Made in China, for you

Jon Hidalgo 2024ko aza. 24a, 08:00

Estitxu Villamorrek eta Ortzi Akizu-Gardokik –argazkian– egin dute aztarna energetikoaren inguruko azterketa, Erlantz Lizundiarekin batera. Argazkia: EHU

Atzerriko fabriketan guk erabiliko ditugun produktuak ekoizten dituztenean, norena da energia kontsumo horren ardura? Herrialde "garatuok" benetan gara berdeagoak, edo munduan zehar zabaltzen dugu grisa? Nork kontsumitzen du gehien Espainiako Estatuan? Eta zure herrian?

Energia kontsumoari buruz hitz egitean aipatzen da munduko %10 aberatsenak sortzen duela CO2 isurketen erdia inguru. Norberaren arduran jartzen ari da arreta, arazoa globala da baina ardura ezberdina du bakoitzak. Izan ere, CO2 isuriak eta energia kontsumoa oso ezberdin daude banatuta, bai mundu mailan, eta baita Estatuan ere.

EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group ikerketa taldeek Espainiar Estatuko aztarna energetikoa ikertu dute, zuzena zein zeharkakoa, energia kontsumoa nola banatzen den ikusteko. Estitxu Villamor, Ortzi Akizu-Gardoki eta Erlantz Lizundia aritu dira gaia lantzen, Arabako campusean, eta Cleaner Environmental Systems aldizkarian argitaratu dute udan. Nork kontsumitzen du gehiago, aberatsek ala txiroek? "Bertakoek" ala migratzaileek?

Ohikoa izaten da hedabideetan errua botatzea "garapen bidean" dauden herrialde batzuei, Txina edo Indiari esaterako, gehien kutsatzen dutelakoan. COP gailurrak egoten direnean ere muga asko jartzen zaizkie herrialde horiei. Baina, kutsatzen dutenaren zati handi bat guretzako produktuak ekoizterakoan sortzen dute, herrialde "garatuentzako" lanean. Norena da benetan aztarna energetiko hori?

 

 

Hori aztertu nahi izan dute EHUko ikerlariek, baina Espainiako Estatura ekarrita. Input-output metodologia erabili dute horretarako, aintzat hartuz bai kontsumo zuzena eta baita zeharkakoa ere. Kontsumo batzuk zenbatzea ohikoa da, garraio pribatuaren kontsumoa eta etxebizitzako argindarra edo berogailua, esaterako; baina metodologia honek zeharkako kontsumo guztia hartzen du kontuan. Hau da, kontsumitzen ditugun produktuen atzean txertatuta dagoen energia aztarna, ezkutuko energia fluxuak. Txinatik erositako mugikorra sortzeko kontsumitu den energia guri egozten zaigu, Txinari egotzi beharrean.

Horrela aztarna erreala ikus dezakegu, eta interesgarria da gastu ekonomikoak lotzen dituelako gastu energetikoekin. Herrialde bateko biztanleriaren artean ere badago aldea energia kontsumoan, hainbat aldagairen arabera. Hori ikusteko, geografikoki banatu dituzte datuak, eta kontuan hartu dituzte, adibidez, etxebizitzetako soldata, biztanle kopurua, herritartasuna, adina, generoa eta herriaren tamaina.

Egoera sozioekonomikoa

Agian aurreikusi zitekeen, baina hala frogatu dute ikerketan, soldata altuko pertsonek aztarna energetiko handiagoa dute txiroagoek baino. Aztertutako aldagai sozioekonomiko guztietatik, etxebizitzako helduen soldata maila da eragin handiena duena, ondorioztatu dutenez. Soldata altuko biztanleek, garbian 2.500 eurotik gora jasotzen dutenek, batez bestekoa baino %75 gehiago kontsumitzen dute. Gutxiengoa dira, hala ere, biztanleriaren %2,4ak bakarrik irabazten ditu 2.500 euro edo gehiago. Jende gehienak, %65ak, 1.000 eurotik bera jasotzen ditu hilean, eta haiek kontsumitzen dute gutxien, 18 puntu batez bestekotik behera.

