Planeta sariak banatzeko Bartzelonan egin den jaitik bueltatu eta gutxira bertaratu da Lantziegora Isabel Mellen (Gasteiz, 1986) filosofo eta historialaria, bertan latsarien gaineko hitzaldi bat ematera. Besapean El sexo en tiempos del románico (Crítica) bere azken liburua ekarri du. Eliza askotan agertzen diren sexu irudiei begirada berria bota die, ikerketan generoaren ikuspegia txertatuz.
Nolakoa izaten ari da Crítica bezalako zigilu batekin liburua ateratzea? alde asko dago?
Ezin daiteke parekatu, nik neuk lan egiten nuen argitaletxe txiki batekin ateratzetik Planetarekin ateratzera, alde handia dago. Erabaki asko alde batera utzi ditzakezu, eta zure burua zuzenean idaztera bideratu. Oso pozik nago diseinu taldearekin, editoreekin… badakite liburua nola mugitu behar den. Buruko bake gehiago ematen dizu horrek. Halere, ikerketa eta idazketa prozesua ez da erraza izan, haurdunaldi bat eta bigarren semearen jaiotza tartean egon direlako, eta, gainera, UNEDen lan egiteaz gain, Zaragozako Unibertsitatean ere klaseak ematen hasi naizelako. Baina oso pozik nago, egia esanda, eta proiektu pila bat irekita ditut gainera.
Irudien interpretazioak beti alde subjektiboa dauka. Zure kasuan, ordea, atzean badago oinarri teoriko bat...
Bai, besteak beste, irudiaren teoriari buruzko nire doktoretza tesiaren aipamen arin batzuk ere badira liburuan, eta alde teoriko hori baliagarria izan zait Erdi Aroko irudiak irizpidez aztertzeko. Dena dela, subjektibotasuna baino, esanahiaren aldakortasun bat dagoela esango nuke; hainbat aldagaien araberakoa da hori: irudia nork sortzen duen, zer testuingurutan gertatzen den, eta zeinek ikusten duen, besteak beste. Horrek guztiak eragiten du interpretazioak unibokoak ez izatea. Ezin gaitezke iritsi erromaniko sexualera eta esan biluzik dauden guztiak lizun batzuk direla. Erabateko sinplifikazioa da hori, eta irudi bakar bat ezartzea suposatzen du. Gure garaiko begirada da, gainera. Hori dela eta, egon daitezkeen begirada guztiak bildu behar dira. Eraikin bakoitza hartu, eta galdetu zeinek eraiki duen, zertarako, zer esan nahi zuen… Hala, liburu honetan saiatu naiz askotariko ikuspegiak mantentzen. Tartean, talde sozialik kanpoan ez uzteko. Bazirelako homosexualak, transexualak, gizonezkoak, emakumezkoak, sexua tabutzat hartzearen aldekoak eta kontrakoak…
Akademian seguruenera eszena horiek bekatua adierazten zutelako ideia da zabalduen dagoena. Zertan oinarritzen zara hori hala ez zela argudiatzeko?
Lehenik eta behin hau noiztik ikertzen den aztertu dut. Erromanikoaren gaineko lehen ikerketak XIX. mendekoak dira. Ordura arte ez dakigu, adibidez, Barrokoko jendeak zer nolako iritzia zuen irudi horien inguruan. Oro har, bi korronte historiografiko daude. Lehena, Erromaniko lizuna. Izendapena bera oso adierazgarria da. Baina, zergatik hartzen dituzte lizuntzat eliza batean zerbait normal bezala txertatuta dauden irudi horiek? Lizuntzat hartzean, zure begirada ezartzen ari zara. Apaiz baten begirada, finean. Gainera, garai horretan. XX. mendearen hasieran bereziki, eliza askotan eraso ikonoklastak gertatu ziren, batez ere apaizen eta herriko jendearen aldetik. Ondorioz, izaera sexuala zuen ondare honen zati bat desagertu da, edo lekuz mugitu dute. Erasoak beti irudi hauei dagokie, ez besteei. Bigarren jarrera Erromaniko erotikoa izan da. XX. mendearen erdiko aldean, Espainian destapea eta askatasun sexuala hasi zenean. Honetan, finean, desira maskulinoaren helburu bihurtu ziren irudiok. Baina bi begiradak guztiz maskulinoak izan dira. Adibidez, erditze eszenak lizuntzat hartzen ziren, eta hori, noski, ez da begirada femenino bat.
Zer nolako irudiez ari gara?
Askotariko irudiak daude: edoskitzea, amatasuna edo aitatasuna azaltzen dutenak, desira, erotismoa, bere garaian erotikotzat jotzen ziren santuen martirioak… baina garai horretan sexualitatea ez zen erotikoa. Jendea ohituta zegoen gainontzekoak biluzik ikustera, koitoak publikoak ziren, denak bizi ziren gela berean… dena ikusten zuten. Gizarte horretan ez zeukaten taburik, baina gurean bai. Horregatik kostatzen zaigu ulertzea. Genitalek ez zuten kitzikapenik sortzen, ezta koito esplizituek ere. Irudi horiek gehiago jotzen dute boterearen bidetik, desirarekin zerikusirik ez duen diskurtso politiko baten haritik, hain zuzen. Bi begirada horiek presentistak dira. Horregatik jo dut Erdi Arora, eta garaiko testuetan arakatu dut, bertako irudiak ulertzeko moduko testuinguruaren bila. Eta, jardun horretan, ahots asko sartzen ahalegindu naiz.
"BILUZIK AGERTZEN DIREN GUZTIAK LIZUN BATZUK DIRELA ESATEA ERABATEKO SINPLIFIKAZIOA DA"
XI. mendean aldaketa garrantzitsu bat egon zela aipatu duzu. Zertan zetzan?
Mende horretatik aurrera sexuari buruzko bi ereduen arteko talka bat dago. Batetik, mugarik ez zuen eta gainezka egiten zuen nobleziaren sexualitatea zegoen. Bestetik, eliza katolikoan indarra hartzen ari zen sektore baten ikuspuntua. Hori aise ikusten da elizetako irudietan, eta nik liburuan horien sailkapen bat egin dut. Hor argi ikusten da esplizituen diren irudiak landa eremuko elizetan agertzen direla. Nobleziarenak dira horiek. Hori jakin badakigu, batetik, dokumentazioan azalduta agertzen delako. Baina agiriak falta direnean ere, argi dago nobleziarenak direla, haiek irudietan azaltzen zirelako. Kontua da sexualitatea dela noblezia honen boterearen oinarrietako bat. Eurek eugenesia praktikatzen dute, odol urdintzat ezagutzen den hori mantentzeko. Beren artean ugaltzen dira. Aintzat hartu behar da beraientzat irudia oso garrantzitsua dela, leinuaren baloreak nabarmentzeko modu bat delako. Gizonen artean, gerra balentriak dira gehien nabarmentzen direnak, edo ehizan harrapatutako piezak. Nobleziako emakumeen artean, berriz, ohorearen kudeaketa zen beren zeregin nagusia: familiaren izen ona sustatzea; azken finean, irudien bitartez, propaganda politikoa indartzea. Eta bai emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat, bientzat sexualitatea balore positiboa da. Hori da gainerako gizartetik bereizten dituena, eta, horregatik, argi erakusten dute sexualitate hori beren elizetako irudiotan. Gainera, oro modu agerikoan erakutsiko dute. Aztertutako irudietan, nobleziaren orgiak aurkitu daitezke; koitoak, festen ondorengo gehiegikeriak. Eta hor irudiak bat datoz dokumentuekin, garaiko literaturan ere giro hori luze eta zabal islatzen delako.
Baina, honen aurrean, elizaren jarrera zegoen, ezta?
Hala da. Elizak, berriz, ez zuen horrelakorik egiten, justu une horretan aldaketa garrantzitsu bat gertatzen ari zelako. Elizgizonak une horretan konturatu ziren botere politikorik ez zutela. Kontrako irudia dagoen arren, Elizak oraindik ez zuen aginte handirik mende horietan. Enperadoreak ziren, funtsean, aita santuak jarri eta kentzen zituztenak. Baina Elizaren baitan pixkanaka gutxiengo bat nabarmentzen hasi zen, eta, hasiera batean arrakasta handirik izan ez zuten arren, azkenean, mendeen poderioz, rigoristak gailendu ziren. Hauek saiatu ziren nobleziaren oinarriak ahultzen. Besteak beste, zelibatua inposatu zuten, eta sodomia hitza erabiltzen hasi ziren. Geroago, gainera, sodomia bekatu izatetik delitu izatera pasa zen. Modu horretan, gorroto diskurtsoak garatzen hasi ziren; jarrera homofobo eta misoginoak. Prozesu luze eta geldoa izan da, XIX. eta XX. mendeetara iritsi arte. Orduan, hezkuntzaren kontrolarekin, Elizak sexualitateari buruzko mezuak kontrolatzea lortu zuen. Horregatik esan daiteke gaur egun sexualitateari buruz ditugun tabuak XI. mendekoak direla, baina mendeak pasa behar izan dira guztiz inposatuak izateko.
Homosexualitatea azaltzen duten irudiak ere interpretatu dituzu...
Bai, baina nik homoerotismoa deitzea nahiago dut; genero bereko pertsonen arteko maitasuna. Azken finean, Erdi Aroan gizartea oso zatituta zegoen, gizonezkoak gizonezkoekin zeuden gehienetan; eta, emakumezkoak, beste emakumezkoekin. Baina garai horretan, adibidez, gizonezkoen arteko musua ohiko modua zen basailutza adierazteko. Guztiz normalak ziren, eta horrela azaltzen dira irudietan. Baina denborarekin gizonen arteko imintzio horiek desagertuz joan ziren, ez zirelako ondo ikusten. Emakumeei dagokienez, harreman lesbikoak aurkitzea zailagoa da, horiek historian zehar are ezkutuago mantendu izan direlako.
"HARREMAN LESBIKOAK AURKITZEA ZAILAGOA IZAN DA, HORIEK EZKUTUAG0 MANTENDU DIRELAKO"
Aristoteles eta emakumearen orgasmoa lotzen dituzu liburuan. Azaldudazu hau, arren!
Bai, kontua da XIII. mendean Aristotelesen ikuspuntua berreskuratu zela, eta horrek emakumearen orgasmoari garrantzia kentzen zion. Baina, horren aurretik, Erdi Aroan zeuden sinismenek zioten ugaltzeko orgasmo femeninoa ere ezinbestekoa zela, uste zelako, emakumearen organoak gizonezkoaren inbertsioa zela. Gizonezkoan barrabiletatik hazia ateratzen den modu berean, obarioetatik ere haziren bat ateratzen zela uste zuten, eta hori ere orgasmoarekin batera isurtzen zen. Bi orgasmoak beharrezkoak ziren, beraz. Modu berean, uste zen ugaltzeko beharrezkoa zela gizonezkoek zakil handia izatea, eta horregatik horrela irudikatzen dira, batzuetan modu agerikoan, eta, besteetan, metafora modura, kornukopia baten bidez. Irudi batzuetan ere agertzen dira hankak atzerantz jarrita eta alua modu agerian azaltzen dituzten emakumeen irudiak, jarrera horrek haurdun geratzea errazten duelako, hazia ondo sartu aldera.
Araban, zeintzuk dira erromaniko sexualaren adierazpen hoberenak?
Agerikoena Santa Maria de Toberako elizarena da, bertan daudelako sexu irudi esplizitu gehien. Bestetik, Alaitzako margoetan, adibidez, oso ondo adierazita daude leinuari lotutako adierazpenak. Dakizunez, margo horiek oso interesgarriak dira, eta, bide batez, esango dizut Gorka Lopez de Munainek eta biok laster horien inguruko beste liburu bat aterako dugula. Modu berean,Tuestan agertzen den irudi bat oso adierazgarria da: gizon batek zuzenean andre baten aluan eskua sartzen. Azkenik, Estibalizen, oso ondo ikusten da sexu errepresioa. Kluniazensea izanik, ordena horrek sexuaren inguruan duen ikuspuntua zorrotzenetakoa delako. Penintsulako adibide adierazgarrienetakoa da.
Zer nolako feedbacka jaso duzu orain arte?
Ona, bai mundu akademikotik zein kanpotik ere. Nire liburuek paradigma aldatzen duten horietakoak direnez, oso metodologia akademikoa jarraitu behar dut, argi frogatzeko ez naizela gauzak asmatzen ari. Baina ez dut nahi mundu akademikotik kanpo dagoen jendea horretaz ez jabetzea, eta horregatik edozeinek irakurtzeko moduko liburua idatzi dut.