Arabako Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontuak iragartzen jarraitzen du, eta Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoari bideratutako aurrekontua ere eman dute argitara egunotan. "Inbertsio garrantzitsua" iragarri du Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak.
Aurrekontu proiektuan %4,7ko igoera jaso dute suteen prebentzioari eta iraungitzeari dagokionez, eta 17,2 milioi euro bideratuko dituzte guztira aldundiaren menpeko suhiltzaileentzako.
Foru ordezkariak azpimarratu du azpiegiturak "etengabe hobetzearen aldeko apustua" egiten jarraitzen dutela, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera ia lau milioi euro bideratuko dituzte Laudioko suhiltzaileen parkea eraberritzeko. Baliabide berriak ere iragarri ditu Berriozabalek, "aurreko urteetako inbertsio eta ahalegin mailari eutsiz".
2025ean auto-eskalako kamioia erosiko dutela aurreratu du, "larrialdietako beste edozein ibilgailu astunek baino askoz balio handiagoa duena". Milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo dute kamioi berri hau eskuratzeko.
Suhiltzaileen protestak
Azken hilabeteetan ohikoak izan dira Arabako suhiltzaileen protestak, eta salaketa ugari egin dituzte Foru Aldundiaren aurka, baliabide falta eta akordio arautzailerik eza kritikatuz. Negoziazio mahaia ekainetik ez dela bildu, hala salatu zuten duela hilabete Arabako Foru Suhiltzaileek, eta aldundiarengan jarri zuten erantzukizuna. Bestalde, orain arte negoziatutako hainbat ataletan atzera egin izana leporatu zioten aldundiari.