroka, eskutik joan behar dira". Egun, euskaraz bizitzeko asmoa du Ladron de Gebarak, bere identitatearen parte eginda, "emakumea, arrazializatua, adoptatua... eta euskalduna".
Integratu edo euskaraz egin
Hautu hori agertzen zaigu, tamalez, askotan euskaldunoi. Gauzak euskaraz egin, eta euskara ez dakitenak "kanpoan utzi", edo erdaldunak barne hartuko dituen zerbait egin, euskara alde batera utzita. Kulturan, lanean, bileretan, askotariko lekuetan agertzen da dilema berbera. Hizkuntza gutxituen dilema noski, jendea integratzeko modu bakarra baita ez dakitenek ikastea. Baina nola lortu jendea euskarara hurbiltzea?
"Gurea da militantzia, gurea da meritua" abesten zuen No Name Tiriti taldeak, arabar euskaldunen borroka aldarrikatzeko. Halaxe aldarrikatzen du Quijanok ere, migratzaileen egoerara ekarrita. Ladron de Gebarak, antzeko, eskatzen du jendeak aitortu dezala egindako esfortzua, eta gehiegizko zuzentasuna eskatu gabe bidelagun izan daitezela haien euskara ikasteko prozesuan. Hautu pertsonala dela nabarmentzen du Ladron de Gebarak, baina gizartearen babesak erraztu dezakeela bidea.
Cunhak azpimarratzen du atzerritarrek "bost pauso atzerago" abiatzen dutela prozesua, euskara "igo beharreko koska bat gehiago" bilakatzen dela. Baina desabantaila hori tentuz plazaratu beharra aipatzen du, euskararen aurkako diskurtsoak hauspotu ditzakeelako. "Ez da pribilegio bat, hizkuntza baztertu bat izanik erresistentziako subjektu politiko bilakatzen delako, borrokarako tresna". Quijanok sentitu izan du euskaldun jendea "pribilegiatu" gisa, orokorrean maila ekonomiko eta sozial erosoagoa izateagatik, baina euskarara batzeko hautua egina du.
Cunhak dio Euskal Herriak aukera paregabea duela "nazio eredugarria egiteko, nazio askoz irekiagoa". Bere iritziz, euskarak izan behar du "denok integratu behar gaituen ardatza". Ladron de Gebararen esanetan, "euskara izan dadin herri ezberdinak batuko dituen bizkarrezurra".