Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Ana del Val Kirol diputatuak eta Javier Guillen Espainiako Vuelta lasterketako zuzendariak aurkeztu dute Araban egingo den etapa. Txirrindulariek Añanako gatzagak, Arabako Errioxa, Urizaharra eta Herrerako mendatea zeharkatuko dituzte, besteak beste, helmugara iritsi aurretik, Izkiko parke naturalera. "Parke honek etapa amaiera hartzea ez da kasualitatea. Bere 25. urteurrenean, bertako flora eta faunaren erreserba nagusia erakutsi nahi diogu munduari, kontserbazio bereziko eremua, oraindik ehunka txoko ezagutzeko dituena", nabarmendu du Gonzalezek. Guztira, Araban egingo den etapak 175 kilometro izango ditu.
Halaber, Vueltak Araba "170 herrialdetan erakusteko" aukera ematen duela aipatu du diputatu nagusiak. "Azken urteetan, Araba nazioarteko txirrindularientzako agertoki errepikakorra bihurtu da. Hala zen Itzuliarekin, baina Tourreko lasterketarekin eta Vueltarekin bizikleta paradisu gisa kokatu gara", gehitu du. Arabar lurraldeetako "zonalde menditsuak, lautada luzeak, mahastien itsasoak eta bandera urdineko hondartzak dituzten zingirak" nabarmendu ditu Gonzalezek toki erakargarri gisa.