"Negoziazio mahaia ez da ekainaren 17tik bildu, eta, hitzarmenaren negoziazioari dagokionez, badirudi akordioa gero eta urrunago dagoela". Arabako foru suhiltzaileek publiko egin dute salaketa, eta Arabako Diputazioari leporatu diote ekainetik bildu ez izana. Halaber, azpimarratu dute orain arte negoziatutako hainbat ataletan atzera egin duela diputazioaren menpe dagoen Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak.
ELA sindikatuak igorritako prentsa oharrean azaldu dutenez, ekaineko azken bileran, zuzendaritzak langileen batzordeak lan zirriborroan egindako ekarpen guztiak aztertu eta kontrastatzeko ardura hartu zuen. "Duela egun batzuk, aldiz, hitzarmenaren bertsio berri bat jaso dugu, "arinagoa, sinpleagoa eta operatiboagoa" bezala aurkeztu zaiguna, baina oso errealitate desberdina ezkutatzen duena", diote suhiltzaileek. Izan ere, testu "berritu" horretan, jada adostuak ziren gai batzuk aldatu dituztela salatu dute langileek: "artikulu askotan alde batera utzi dute orain arte izandako negoziazioa (zortzi bilera langile batzordearekin 2023ko urritik), eta hori guztia akordio arautzaileak ematen dizkigun eskubideak murrizteko joera argiarekin".
Akordio arautzaile eske
Ildo horretan, akordio arautzailea galdegin dute, gainerako aldundiko langileen eskubideak aitortuko dizkiena. "Akordio arautzailerik ez izateak eskuak libre uzten dizkio zuzendaritzari, gure eskubideekin jolasteko", esan dute. Adibide bezala jarri dute senideak medikuarengana laguntzeko aukera izan dutela orain arte suhiltzaileek; baina aste honetan bertan ukatu zaiela baimena eskatzeko aukera, "inolako abisurik eman gabe eta baimen hori Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasota ez dagoela aitzakiarekin".
Akordio arautzailerik ez egoteak langileei "kalte" egiten diela esan dute suhiltzaileek, "eta eskuak libre uzten dizkio administrazioari, nahierara egiteko eta desegiteko. Akordio arautzaile propioa izateko interes handiena gurea da, eta hori erakusten ari gara negoziazio-prozesu osoan. Gure aldetik, Arabako Foru Aldundiko langileek dagoeneko aitortuta dituzten eskubideak baino ez ditugu eskatzen, baina ez gaude gutxiago onartzeko prest".