Oporretan orain hogei bat urte Espainian ministro izandako emakume bat ezagutu dut. Berak ez zuen kontatu eta ez daki badakigunik. Bidaide bati abizena ezagun egin zitzaion eta Googlen bilatu zuen. Denak bilatu gaituzu, galdetu nion, eta ezetz, hura baino ez. Gaitzerdi.
Ez dugu egunero izaten ministro bati usaina hartzeko aukerarik eta nik ere haren arrastoari jarraitu nion. Wikipedian bere biografia topa daiteke, batez ere bere ibilbide profesionalari lotutakoa. Badakigu zer ikasi zuen eta non aritu den lanean, politikan ardurak hartu aurretik eta utzi ondoren.
Itzuli ginen etxera eta gertuko bati kontatzean, hark ere, nola bestela, Googlen bilatu zuen. Zuzenean bikote izan zuen gizonaren heriotzaren berri ematen zuten albisteak bistaratu zizkion, baita ministro ohiak orduko Twitterren haren omenez idatzitakoak ere.
Agintea eta publikotasuna biak eskutik joan izan dira, baina ez dago argi zer izaten den lehenago, boterea edo fama
Zutabea idazten ari naizela berriro bilatzailera jo dut. Bere alderdiak baztertu-edo egin du azken urteetan, Ceuta eta Melilla Marokori itzuli behar zaizkiola batean eta bestean zabaldu duelako. Espainian zeukan eragin politikoaren gainbeheraren jarraipena egin dezake interesa duenak.
Zer dauka publikotasunak pertsona batzuentzat horren erakargarri egiten duena? Ba gutxienean, boterea. Agintea eta publikotasuna biak eskutik joan izan dira, baina ez dago argi zer izaten den lehenago, boterea edo fama: botereak pertsona publikoa izatea dakar ordainetan, edo pertsona publikoa izan gabe ez dago aginpidea eskuratzerik?
Azken urteotan bada bilakaera bat, bizitza pribatua aktibo politiko moduan ulertzekoa, eta ondorioz, oihartzuna izateko norbera espektakulu bilakatzekoa. Badirudi lehendakari izan nahi baduzu, erakusleihoan paratu eta dantzatzeko prest egon behar duzula, Trump, Ayuso eta Mileiren estiloan.
Herri honetan gerria gutxi mugitzekoak izan gara, horrek halakoengandik salbatuko al gaitu?
Gure Lopez de Arbina
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.