Arabarrek 163.912, 45 euro ordaindu zituzten Espainiako Vueltako 18. etapa herrialdetik igarotzearen truke. Irailaren 5ean, Gasteizetik atera eta Maeztun amaitu zen lasterketa, 175 kilometro igaro ondoren. Vueltak Araba "190 herrialdetan erakusteko" aukera eman duela azpimarratu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren sailak.
EH Bilduk Batzar Nagusietan egindako galdera bati erantzunez, ahaldun nagusiaren sailak jaso du Arabako Foru Aldundiak 140.000 euro jarri zituela txirrindulari lasterketa herrialdetik igaro zedin. Halaber, 4.689,96 euro ordaindu behar izan zituen altzarientzat, argiztapen koadroentzat eta komun kimikoentzat; 4.643,66 euro multzo elektrogenoentzat eta hesientzat; 1.307,64 euro oinarrizko bizi euskarriko anbulantzia batentzat, eta beste 1.307,64 euro Ertzaintzari trafiko etenak seinaleztatzeko laguntzeko.
Pankartak kentzeko
Partida txikien artean handiena (12.056,19 euro) pintadak, kartelak eta pankartak kentzeko erabili du aldundiak; izan ere, txostenean jasotzen denez, lan horretan aritu ziren uztailaren 1etik irailaren 20ra aldundiaren langileak. Gogoratu behar da, Vueltaren inguruan, hainbat eragilek salatu zutela makroproiektu energetikoen kontrako aldarrikapenak errepideetatik, herrietatik baita espazio pribatuetatik ere ezabatzen ari zela aldundia.
Arabarrek Vueltan egindako inbertsio ekonomikoaren itzulera zein izan den galdetu du EH Bilduk batzar nagusietan, eta are gehiago, lasterketak herrialdean izan duen eragin ekonomikoari buruzko txostena eskatu du. Aldundiak, berriz, horrelako txostenik ez dagoela azaldu du; eta azpimarratu du Vueltaren eragina nabarmena dela, "190 herrialdetan jarraitu baita. Bertan izan dira 30 herrialde eta 96 irratitako kazetariak, 183 telebista eta 1.000 kazetari nazional eta internazional. Gainera, 17,2 milioi ikus-entzule izan ditu Espainian, eta 2,1 milioi jarraitzaile lnteneteko plataformetan eta sare sozialetan".