Etxeko biztanle kopurua ere aldagai garrantzitsua da aztarna energetikoari dagokionez. Kontsumoak banatu egiten dira etxekide guztien artean, eta aztarna txikiagoa sortzen du bakoitzak. Bakarrik bizi diren pertsonen aztarna %41,4 altuagoa da batez bestekoa baino. Taldean bizi diren bost  pertsonak adina kontsumitzen dute bakarrik bizi diren hiruk. Herritartasunak ere eragin handia dauka kontsumoan, migratzaileek dezente gutxiago kontsumitzen dute. Honek lotura dauka ziurrenik maila ekonomikoarekin, migratzaileek soldata baxuagoak izaten dituztelako oro har. Atzerriko biztanleen etxeetan besteen energiaren bi heren erabiltzen dituzte soilik.

Beraz, kontsumoa gehien handitzen duten aldagaiak dira soldata, etxebizitzako biztanle kopurua eta herritartasuna. Aldiz, generoa, adina eta udalerriaren tamaina ere aztertu dituzte, baina ondorioztatu dute elementu hauek ez dutela eragin handirik.

Aipatu bezala, kontsumitzen dugun energiaren irudi osoa izateko, garrantzitsua da zeharka kontsumitzen duguna ere neurtzea. Izan ere, aztarna energetikoaren zati handiena zeharkako kontsumoari dagokio. Produktu eta zerbitzuak kontsumitzean joaten da energiaren hiru laurden, eta modu zuzenean kontsumitzen duguna %25 inguru besterik ez da, gasolinan, argian edo berogailuan, besteak beste.

Erkidegoka, ipar-hego banaketa argia antzeman daiteke Estatuan, iparraldekoek baitute aztarna energetiko handiena. Gainera, Hego Euskal Herria da energia gehien erabiltzen duena, alde handiz. Espainiako batez bestekoa baino %17,6 handiagoa da aztarna Nafarroan, eta EAEn %15,4 handiagoa. Hurrengoak Katalunia eta Madril dira, %8,3 eta %7,9 aldentzen direnak batez bestekotik.

Aztarna txikiena, nabarmen, Ceutak eta Melillak dute, batez bestekoaren bi heren eta hiru laurden soilik kontsumitzen dutelako, hurrenez hurren. Ondoren, Kanariar Uharteek (% -17,0) eta Andaluziak (% -12,9) dute aztarna txikiena. Ceutako biztanle batek, EAEko baten kontsumoaren aldean, bi heren baino gutxiago kontsumitzen ditu (%0,59). Edo beste modu batera esanda, EAEko hamarrek jaten duten lekuan, Ceutako hamazazpik jango lukete.

Orokorrean herrialdeen energia kontsumoa eta aztarna bera lotuta egoten dira Barne Produktu Gordinarekin. Hazkunde ekonomikoa etengabe bilatzen dute herrialdeek, eta ezinbestekotzat hartzen da hazkunde hori lortzeko igo behar direla energia kontsumoa, materialen kontsumoa eta CO2 isuriak. Hala ere, herrialde garatuek askotan aldarrikatzen dute banandu egin dituztela BPGa eta energia kontsumoa, eta lortu dutela BPGa haztea, energia eta materialen kontsumoa igo gabe. Desakoplatzea esaten zaio honi.

"Bizitzza duina izan daiteke lan gutxiago eta kontsumo txikiagoa eginda"

Estitxu Villamor

"Hori gezurra izaten da", Villamorren esanetan, ez delako kontuan hartzen aztarna energetiko osoa. Herrialde horien BPGa igoarazten duen ekoizpena beste herrialdeetara lekualdatu dute askok, eta haien zuzeneko kontsumoan ez da halako igoerarik antzematen. Baina aztarna osoa zenbatuko balitz, zeharkako energia, materialak eta CO2 isuriak zenbatuta, "kasu gehienetan ez da desakoplamendurik ageri".

Estatuko autonomia erkidegoen artean ere ikusten da lotura dagoela BPG handienen eta aztarna energetiko handienen artean, baina ez da lotura lineala. Energia kontsumo handiagoa izateak ez dakar nahitaez BPG handiagoa izatea, eta alderantziz. Hego Euskal Herrian, esaterako, Katalunia eta Madrilgo BPGaren antzekoa dugu (Madrilgoaren azpitik, Kataluniaren gainetik, %2 inguru gorabehera), eta energia kontsumo dezente altuagoa egiten dugu euskaldunok.

Baina BPGaren igoerak pertsonen ongizatea al dakar? Ez dakigu, edo ez behintzat ikerketa honen ondorioz, aztarna energetikoa BPGarekin alderatu dutelako, baina ez pertsonen ongizatea neurtzeko erabili ohi diren adierazleekin, Giza Garapen Indizearekin (GGI), esaterako. Uste izaten da berez BPGa igotzeak ongizate gehiago ekarri beharko lukeela. Hala ere, beste ikerketa batzuek erakutsi dutenez, gero eta gutxiago gertatzen ari da hori, desakoplatzen ari dira BPGaren igoera eta GGIaren igoera. Hau da, Barne Produktu Gordina igotzeak geroz eta gutxiago eragiten duela ongizatea areagotzean.

Eta guzti honekin zer?

Zertarako balio du ikerketa honek? Batzuk gehiago kontsumitzen dute, besteek gutxiago, baina zein litzateke kopuru egokia? Jasangarritasunari begira, Estatuan ia denok kontsumitzen dugu gehiegi. Literatura zientifikoaren araberako bi jasangarritasun maila hartu dituzte irizpidetzat EHUko ikerlariek, aurreikuspen optimista eta pesimista. Muga horiek kontuan hartuta, Estatu osoan Ceutako biztanle atzerritarrak dira kontsumo jasangarria egiten duten bakarrak, Egipto, Paraguay edo Vietnamgo batez bestekoaren mailan, Estatuko kontsumoa baino %72 gutxiago. Beste guztiona gehiegizkoa da, planetaren mugak aintzat hartuko baditugu.

Errekaleorren adibidea ekarri du gogora Estitxu Villamor ikerlariak, duela bi urte auzo okupatuko aztarna energetikoa ikertu zutelako Ortzi Akizu-Gardokik eta berak, beste batzuen artean, antzeko metodologia erabiliz. Orduko hartan ondorioztatu zuten Errekaleorreko aztarna %24 baxuagoa zela, EAEko batez bestekoaren aldean. Hango bizimoduarekin lotua egon daiteke datua, edo besterik gabe batez besteko soldata baxuagoa dutelako bertako bizilagunek. Bereziki interesgarria da, Villamorren ustez, soldata baxua duen jendearentzako beste lekuak baino bizigarriagoa izan daitekeelako Errekaleor, "gutxiagorekin modu duin batean bizi daiteke hor".

Ikerketa honekin argi gelditu da lotura zuzena dagoela pobrezia eta aztarna txikia izatearen artean. Txirotasuna da munduarentzako irtenbide ekologikoa? Gaur egun pobreak baino ez dira sartzen jasangarritasunaren mugetan, baina Villamorrek ohartarazi du egungo sisteman ezin dela duintasunez bizi kontsumo maila horrekin. Zein da beraz helburua? Zeri uko egiteko prest gaude?

Ondorioetan azaldu dute, norberaren kontsumo murrizketaz harago, beharrezkoa dela produktu eta zerbitzuen kontsumo orokorra murrizteko ekintzak abiaraztea. "Helburuak izan behar luke eredu sozioekonomiko osoa eraldatzea, kontsumo maila baxuagoarekin ondo bizitzeko". Beharrezkoak ez diren kontsumoak murriztu, eta aisialdia birpentsatu. "Desazkunde ekonomikoan eta komunitate bizitzan oinarrituta, bizitza duina izan daiteke lan gutxiagorekin, soldata baxuagoekin eta kontsumo txikiagoa eginda".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago