Mateo Gutierrez

"Estatuak uste du gatazka amaitzen dela gerrillak armak entregatuta"

Jon Hidalgo 2024ko aza. 15a, 07:00

Jazarpen politikoaren ondorioz, Kolonbiatik alde egin behar izan zuen Gutierrezek. Argazkia: Jon Hidalgo / ALEA

Azken sei urteetan Euskal Herrian bizi izan da Mateo Gutierrez Leon (Bogota, 1996), jazarpen politikoaren ondorioz Kolonbiatik ihes egin behar izan zuenetik. Petroren itxaropenaren gorabeherak, Latinoamerikako ziklo politiko berria eta errefuxiatuen egoera izan ditugu hizpide, besteak beste.

2018an etorri zen Gasteiza bizitzera, eta hango eta hemengo mugimenduetan ibili da ordutik, Euskal Herrian errotzen, baina sustraiak askatu gabe.

Zergatik atera behar izan zenuen Kolonbiatik?

Ia bi urte eman nituen preso, Fiskaltza eta Poliziaren muntaia judizial baten ondorioz, eta berriro kartzelan sartzeko arriskua zegoen. Kolonbian garai hartan presio handia zegoen, eta gizarte mugimenduetako militante eta ikasle ugari espetxeratu gintuzten. Gainera, mehatxuak jaso nituen kartzelan, nire aurka eta nire familiaren aurka. Ez nuen bidezko epaiketa bat izateko bermerik, eta nire bizitza ere arriskuan zegoenez, ihes egitea erabaki nuen.

Atzerago joanda, nolatan amaitu zenuen kartzelan? Militante politikoa zinen zu.

Bai, oso aktibo nenbilen unibertsitateko ikasle mugimenduan. Juan Manuel Santosen gobernuaren amaieran asko areagotu ziren atxiloketak, eta ekintza armatuetan parte hartzea leporatzen ziguten. Kontua da FARCekin bake hitzarmena sinatu berri zutela, baina beste insurgentzia batzuekin ez, eta gobernuak oso jarrera gogorra hartu zuen edozein mobilizazioren aurka. Betiko estrategia, oposizio politiko ez armatuari leporatzen diote gerrillaren adar politikoa izatea. FARCen akordiotik kanpo gelditzen zen oro terrorista zen. Muntaia asko egon ziren garai haietan ikasle, nekazari eta sindikatuen aurka, eta denborarekin ikusi da gezurra zirela. Testuinguru horretan, lekuko faltsu baten bidez, hainbat ekintza leporatu zizkidaten, eta modu prebentiboan espetxeratu. Prozesuak ia bi urte iraun zituen, eta lortu nuen frogatzea ez nengoela haiek zioten lekuan. Gainera, lekukoak berak aitortu zuen Poliziak presio egin ziola nire izena eman zezan. Lekuko honek orain Fiskaltzarentzako egiten du lan gainera. Muntaiak eta halako lekukoak maiz erabiltzen dituzte militantzia prozesuak desartikulatzeko.

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Kartzelatik irten, eta astebetez ezkutatuta egon ostean etorri nintzen Euskal Herrira. Beste aukera batzuk aztertu nituen, baina behar nuen herrialde bat nazioartean gutxieneko babesa emango zidana. Hemengo legeak hobetzeko asko badu ere, Europakoa da asilo gehien ematen duen legea. Gainera, Euskal Herriko militante batzuk Kolonbiara joan ziren brigadista, nire kasua ezagutu eta nire familiarekin egon ziren harremanetan. Kartzelatik irten nintzenean hona etortzeko aukera sortu zen.

"Petrok ez du gaitasunik izan hitzemandako gauzak betetzeko"

Badaramatzazu urte batzuk hemen. Nola ikusten duzu Kolonbiako egoera erbestetik?

Hasieran eszeptizismo handiz ikusten nuen, insurgentziarekin gatazka handiko garaia zelako, errepresioa asko igo zen Ivan Duqueren gobernuan. Eskuin muturra oso potente zegoen, eta herri mugimenduko pertsona asko hil zituzten. Eta bat-batean, testuinguru horretan, herri altxamendu handi bat egon zen, 2021eko greba orokorra. Ezkerraren birsortzea izan zen, eta oxigeno asko eman zion herri mugimendu askori. Hortik etorri zen Gustavo Petro, ezkerreko lehen gobernua Kolonbian. Hasieran itxaropen handiarekin ikusi nuen Petro. Diskurtsoan behintzat prest agertu zen beharrezko aldaketa asko egiteko, doktrina militarra, errepresio politikak, nekazal eremuetako egoera, osasun sistema eta beste hainbat. Baina tamalez ez da hala izan. Ez du gaitasunik izan hitzemandako gauzak betetzeko, eta bere hauteskunde programa osoa ezerezean gelditu da. Gehiago aritu da akordioak bilatzen alderdi tradizionalekin, gobernatu ahal izateko, bere plana sustatzen baino. Eta azkenerako eskuak guztiz lotuta gelditu zaizkio. Ulertzen dut gobernuan jarraitu ahal izateko egin zuela, momentu batean arriskua egon zelako azpijokoren batekin boterea kentzeko, gauza ezaguna Latinoamerikan. Baina karguan mantentzen saiatzeagatik, uko egin dio bere programa politikoari.

Ez zeukan babes nahikorik bere kasa aldaketak egiteko?

Gehiengo partzialak zituen, baina gizartean indar askoko mugimendua zuen atzean, prozesu horiek bultzatu zitzakeena. Babes falta baino gehiago ausardia falta izan du, nik uste. Gobernuaren akats larriena izan da aliantzetatik bizitzen saiatzea. Horrek dakar sektore bakoitzari boterea eman beharra, eta uko egitea Petrok berak gobernatu ahal izateari. Ezin izan du ezkerra batu, ez bere irudiaren bueltan, mugimendu politiko bateratu batean baizik.

2018an heldu zen Gasteizera Gutierrez, eta geroztik Kolonbia eta Euskal Herriko mugimenduetan ibili da. Argazkia: Jon Hidalgo /ALEA 

Petroren gobernua negoziaketetan aritu da hainbat gerrillarekin, bake akordio bila. Zer moduz joan dira elkarrizketak?

Gobernuak Erabateko Bakea deituriko politika aurkeztu zuen. Asmoa, berez, negoziaketa mahaiak sortzea zen, Kolonbiako gatazka armatuei konponbidea bilatzeko. Mahai paraleloak garatzen saiatu da, batetik, ELNko insurjentziarekin, eta baita FARCeko disidentziekin, paramilitarrekin eta hainbat erakunde mafiosorekin ere. Itxaropen handia sortu zuen, baina gobernuaren beste politikak bezala, ezerezean gelditu da. Bi zailtasun nagusi ikusten ditut. Batetik, gobernua ez dela gai kontrolatzeko Kolonbiako indar armatuak, izan legezkoak edo legez kanpokoak. ELN eta beste erakunde batzuekin su-etenak egon badira ere, Petrok ezin ditu paramilitarrak gelditu, ezta armadako sektore gogorrenak ere. Orduan, elkarrizketa mahaian edozer gertatzen dela ere, gerrak jarraitzen du. Eta bigarren zailtasuna, Petroren gobernua hasi da esaten ELNren gerra fronteetako bat desmobilizatzen ari zela antolakundearen bizkarrean, eta barne krisia sortzen saiatu da, antolakundea zatitzen. Horrek asko kaltetu du konfiantza, eta orain bertan behera dago negoziaketa ELNrekin. Beste antolakunde gehienekin ere ez dago martxan. Elkarrizketak berrartzea espero da, hori da Kolonbiako sektore politiko askoren aldarria.

Gatazka amaitu dadila, hori nahi du jendeak?

Uste dut Kolonbian gatazkaren izaera militarra gutxienekoa dela, gatazka sozialaren aldean. Indarkeria gehiago ematen da talde paramilitarren ondorioz. Edo enpresa multinazionalen ondorioz, paramilitarrei ordaintzen dietenak jendea botatzeko eta lur horiek baliatu ahal izateko. Indarkeria ekartzen duten bi faktore daude, eta ezberdintzen jakin behar dugu, gatazkari irtenbide politikoa eman ahal izateko. Izan ere, normalean Estatuak pentsatu ohi du gatazka amaitzen dela gerrillak armak entregatzearekin soilik. Baina gerrillak ez du gerra berak bakarrik egiten. Kolonbiako gatazka armatuari amaiera eman nahi bazaio, antolakunde armatu guztiez hitz egin behar da. FARCen kasuan ikusi genuen argi. Gerrillak armak entregatu zituen, baina bestelako antolakundeek gerra egiten jarraitu zuten, baliabide eta lurrak konkistatzeko, eta bertako antolakunde politikoen aurka eginez. Beraz, gatazkak aurrera jarraitzen du. Uste dut jendeak eskatzen duena dela gatazka osoari amaiera emango dion konponbidea.

"Latinoamerikako ziklo politiko berriak ez du alternatiba ideologikorik eskaintzen"

Latinoamerikara begira, esan izan da olatu aurrerakoi berria hasten ari dela.

Nire irakurketa da Trump gobernura heldu zenetik AEBak bortitzago dabiltzala, kontinentean galdutako posizio asko berreskuratzeko. Macri Argentinan, Bolsonaro Brasilen, pixkanaka joan ziren gobernu aurrerakoiak eraisten. Boliviako estatu kolpea ikusi genuen, Ekuadorren emandako aldaketa, Peruko kolpea..., indarra berreskuratzen ari dira eskualdean. Baina horrek erresistentzia ere sortzen du, eskuinak aurrera egin ahala krisi ekonomikoa ekarri dutelako, indarkeria sozial handia, eta Latinoamerikako herrialde askotan indar aurrerakoiak itzuli dira, Lula, Alberto Fernandez, Petro, Boric. Baina hala ere, Chavez eta Fidelek gidatutako lehen ziklo aurrerakoiean ez bezala, ziklo berri honek ez du alternatiba ideologikorik eskaintzen. Lehen XXI. mendeko sozialismoaz hitz egiten zen, baina orain kapitalismoa ez da zalantzan jartzen. Eta ez da zalantzan jartzen AEBen injerentzia ere. Gobernu berri hauek bilatzen dutena da zenbait akordio lortzea AEBetako sektore "demokratekin", gobernatu ahal izateko. Hau da, utzi diezadatela gobernatzen, baina horretarako uko egingo diet nire aldarrikapen politiko gehienei. Ziklo hau askoz kontserbadoreagoa da, bai politikoki, bai nazioartean, eta ekonomikoki ere ez du eredu aldaketarik proposatzen.

Euskal Herrira itzulita, nolakoa da errefuxiatu politikoen bizitza?

Nik zortea izan nuen. Euskal Herria, nahiz eta gauza asko aldatu diren, herri borrokalaria izan da, eta nazio askapen mugimendutik mantentzen du oraindik tradizio eta kultura politiko propioa. Zaila da hori aurkitzen, Europan batez ere. Ni gazte heldu nintzen, 22 urterekin, eta nire identitate politiko eta pertsonalaren zati bat ere eraiki dut Euskal Herrian. Oso testuinguru lagungarria izan dut zentzu horretan. Ez da berdina ikusten beste errefuxiatu batzuen kasuan, gehienbat Europa iparraldeko herrialdeetara heltzen direnenean. Euskal Herrian kapitalismoa indartsu garatu bada ere, elementu ezberdin batzuk mantentzen ditu. Beste herrialde batzuetan gizartea are indibidualizatuagoa da, bortitzagoa. Batzuetan baldintza material hobeekin, baina bizitza sozialerako baldintza okerragoak dituzte. Errefuxiatu kolonbiar asko ezagutu ditut, urteak daramatzatenak beste herrialde batzuetan, eta guztiz isolatuta bizi direnak. Ohitu egin behar izan dira bizitza oso bakartia izatera, oso bazterrekoa. Euskal Herrira oro har tradizio militante handiko errefuxiatuak iritsi dira, eta normalean lortu dute kokatzea hemengo bizitza politikoan ere, asko internazionalismoan, migratzailekin edo herri mugimenduetan. Agian falta zaiguna da gure artean antolatzea eta batasuna sortzea, askotan oztopoak sortu dizkigutelako Kolonbiatik arrastaka dakarzkigun ezberdintasunek.

Elkarte bat sortzen ari zarete orain, Arrakala.

Bai. Erbestea ikusarazi nahi izan dugu honekin, Kolonbian kartzelatik igaro ostean atera behar izan duten pertsonen egoera. Preso politiko ohi eta errefuxiatuentzako lan egin nahi dugu Arrakalan. Greba orokorreko herri altxamenduaren ostean gazte askok egin behar izan dute ihes, eta asko heldu dira Euskal Herrira erbesteratuta. Aitortza bilatzen dugu, onartzea Kolonbian preso politikoak egon badaudela. Tristeki, Petroren gobernuak ere ukatu izan du hori, altxamenduko 300 preso baino gehiago daudenean, eta beste horrenbeste lehenagotik kartzelan zeudenak. Horrez gain, errefuxiatu politikoen aitortza ere nahi dugu. Arrazoi politikoengatik atera behar izan dugu, ez gabezia ekonomikoen ondorioz. Kolonbian Estatuak sistematikoki jazarri izan ditu militanteak, askotan erailketen bidez, beste batzuetan kartzela, eta besteetan erbestera joatera behartuz. Gure lana hori ikusaraztea izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago