'Elkar mugituz egingo dugu' izango da Euskaraldiaren leloa

Jon Flores 2024ko urr. 28a, 13:34

Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Euskaraldia

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian, ekimena "ulertzeko modua aldatzea" proposatu dute antolatzaileek.

2025eko udaberrian egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioak Elkar mugituz egingo dugu izango du lelotzat, joan den ostegunean ekimenaren antolatzaileek iragarri dutenez.

Aurreko hiru edizioak kontuan hartuta, 320.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekitaldi honetan, euskararen aldeko ariketa soziala "urtez urte arrakastatsu" bilakatuz. Hala ere, antolatzaileek diote ekimenak mugak ere dituela: "Euskaraldia ez da kanpaina huts bat: ariketa sozial bat da: euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa", ohartarazi dute.

Horregatik edizio berrian Euskaraldia "bizi eta ulertzeko modua" aldatzea proposatu dute. Ekitaldiaren lelo berriak mugimenduari, emozioei eta pertsona batek bestearengan duen eraginari egiten die erreferentzia. Euskaraz hitz egitean, solaskideak ere hizkuntza berean hitz egitera animatu dituzte, "efektu biderkatzailea" lortuz.

Gainera, Euskaraldiak "sakontasun emozional kolektiboa" ere badaukala adierazi dute antolatzaileek, edozein euskal herritako jendea batzen baitu ekimen batean. Hortaz aparte, Euskaraldiaren oinarrizko funtzionamendua mantenduko da: partaideek ahobizi edo belarriprest rola hartu eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita daukatela, euskaraz ahalik eta gehien mintzatzen saiatuko dira.

Entitateek jada izena emateko aukera daukate euskaraldia.eus webgunean. Herritarrek, berriz, martxoan izango dute ahobizi edo belarriprest bezala izen emateko aukera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago