Baia ibaian "ingurumen kalitate goreneko" toki batean jarri nahi duten ur emariak neurtzeko estazio baten kokapena aldatzeko eskatu dio Zadorra Bizirik elkarteak URA agentziari.
Ekologistek nabarmendu dute ibai horretan soilik zazpi zati iristen direla kontserbazio goreneko puntura —orotara, hamazazpi kilometroko luzera osatzen dute zazpi puntuok—, eta estazioa jarri nahi duten tokia da, hain justu, horietako bat. Zehazki, estazioak ibaiertzeko baso eremu bati eragingo lioke, Aprikanon. Ohar batean azaldu dutenez, bi kilometro inguruko tarte horrek "goreneko kalifikazioa du" Ibaiertzeko Basoaren Kalitatearen Indize izeneko adierazlean. Bertan "oso ona" kalifikazioa du tarteak.
Alternatiba bila
Ekologistek eskatu dute gorago dagoen toki batean jartzeko, bertan "inpaktu ekologiko" txikiagoa izango duela iritzita. Argudiatu dute "balio aparta" duen ekosistema batean ur emaria neurtzeko azpiegiturak "inpaktu kritiko eta atzeraezina" izango lukeela 70 metro inguruko tarte batean. Besteak beste, azpiegiturarako sarbidean, ibaiaren ibilguan zein bi ertzetan eragina izango lukeela diote. "Oso tarte sentikorra da, kontserbazio egoera bikainean dagoen ibaiertzeko landaredia duena; Kontserbazio Bereziko Eremu honen orekarako eta Euskadin mehatxatuta dauden zenbait espezietarako ezinbestekoa da tarte hau", adierazi dute.
2011n egindako azterketa batean gorago dagoen puntu bat aintzat hartu zela dio Zadorra Bizirikek. Bertako kontserbazio egoera "urritzat" hartu zen, eta aztertutako hamar puntuen artean bideragaia zen bakarra zela diote. Gauzak hala, orain ez da aintzat hartu, eta bai, ordea, duela hamahiru urte egin zen txosten horretan alboratu zen beste aukera bat. Hori dela eta, kontserbazionistek eskatu dute kokapen hori berreskuratzeko, edo, behintzat, "horren inbaditzailea" ez den beste alternatiba bat bilatzeko.