Monica Bernabe

"Afganistan demokratizatu zela saldu ziguten"

Anakoz Amenabar 2024ko aza. 2a, 08:00

Monica Bernabe kazetaria. Argazkia: Pere Tordera.

Afganistan ondoen ezagutzen duen kazetarietako bat da Bernabe. 'Crónica de un fracaso' liburuan jaso ditu urteetan han bildutakoak, besteak beste, nazioarteko komunitatearen "hipokrisia eta utzikeria" agerian utziz. Maila pertsonalean, bizi izandako depresioa ere ekarri du lehen lerrora.

Zortzi urtez bizi izan da Monica Bernabe (Bartzelona, 1972) kazetaria Afganistanen, eta joan-etorri ugari egin ditu ostean ere. Orain, fokuek herrialdea utzi dutenean, kezkaz begiratzen dio han gertatzen denari; alde egiteko laguntza eskaerak heltzen zaizkio elkarrizketatu dituen lagunen partetik. Crónica de un fracaso liburua eskutan, egoeraren berri eman du Gasteizen, Maria de Maeztu Forum Feministako kideek antolatutako saioan.     

2000. urtean izan zinen Afganistanen lehenengo aldiz.

Bai, zehazki, ekintzaile afganiar bat elkarrizketatu nuen Bartzelonan, eta, hark azaldutakoarekin txundituta, erabaki nuen joatea. Talibanen lehen erregimena zen orduan, emakumeen egoera azaldu zidan, txundituta geratu nintzen, eta azaldutakoa egia ote zen jakin nahi nuen. Garai hartan Pakistanen zeuden afganiarren errefuxiatu eremuak bisitatzera gonbidatu ninduen, eta udako oporretan joan nintzen bi lagunekin. Han talibanek zuten kontsulatuan turista bisa bat eskatu genuen, eman ziguten, eta hara abiatu ginen, akaso gaztetasunak ematen duen axolagabetasun puntu batekin. Lau egunez egon ginen, ekintzaile honekin batera, noski, eta emakumeentzako eskola klandestinoak bisitatu genituen, orduan talibanek neskeei eta emakumeei hezkuntza debekatu zietelako. Izututa geratu nintzen emakumeen egoera gertutik ikusita, eta baita herrialde osoaren suntsipena ere, hainbat urtetako gerraren ostean.

2006an han geratzea erabaki zenuen. Nolakoa zen egunerokoa orduan?

Nire egunerokoa informazio bila joatea, elkarrizketak egitea eta hango egoera azaltzea zen. Noski, gerrak erabat suntsitutako herrialde batera egokitzeak suposatzen duenarekin. Edozein gauza egiteak lan bikoitza eskatzen zuen, besteak beste, ia elektrizitaterik ez zegoelako; instalatu nintzenean, egunean lau ordu izango genituen, horrek dakarren guztiarekin. Joan-etorriak ere ez ziren errazak. Afganistanen bizi izan nintzen urte guztietan, bahiketa arrisku handia zegoen atzerritarrentzat, eta, beraz, oharkabe nola pasa zen ardura nagusietako bat.

Beltzez jantzita erabat?

Eta egunero beste portaera batzuk nere eginez, agian hemen normalak ez direnak. Tunika beltza janzten nuen, nahiz eta inork ez zidan eskatu, oharkabean pasatzeko modurik onena zelako; etxera itzultzen nintzenean ibilbidea aldatzen nuen, beti ibilbide bera ez egiteko; beti soinean 600 dolar eramaten nituen, Afganistanen kreditu txartelek ez dutelako funtzionatzen, eta badaezpada; konpainia desberdinetako bi telefono mugikor eramaten nituen, batek huts egiten bazuen komunikatzeko aukera izateko; taxi bat hartzen banuen, ez nintzen inoiz etxe aurrean geratzen... Han bizi nintzen azken urteetan, Kabulen mendebaldeko zenbait produktu zituen supermerkatu kate batean egiten nituen erosketa batzuk, eta atentatu suizida bat izan zen supermerkatu horietako baten aurka, atzerritarrek bisitatzen zituzten leku guztiak atentatuen jomuga izan zirelako; ondorioz, nik denbora errekorrean egiten nuen erosketa.

"Emakumeak okerrago daude orain, jakina, baina beti izan dira bigarren mailakoak"

Blindatu baten aurkako atentatu batekin hasten da liburua. Bizi izan zenuen unerik arriskutsuenetako bat izan zen hori?

Ez, ez nuke esango. Tropekin izan nintzen beste batean, aldiz, oinez gindoazen orduan, eta pertsonen aurkako mina bat zapaldu zuen soldaduetako batek. Helikopteroz ebakuatu behar izan zuten, baina gainerako soldaduek, eta ni atzetik, oinez itzuli behar genuen kanpamentura, pentsa nolako tentsioarekin. Gainera, gogoan nuen Emilio Morenatti argazkilariak 2009an hanka zati bat galdu zuela Afganistanen AEBetako tropekin lanean ari zela, gertutik ezagutzen nuen, eta horrek astindua eman zidan; militarrekin nenbilenean hori zen nire beldurretako bat.

Askotan pentsatu al zenuen dena utzi eta alde egitea?

Askotan, askotan... Hainbeste urtetan gorabeherak daude. Eta apalxeago nengoenean pentsatzen nuen, tira, pasaportea eta maleta hartu, eta ospa. Bueltatzeko erraza nuen. Baina beste arrazoi batzuk ere badaude jarraitzeko...

2014an utzi zenuen herrialdea, nahiz eta gero bueltatu zaren. Zergatik erabaki zenuen?

Alde batetik, oso nekatuta nengoen ia zortzi urtez han bizi ondoren. Eta, bestetik, Afganistanekiko interes informatiboa jaitsi zen, batez ere Udaberri Arabiarrak komunikabide gehienetan informazio gunea aldatu zuelako. Zailagoa egiten zitzaidan nire artikuluak saltzea eta, beraz, nire diru sarrerak ere murriztu egin ziren. El Mundo egunkaritik, bestalde, zenbait muga jarri zizkidaten, bere kazetari onenetako bat bahitu ondoren; Javier Espinosa bahitu zuten Sirian, eta niri Afganistanen mugitzeko mugak jarri zizkidaten, beldurrez. Dena askoz zailagoa zen.

2023an bueltatu zara azkenekoz, kamerak joan direnean... Zer aurkitu duzu?

Lehen begiratuan, atentzioa ematen duena da biztanleek erabat aldatu dutela janzteko modua. Gizon guztiak islamiar erara jantzita daude, ohiko blusoi eta galtza bonbatxoekin. Emakumeak tunika beltz edo ilunekin. Eta gehienek musukoa daramate, nahiz eta Afganistanen ez dagoen koronabirusik. Batetik, pobrezia handia. Kabulen emakume taldeak janari eske dendetako ateetan; lehen ez zenuen halakorik ikusten. Eta, bestetik, talibanak euren ibilgailu militar eta armekin dena kontrolatzen. Beldurra sumatzen da herritarren artean. Trafiko handia dago Kabulen, bost milioi inguruko hirian, eta lehen askotan gidariek ez zuten kasurik egiten autoak geldiarazten zituztenean; orain, aldiz, ez da inor ausartzen aginduak ez betetzera, badaezpada. Elkarrizketatu nituen guztiek, den-denek, elkarrizketen amaieran Afganistandik irteten laguntzeko eskatu zidaten.

Zortzi urtez bizi izan zen Afganistanen, eta tarteka bueltatzen da herrialdera; argazkian, 2019an egindako bisita. M.B

Liburuan aipatzen dituzun irudi esanguratsuen artean, bere garaian zinema areto eta liburu denda izandako txoko bat aipatzen duzu.

Bai, kultur etxe txiki eta xumea zen, baina oso polita, eta zinema areto txiki eta liburu denda batekin. Agian munduko gauzarik normalena da guretzat, baina han Afganistanen ez da halakorik, eta gainera areto bat non gizonak eta emakumeak elkarren ondoan eser zitezkeen, Afganistanen ere pentsaezina dena. Bertan, nolabaiteko gaurkotasuna zuten pelikulak eta dokumentalak eskaintzen zituzten, jendeari gogoeta eragiteko balio zutenak. Gaur egun oso zinema gutxi daude Kabulen, eta dauden gutxi horietan dagoeneko zaharkituta dauden filmak eskaintzen dituzte bakarrik, Kung Fu pelikulak funtsean. Iaz joan nintzenean kultur etxea itxita zegoen, eta liburu dendan libururik ez. Kultur etxea bultzatu zutenek jarraitu zuten poesia gaualdi batzuk egiten, afganiarrei poemak errezitatzea asko gustatzen zaielako; baina hasieran emakumerik ezin zela joan esan zieten talibanek, eta gero ezin zutela poesia egiten jarraitu. Argi gera zedin, ekitaldien arduradunari jipoi bat eman zioten, talibanen ohiko modus operandiarekin jarraituz: norbait atxilotu, jipoi on bat eman, eta horrela ziurtatu ez dituzula beraiek nahi ez dituzten gauzak egingo. Kultur etxeko arduraduna izan zen, hain justu, herrialdetik irteteko laguntza eskatu zidan pertsonetako bat.

Oro har, indarkeria gehiago dagoela esan daiteke?

Esango nuke errepresioa handiagoa dela, indarkeria beti egon delako Afganistanen. Nazioarteko tropak han zeudenean ere, gerra irekia zegoen Afganistango armadaren, nazioarteko tropen eta talibanen artean. Eguneroko kontua ziren atentatu terroristak, eta errepidez mugitzea oso zaila zen. Alde horretatik, segurtasuna hobetu da Afganistanen, erasoak egiten zituztenak, minak jartzen zituztenak eta bahiketak egiten zituztenak talibanak zirelako, eta orain haiek daudelako boterean. Beraz, orain talibanekin seguruagoa da, baina errepresioa eta beldurra handiagoa da.

"Nire depresioari buruz kontatutakoak lagun dezake ulertzen errefuxiatuen egoera"

Atzera egin du emakumeen egoerak?

Orain okerrago daude talibanen erregimenarekin, jakina, nazioarteko tropen presentziarekin lortutako aurrerapen txikiak erabat desagertu direlako. Baina ez dira inoiz ondo egon, beti izan dira bigarren mailako herritarrak. Afganistango emakumea beti egon da gizon baten irudiaren mende. Eta kontrola zenbaterainokoa den ikusteko adibide argia da emakume bati zesarea bat egin behar diotenean, modu naturalean ezin duelako: medikuek ez dute ezer egiten senarrak baimen idatzi bat ematen ez badu.

Aipatzen duzun beste adibide bat alaba txikia mutilez janzteko erabakia izan daiteke.

Bai, bacha poss-ek darieraz esan nahi du neskatila mutil bezala janztea. Afganistanen oso garrantzitsua da seme bat izatea; semea, ezkontzen denean gurasoen etxean geratzen da, emaztearekin eta seme-alabekin, eta bera izango da gurasoak mantenduko dituena nagusiak direnean, Afganistanen ez baita erretirorik ordaintzen. Beraz, semeak ziurtatzen du gurasoak mantenduko dituela helduak direnean. Eta familiek semerik ez dutenean, alabak baino ez, tradizioz egiten duten gauzetako bat da alaba gazteena mutilez janztea. Sineskeriek diote modu honetan Jainkoa haietaz errukituko dela eta hurrengo haurdunaldian neska bat izango duela. Neska kalera bidali behar badute, gainera, eskean ibili edo saltzera, uste dute seguruago egongo dela mutikoz jantzita.

Erresistentzia modurik bada emakumeen artean?

Esaterako, eskola klandestinoak ireki dituzte; funtsean, etxe batean irakasle batek eskola ematen die zenbait gazteri. Erresistentzia modu bat da, emakume gazteek ikasten jarraitu dezaten, modu klandestinoan bada ere, benetan etorkizun eskasa duten arren, talibanek lan kualifikatu gehienetatik baztertu dituztelako emakumeak. Emakume gehienek, beraz, itxaropen gutxi dute, ezkondu, seme-alabak izan eta etxea zaintzeaz gainera. Eskaera herrialdetik irtetea da, ez baitute konponbide egingarririk ikusten. Ez dute ikusten talibanak aldatuko direnik edo boterea utziko dutenik, etorkizun hurbilean behintzat. Ez dute etorkizunik ikusten; ez emakumeek, ez gizonek.

"Porrot baten kronika" aipatzen duzunean, nazioarteko lanaren porrotaz ari zara?

Bai. Afganistan demokratizatu egin zela saldu ziguten, eboluzionatu egin zuela, eta hori guztia gezurra dela ikusi dugu. Milioiak inbertitu arren, eta ahalegin handia egin arren, bere kabuz iraun ezin duen estatu baten porrota. Nire ustez, nazioarteko jardueraren akats larrienetako bat zigorgabetasunaren kultura sustatzea izan da. Gobernuan Afganistan suntsitu zuten hainbat gerra kriminal jartzea onartu zuten, eta, jakina, beren interesak bakarrik defendatzen zituen pertsonaiekin Afganistanek ez zuen ezer egiterik. Afganistango Gobernuan jarri zuten jendea pentsaezina izango zen Europako Batasuneko edozein herrialdetan, pentsaezina da gerra kriminalak boterean egotea. Eta hori da nik ere galdetzen dudana. Zergatik onartu edo bultzatu zen hori? 

'Freelance' modura ibili ostean, gaur egun Ara egunkari katalaneko erreportaje handien atalean egiten du lan. M.B.

Liburuan zure alde pertsonalena ere azaleratu duzu. Afganistanen izandako urteek utzitako depresioa. Zergatik kontatu nahi zenuen?

Kontatu nahi izan dut jendeak uler dezan zer den horrelako herrialde batean bizitzea. Eta, era berean, erakusteko niri hori guztia gertatu bazitzaidan, behatzaile soila izanik eta gauza larririk bizi izan gabe, zer ez duten jasango halako herrialde batean bizi izan diren errefuxiatuek, etxea, familia atzean utzita eta leku arrotz batera iristen direnean. Noski, haiek jasaten duten karga emozionala eta faktura emozionala handiagoa da.

Beste modu batera egingo zenituzke gauzak orain?

Gertatutakoak ikusita, erraza ondorioak ateratzea. Agian nire bizitza pertsonalari leku gehiago emango nioke, horrek ere lagunduko lidake. Asteko zazpi egunetan egiten nuen lan, eta agian hori moztu beharko nuke. Baina, logikoa denez, Afganistanen bizi ondoren mendebaldeko herrialde batera itzultzeak dakarren inpaktua eta shock-a ezinbestean izango dituzu.

"Uste dut jendea ez dela kontziente kazetaritzak duen garrantziaz"

Hasiera batean, Bartzelonan, ezin zenituen eguneroko eszena arrunt batzuk jasan: jendea mobilarekin metroan bideo arinei begira... Denborarekin erlatibizatzen ikasten da?

Bai, ikasten da, baina gauza batzuek ernegatu egiten naute oraindik. Kazetari gisa, batez ere, sutan jartzen nau komunikabideek zertan jartzen duten arreta. Albiste askok inolako interesik ez dutela iruditzen zait, edo askotan bozgorailu lana egitera mugatzen garela, beste gauza batzuetara dedikatu beharrean: gai sozialen benetako arazoa zein den azaldu, eta guk ikustea nahi ez dutena ikustaraztea.

Kalitatezko kazetaritza baten aldeko defentsa sutsua egiten duzu, baldintza onetan lan egiten duten kazetariekin.

Uste dut jendea ez dela kontziente kazetaritzaren garrantziaz, zein erraz manipulatu daitekeen gizartea informazio onik ez badago. Ez dut esaten kazetariak aberastu behar direnik, ezta gutxiagorik ere, baina informazio ona ordaindu egin behar da. Asko kobratzen duten kazetariak daude, eta gero miseria hartzen duten beste gehienak. Freelance modura aritu naiz, eta badakit zein den gehienek bizi duten egoera. Beste ohitura txar bat ere badugu herri honetan: denak gara jankintsu gai guztietan. Egun batean Afganistanen inguruan hitz egiten du harek, eta bestean Ukrainari buruz. Eta denetan aditua da. Eta hor kazetariak sartzen gara. Niri ez zait gustatzen ezagutzen ez ditudan gauzei buruz hitz egitea, baina badakigu lankide asko solasaldietara joaten dela egunero gauza desberdin batez hitz egitera.

Nazioarteko tropek alde egin ostean, 2021ean, talibanen esku geratu da Afganistan. Argazkia. Monica Bernabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago