Indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituen Hegoak foru zerbitzuak laguntza eskaeren igoera oso nabarmena izan du azken bost urteetan. Arabako Gizarte Zerbitzuen Behatokiak jaso dituen datuen arabera, sexu erasoen eta tratu txarren biktimei laguntza psikologikoa emateko zerbitzuan izan dute eskaeren portzentajezko igoerarik handiena, %29,3koa. Izan ere, 2019an 1.092 emakume eta haien ardurapeko adingabe artatzetik, 2023an 1.412 biktima artatzera igaro da zerbitzua. Arreta soziojuridikoa ematen duen zerbitzuak, berriz, laguntza eskaeren %52,4ko igoera izan du azken bost urteetan, 223 biktima artatzetik 340 artatzera igaro baitira bertan profesionalak.
Infogram
EH Bilduko batzarkide taldeak egindako galdera bati erantzunez, Gizarte Ongizateko foru diputatu Gorka Urtaranek berretsi du Hegoak foru zerbitzura jotzen duten emakumeen kopuruak gora egiteak itxaron zerrendak gero eta gehiago luzatzea ekarri duela. Hala, emakume batek laguntza psikologikoa emateko zerbitzuan hitzordua eskatzen duenetik artatua izan arte, 31 egun itxaron behar du batez beste. Orientazio Juridikoko Zerbitzuan, berriz, bederatzi eguneko itxaronaldia dago, batez beste.
Gizarte Ongizateko foru diputatuaren azalpenen arabera, laguntza psikologikoko zerbitzuan hamabost psikologo daude beharrean, horietako bederatzi jardunaldi osoan, eta besteak jardunaldi partzialetan. Administrari laguntzaile batek ere ematen du arreta bertan, lanaldi osoan. Orientazio juridikoko zerbitzuan berriz, bi abokatu daude lanaldi partzialean. Abokatu batek astelehenetan (09:00-14:00) eta asteazkenetan (15:00-20: 00) artatzen ditu biktimak, Gasteizen. Beste batek bi ordu astean egiten du Berehalakoan Hartzeko Zentroan, beste bi ordu astean Aiaran, bi ordu hilean Oionen eta bi ordu hilean Guardian.
Tximeletak zentroa
Hegoak zerbitzuaren itxaron zerrenda murrizten saiatzeko, hainbat neurri jarri ditu abian foru aldundiak, EH Bilduren galderari erantzunez Urtaranek zehaztu duenez. Garrantzitsuena sexu indarkeriaren biktimei laguntza integrala eta espezializatua emateko Tximeletak zentroa da, urteko 365 egunetako 24 orduz arreta ematen duena.
Maiatzean aurkeztu zuten zentro berria, baina urte amaierara arte ezingo da erabili, lokala egokitzeko lanak amaitzen diren arte hain zuzen. Obra amaitu eta lokal berria hornitu ondoren, Hegoak foru zerbitzua ere kokapen berrira eramango dute, "erasotzaileentzako arreta psikologikoa izan ezik. Azken horrek egungo kokalekuan jarraituko du, biktimenetik bereizita", azaldu du Gizarte Ongizateko foru zerbitzuak.
Tximeletak sexu indarkeriaren biktima diren 18 urtetik gorako emakumeei eta adingabe emantzipatuei zuzenduta dago, berdin dela indarkeria hori iraganean edo duela gutxi gertatu den.
Indarkeria matxistaren biktimak hobeto eta azkarrago artatzeko baliabide berriarekin batera, Gasteizen arreta zuzeneko ordu gehiago ematen dute apiriletik aurrera, Gizarte Ongizate sailaren arabera. Halaber, Hegoak zerbitzura sartzeko erraztasun gehiago emateko mekanismoak martxan jarri dituzte, hala nola aurretiko hitzorduak emateko kasuan. "2023an aurretiko hitzorduen sistema hobetu da, online hitzorduak sartuz (lehen telefono bidez bakarrik egiten ziren). Horrekin batera, hitzorduak baliogabetzea errazten da, eta sarbide unibertsala errazten da, aurretik murrizketarik edo baheketarik egin gabe, edozein biktimari arreta ematea erraztuz eta berriro biktimizatzea saihestuz".
Era berean, ahal den neurrian huts egindako lehen hitzorduak ezabatzeko, hitzorduak bertan behera uzteko aukera ikusgarriago egin dute web orrian, eta telefonoz ere egin ahal da. Gainera, astebete lehenago Hegoak elkartetik telefonoz gogorarazten da hitzordu berriak dituzten emakumeak. Hala, emakumeak Hegoak zentrora ez joatea erabaki badu, une horretan bertan behera utz dezake hitzordua.